Biografías - Ver ficha   Más información sobre esta sección

Manuel Olaizola "Uztapide"

Datos personales

Nombre
Olaizola, Manuel "Uztapide"
Nombre y apellidos completos
Olaizola Urbieta, Manuel
Nacimiento
1909 Endoia + Endoia < Zestoa < Urola Kosta < Gipuzkoa < Euskal Herria
Defunción
1983 Ergoien + Ergoien < Oiartzun < Oarsoaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolarismo

Principal dedicación
Bertsolari
Dedicaciones
Seleccionador de temas

Datos biográficos

Biografía
Inazio Paulo Olaizola (Endoiarra) eta Maria Bizenta Urbieta Azpiazuren (Itziartarra) semea, zortzi senidetan laugarrena. Kontxi Iturain Etxeberriarekin, Krixoxtomo Iturainen alaba, ezkondu zen 1952an Oiartzunen; bi seme izan zituzten, baina aurrenekoa jaiotzean hil zen. Bigarrena, Manuel Olaizola Iturain. 1922 inguruan, 13 urte zituela, urtebeterako Arabako Zurbanora bidali zuten gurasoek erdaraz ikasi zezan; 14 urtez gero, baserri eta mendiko langintza gehientsuenak probatu zituen: artzaintza, karegintza, ikazkintza, egurketa... harik eta fabrikan lanen hasi zen arte.

1935ean hasi zen bertsotan jendaurrean eta 1972an isildu zen; bertsolari batek eskura dezakeen guztia lortua zuen ordurako. 1962, 1965 eta 1967an Euskal Herriko txapeldun izan zen, eta 1936an eta 1960an bigarren. Gerra ondorengo aroan, Basarri eta Lasarterekin batera, bertsolaritzaren izen nagusia izan zen. Bertsotan hizkera garbiko eta arrazoi argikoa izateaz gain, edozein egoeratara moldatzeko aparteko dohaina zuen behatzaile zorrotz honek. Joan den mendeko bertsolaririk maitatuenetako bat.

1972ko apirilaren 30ean, Donostiako Anoeta pilotalekuan (Atano III.) Argia astekariaren aldeko jaialdi bat burutzen ari zelarik, ahotsik gabe, mutu, geratu zen jaialdi erdian; hala ere, 1972ko maiatzaren 2an, Zestuan, kantatu zuen azkenekoz jendaurrean Lilibe, Basakarte eta Manuel Olaizola "Uztapide II" bere iloba besotakoekin; handik gutxira, maiatzaren 10ean, 63 urte betetzen zituen egunean, tronbosi atake bat jasan zuen eta ez zuen gehiago bertsorik kantatzerik izan. Gizon serioa zen. Kanpoko kontuei buelta asko ematen zizkion eta ez zuen inork molestatzea nahi izaten. Etxean ez zuen bertsotan egiten, bere tabernan ere gutxi.

Ekoizpen aldetik, bertsolaria, aurrez aurrekoa, zuzenekoa, da batik bat eta ezbairik gabe Uztapide. Bere bizikizunen testigantza utzi zigun "Lengo egunak gogoan" idazlanean, herri literaturaren gordailu paregabea. Ez zen bertso-jartzailea, bere zentzu osoan, baina "Sasoia joan da gero"-k bertso-jartzaile bezala katalogatzea derrigortu gaitu. Uztapide bertsolaria, bat-batekoa, da ordea ezaguna, ezagunena: hirutan Euskal Herriko txapelduna; herriz herri hamaika giza talde gozatutakoa bere bertso eta jardunez; etorri handikoa eta ahots sakonekoa; herri esamoldeen ezagutzan eta baliatze ahalbideetan maisu; hiru bertsolari jenerazioetara egokitzen asmatu eta guztien errespetua eta ezagutza eskuratu zuena. Bertsolaritza eta ahozkotasunaren historiako izarretakoa da ezbairik gabe; bere garaiko bertsolari eta bertsozaleen gogo-bihotzetan iltzatua geratu den bertsolaria eta gizona.

"Sasoia joan da gero" ez da, izenak adierazi eta hitzaurrean berak aitortzen duen bezala, bere sasoi hoberenean egindako lana, eta ez digu Uztapide bertsolariaren benetako neurria ematen; bertso idatziak dira gainera, jarriak, eta benetako Uztapide ezagutu nahi duenak bere bat-bateko ekarria ezagutu behar du.

Besterik da "Lengo egunak gogoan", bere pentsamendua, oroitzapenak eta bizikizunak hitz lautan: ahozko literaturarik behinekoena idatziratua, papereratua. Besterik beste, han hemenka barreiaturik bada ere, berak eta berarekin ibilitako hainbat bertsolarik botatako zenbait bertso, bertsolariaren larritasunak, bertsogintzaz dituen zenbait ikuspegi eta bertsolaritzaren historiako pertsonai eta pasarte interesgarri eta garrantzitsu ugari aurki daitezke liburuki hauetan.

Comienzos en el bertsolarismo

Lehen plaza
Lastur (1935 , San Nikolasak) Kortatxo kantukide zuela