Bertsos - Voir fiche   Pour savoir plus sur cette section

2010-02-20 Lezo Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu Muñoa

Bertsoa entzun  

Information genérale

Kategoria
Bat-batekoa
Représentación
2010-02-20 Lezo Jaialdia
Gai-emailea
Jauregi, Saroi
Bertsolaris / Auteurs
Arzallus, Amets
Colina, Sustrai
Gaztelumendi, Beñat
Irazu Muñoa, Jexux Mari
Exercice
Launaka gaia-emanda
Sujet proposé
Adituen arabera, hamabost egunez behin hizkuntzaren bat galtzen omen da munduan, eta gure hizkuntza ere ez omen dago erabat salbu.

Description

Air
Elizan sartu ziradenian A
Nom de la strophe
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Localisation

Localisation
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Collection / Fond / Projet
Bapatean Bilduma

2010-02-20 Lezo Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu Muñoa

Nom de la strophe:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Localisation:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A. Arzallus:

Beraz Indian agonian ta
gu're berdintsu gabiltza
ihartzen doa hizkuntz ezkurrak
sortzen dituen haritza
baina nahiz eta pena haundia
dugun itzaltzea hitza
hutsa litzake bat hil aldiko
beste bat sortzen balitza!


S. Colina:

Enbor beraren adar baitira
zaharra eta gaztea
hiru baldintza behar ditugu
salbatzeko desastrea:
lehenbiziko umeak egin
ta bigarrena heztea
ta hirugarrena hezkuntza hortan
euskeraz irakastea.


J. M. Irazu:

Gurea ere ez dala salbo
horrela ikusten det nik
baino hala’re zergatik gabiltz
negarrai hauspo emanik?
Lehen lerrora begiratuta
egia garbi esanik
nola pentsatu euskera ere
belaxe hil behar danik?*


B. Gaztelumendi:

Baina bidea erakusten du
hainbeste hizkuntza hautsik
ta baldintza bat soilik daukanez
edozein hizkuntza bizik
euskeraz jarri behar da triste
pentsakor edota pozik
ez desagertzen ari delako
behar degulako baizik.


A. Arzallus:

Hizkuntza bat da urteetako
harremanen eragina
ta memoria kolektibo bat
ilusioa ta mina.
Biziduna da ta geu bezela
behin sortuko zen jakina
baina pertsonak bezela ez da
gero hiltzeko egina.


S. Colina:

Hizkuntza bat da leiho zabal bat
mundu osoa duna zai
nahiz ta gurea apurka galtzen
dijoan garairik garai
egoerari buelta ematen
asmatu leike nolanahi
bai terrenoa galdu liteke
baina konkistatu ere bai.


J. M. Irazu:

Milaka urteetan iraun duena
ez beti plaza askean
geuretik sortzen geurea emanez
ta ez besteri eskean.
Aurrera ere segiko degu
bide beretik eustean
ta arriskua etorriko da
duda egiten hastean.


B. Gaztelumendi:

Baina zalantzak sortu ohi dira
kontra badago haizea
bi haundi izan ondoan eta
zail da txikira biltzea.
Bi astetik behin gertatzen bada
hizkuntza baten hiltzea
soluzio bat bakarra dago:
egunero erabiltzea.


A. Arzallus:

Eta hara zer gauza dituen
betiko erabilerak:
orain kutreak ta guaiak dira
lehen laiotz ta eguterak.
Nahiz batzuk esan gorde beharko
direla lehengo manerak
egunero hilez eta berpiztuz
bizi behar du euskerak.


S. Colina:

Lehen piztu eta itzali zena
orain dira off eta on.
Halan ta guztiz lehengoai egin
behar diogu jaramon.
Egun batean sentitzekotan
euskera bete zorion
Patxi Lopezek noiz ikasiko
ezin gintezke zai egon.


J. M. Irazu:

Iturgaitzek’e ikasi zuen
nahiko estu eta larri
Patxi Lopez’e gure sailera
beharko da erakarri.
Bertsoak behintzat eutsiko dio
arimaren zati horri.
Inoiz erderaz hasten bagera
ez entzutera etorri.


B. Gaztelumendi:

Ikastoletan ikasten dena
bakarrik ez da euskera
euskera baita egiten dena
tabernan belarri ertzera.
Hizkera aldatu arren luzatu
dezagun erabilera
gu elkartzeko gai izan dadin
hemendik ehun urtera.


___________
*Gaztetxo multzo bat zegoen lehen lerroan eserita.