Bertsos - Voir fiche Pour savoir plus sur cette section
2015-04-30 Gasteiz Jaialdia [Bertsoa] / Miren Amuriza, Oihane Perea
Bertsoa entzun |
2015-04-30 Gasteiz Jaialdia [Bertsoa] / Miren Amuriza, Oihane Perea
Nom de la strophe:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localisation:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
O. Perea
Guapa ipini zara gaurkoan
hori onartu beharko
nire Mirenek ezpainak gorri
ditu beti festarako
ta labadora bikote legez
dudala hemen nago bapo
pijama garbi euki dezazun
berriz zatozenarako. (bis)
M. Amuriza
Ezpainak pintau eta airosa
joan naiz Oihane kalera
negu osoa pasatu baitut
izara zaharren antzera
umedadean usaina kendu
ezinik erdi artega
ta izarak legez neu be irten naiz
apurtxo bat haizatzera. (bis)
O. Perea
Egia da bai haizatu gabe
daukagu gure izara
ta nik kalean ez dut egin nahi
gaurkoan barre ta algara
sofan etzanda porru bat erre
ta nere onena atara
batzu-batzutan bakardadea
gauza zoragarria da. (bis)
M. Amuriza
Gonbidapena egina dizut
ta zuk berehala uko
sofan etzanda egon nahi duzu
eguna gautu orduko.
Zatoz kalera ta hartu haizea
ez baitzaizu damutuko
ze lanpararen argiarekin
ez zara morenatuko. (bis)
O. Perea
Lasai itzali egin behar dut
gure gelako argia
bakardadea plazer txiki bat
dela dugu nabaria.
Joan behar naiz goxo lotara
ta egin behar dut orgia
sofan mantita utziko dizut
zure kontu gosaria. (bis)
M. Amuriza
Telefonotik hamar minutuz
ika-mikan dihardugu
ta hala ere adostasunik
ez datorkigu seguru.
Ados, joan zaitez ohera eta
noanean buruz buru
zer deritzozu izarak legez
elkar astintzen badugu? (bis)