Bertsos - Voir fiche Pour savoir plus sur cette section
2023-07-12 Getxo Jaialdia [Bertsoa] / Kerman Diaz, Julio Soto
Bertsoa entzun |
2023-07-12 Getxo Jaialdia [Bertsoa] / Kerman Diaz, Julio Soto
Nom de la strophe:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localisation:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
J. Soto
Ene, ze bero Bardean eta
epel Iruñea murruan!
Gero Gasteiz da Siberia ta
jausten gara amarruan
hargatik daukat irudipena
behin jarriz geure larruan
izaera lar batzen direla
euskaldunaren barruan.
K. Diaz
Bai, bai, nik ere hartzen dizkiot
ezini ezinen zantzuak
hiru miloi ta piko izanda
ezin izan igualtsuak
hotzak, beroak, ausart, lotsati
zintzoak ala faltsuak
gure euskal herri tropikala den
bezain gorabeheratsuak.
J. Soto
Habanan beti dute udara
beti zerbait dantzatuta
guk praka motxak bezperan eta
gaur guardasol bat hartuta
orain gara hotz ta gero bero
ta hau ez da bat’e arrunta
igual horgatik da gure herria
dagoela nahastuta.
K. Diaz
Harrera eta zaintza sareez
gogoratzen naiz hein baten
mila elkartasun jaialdiz edo
Tourreko etapez aurten.
Gu herri itxi ta hotza garela
nahiz igual duten esaten
behar denean ongi dakigu
berotasuna ematen.
J. Soto
Nik aditu dut arreta betez
eman duzun pelikula
zaintza sarea aipatu duzu
ta ez da kalte sekula
bistan da berotasuna ematen
euskaldunok dakigula
baina uste dut denborarekin
ahaztu egiten zaigula.
K. Diaz
Ta Des-kontrolez gogoratu naiz
eslogan baten antzeko
”Burua hotz ta bihotza bero”
kantatzen zen bakoitzeko
apustuzale, futbol-forofo
pertsona metxa motzeko
guk ere ez dugu gehiegi behar
kontrol gabe berotzeko.
J. Soto
Euskalduna da burugogorra
eta ze beso potentzi!
Euskalduna da kalkulatzaile
ta askotan buru-hertsi
herrialde ta jende askeak
izan gaiten bihar-etzi
ze etiketa jartzen zaizkigun
ez dezagula sinetsi.
K. Diaz
Han ta hemengo etiketekin
zer nolako odisea!
Burugogorrak, astokiloak
ta Kantauriko haizea.
Baina benetan gustatzen zaigu
hori aintzat ez jotzea
eta kanpotik jartzen dituzten
klitxeekin apurtzea.