Bertsos - Voir fiche Pour savoir plus sur cette section
1992-11-13 Ataun Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Sebastian Lizaso
Bertsoa entzun |
1992-11-13 Ataun Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Sebastian Lizaso
Nom de la strophe:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localisation:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Egaña:
Bizi nintzala izanagatik
nahiko fede eta kemen,
zerura joanda esan zidaten:
"Sexurikan ez da hemen".
Inpernuraino jeitsi naiz eta
esazu Belzebu, arren:
"Jakin nahi nuke zuen artean
sexurik bai al dagoen. (BIS)
S.Lizaso:
Bejondaizula sartu aurretik
galdezka hasi zera zu,
nahi dezunetik hemen badago
ta ez zaitez jarri izu,
ez zazu uste infernu hontan
bazter danetan danik su,
bizitzan lagun izandakoak
zure zai hemen dauzkazu. (BIS)
Egaña:
Beraz orduko nexkak hementxe
nere sasoia akabo,
inpernu hontan gozatuko naiz
edozein baino gehiago,
ea sexurik bai al zegoen
galdetu dizut lehenago,
beste galdera oraintxe hau da:
Deskantsurik bai al dago? (BIS)
S.Lizaso:
Hemen ez gera presaka bizi
lasaitu zure burua,
nahi bada jardun, nahi bada egon,
bizimodu segurua,
denborarekin aldatu baida
Jainkoaren helburua:
Orain zeruan da infernua
ta infernuan zerua. (BIS)
Egaña:
Beraz zerua infernua da
eta infernua babes,
era hontako paradisuaz
aspaldi egin nun ames,
sexu kontuaN zure menua
kartan aukera leikenez,
astean bitan nahi det gutxinez
eta lau aldiz gehienez. (BIS)
S.Lizaso:
Katalogoa izaten degu
nahi duenaren aukerako,
baina gauza bat esan nahi dizut
zu barrura sartzerako,
leku berrian umil hastea
ez da zeure kalterako,
lehengo andrea ta bi neskazahar
daduzkazu haserako. (BIS)
Egaña:
Beraz menua inposatu dit
ta gainera derrigorrez,
era hortako zoritxarrikan
ez nuen espero aurrez,
zuk jarritako eginkizuna
ez dezaket bete errez,
andrearena pasa liteke
baina neskazaharrena, ez. (BIS)
S.Lizaso:
Orain artean elkarrizketan
pasatu degu denbora,
nere eskeintza zuk onartu ez
hau zelebrezko ganora,
ezinezkoa berriz joatea
hemendikan zeruz gora,
hemen ez dezu sarrerarikan,
segi purgatoriora. (BIS)