Bertsos - Voir fiche   Pour savoir plus sur cette section

1994-08-13 Baliarrain Jaialdia [Bertsoa] / Mikel Mendizabal, Jon Sarasua

Bertsoa entzun  

Information genérale

Kategoria
Bat-batekoa
Représentación
1994-08-13 Baliarrain Jaialdia
Conducteur/trice
Zeberio, Nikolas "Zeberio II"
Bertsolaris / Auteurs
Mendizabal, Mikel
Sarasua, Jon
Exercice
Binaka gaia-emanda
Sujet proposé
Hara hemen bi gazte. Mendizabal neska eta Sarasua mutila. Beste asko bezala oporretan maitemindu egin dira. Neskak, Mendizabalek, erlazio hori oso serio hartu du. Sarasuak, berriz, ez.

Description

Air
Zer da gaur Donostian
Nom de la strophe
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)

Localisation

Localisation
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Collection / Fond / Projet
Bapatean Bilduma

1994-08-13 Baliarrain Jaialdia [Bertsoa] / Mikel Mendizabal, Jon Sarasua

Nom de la strophe:  Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip) 
Localisation:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Mendizabal:
Oporretan gaude ta
herri askotan jai,
eta biok bagera
maitemintzeko gai,
nik broma gutxi daukat
barruan nolanahi,
nahi nuke serioski
hasi eta jarrai,
bakarra zera eta
ez zaitut galdu nahi.(bis)
J.Sarasua:
Udaran lige gabe
ni ezin naiz egon,
irribarre egin nizun
eta zuk jaramon,
geroztik pasa dugu
hainbeste egun on,
ta galdetzen didazu
geroko zer dagon,
garbi esango dizut:
hor konpon Mari Anton!(bis)
Mendizabal:
Mari Anton horrekin
hauxen da hau lana,
batere uste gabe
didazu esana,
ametsetako mutil
zera Jon laztana,
nik serio nahi nuke
gure harremana,
ez al dezu sentitzen
nik senti dedana?(bis)
J.Sarasua:
Zugan ez nun bilatzen
nik neska laguna,
baizik bakar bakarrik
udako jarduna,
a'ze jolas polita
guk egin genduna,
baina ulertu zazu
entzungo dezuna:
ez da berdin sexua
eta maitasuna.(bis)
Mendizabal:
Nik hogei urte dauzkat
berdin da halare,
barrua bihurtu zait
sentimentu jabe,
ta zu jolaserako
prestaturik zaude,
piska bat argitzea
ez al degu hobe,
sexua alperrik da
maitasunik gabe.(bis)
J.Sarasua:
Hori esatea da
gauza atsegina,
baina ez doa hortik
nere ahalegina,
ni holakoxea naiz
jolasa ta grina,
barka iezaidazu
emandako mina,
ta bila zazu zure
printzipe urdina.(bis)
Mendizabal:
Nere printze urdina
zu zerorri zera,
ta ez zaidazu egin
gaurkoan atzera,
aurrera joateko
badegu aukera,
ez al dezu etorri nahi
nerekin batera,
mutilan alden neskak
serioak gera.(bis)
J.Sarasua:
Gure elkarrizketa
ez al da tristea?
gaur etzaigu komeni
gauzak nahastea,
maiteminduta dago
neskatxa gaztea,
baina holako gauzak
hobe da ahaztea,
serioa da gauza bat
tuntuna bestea.(bis)
Mendizabal:
Tuntuna izan ninteke
besterik ezean,
baina sentimentua
daukat bihotzean,
ta zu euki nahi zaitut
neronen ertzean,
ta buka dezakegu
gaurko iluntzean,
serio hasi eta
buka jolasean.(bis)
J.Sarasua:
Neskaren arrazoian
mila enbarazu,
zurea bakarrikan
konprenitzen dezu,
azken bertsoan behintzat
egidazu kasu,
zahartzean serioa
izango zera zu,
gazte zeran artean
aprobetxa zazu.(bis)