Bibliothèque - Voir fiche   Pour savoir plus sur cette section

Jean de Parisen trageria : eskuizkribuen azterketa eta iturriaren moldamoduak

Document: Euskara. Online
Auteur(s)
Mozos, Iñaki
Titre
Jean de Parisen trageria : eskuizkribuen azterketa eta iturriaren moldamoduak / Iñaki Mozos Muxika ; director, Jean Haritschelhar
Publication
1995
Thèmes
Zuberoa
Content
Testu osoa
Autres auteurs
Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ; Haritxelar, Jean
Description physique
646 or. : z.-b. ir.
Typologie
Document
Eduki mota
Thèse
Notes
Euskal Herriko Unibertsitateko doktorego-tesia
Azalean: Tesis Doctoral, UPV/EHU, 1995
Tesi hau euskal herri teatro zaharreko ale baten azterketa da. Zuberoako pastoral bat da, XVIII. eta XIX. mendeetan hainbat alditan emana. Lanak, funtsean, bi parte ditu: alde batetik, pastoral edo trageria horren bost eskuizkribu edo libretoen berri zehatza ematen da: deskribapena, non eta zer egoeratan dauden, zein hizkuntza mota agertzen duten, zein izan ziren pastoralariak, zer pertsonaia agertzen den eta zer alde dagoen haien artean; bestetik, trageriaren iturri narratiboaren azterketa egiten da, XVI. mendeko lehen argitalpenetik XIX.ekoetara egon diren aldaketak nabarmenduz. Zuberoako herri teatroko antzerkiak frantsesezko antzinako narrazioen teatromoldapenak dira, kasu honetan Le Roman de Jehan de Paris, beste obra askok bezala zabalkunde handia izan zuena Europako mendebalean eta zenbait hizkuntza minorizatutan eginiko teatro moldapenetan. Bi parte horien ondoren, lanaren ondorioetan zehazten dira pastoralgile edo errejentek erabilitako iturri narratiboaren moldamoduak. Azterketa horren ondoren testuen aurkezpena dator: eskuizkribu osoena oinarri hartuta, hura ematen da eta besteekiko aldaerak, oharrak eta haietako bertso osagarriak gaineratu. Azkenik, eskuizkribuetako orrialde zenbaiten kopiak erakutsi eta testuotan agertutako hitz aipagarrien zerrenda gehitu da, zein testuingurutan agertzen diren bilatzeko lagungarri.

Euskal Herriko herri teatro zuberotarra, nolabaiteko ospea duen arren, ez da behar beste ikertua izan oraindik. Lan teorikorik badago ere, nabarmentzekoa da teatro zaharreko eskuizkribuen azterketa falta. Horretaz duela zenbait urte konturatuta, hasia nintzen zenbait lan egiten, eta horra non topatu nuen pastoral berezi hau: bai izkribuen azterketan zein teatrora moldarazi den nobela frantsesaren edizioen miaketan, argi gehiago egiteko aukera ematen zuen herri teatroaren ikerketan. Lanean zehar ikus daitekeenez, teatro-izkribuetan eta nobela frantsesaren edizioetan zentratu, eta, horretarako, lana aurkeztu arte gaiari buruz eginiko ikerketez baliatu naiz. Esan liteke, alde batera eta besteak beste, lan hau zenbait tesiren gaineko tesia dela, batez ere Haritschelhar, Garamendi eta Oyarçabalenak, eta Edith Wickersheimerrena nobela frantseserako. Horiek emaniko informazioen iragazian jorratu ditut aztergaiak.

Lan honen baliagarritasuna Junes Casenave Harigile pastoral idazleak adierazi zuen 1993an idatzi zidan gutunean, eta hitz egokiagoren bila alferrik ibili gabe, hona ekartzea erabaki dut bertako zenbait pasarte:

Lan ezinago baliosa egin düzü. Holatan gure antzerki zaharra hobekiago ezagütürik date, orozgain jakindunetzaz; ikusiko düe Euskal Herrian Ziberoko xokoan aspaldi danik antzerki berezi bat badagola. Lan baliosagoa, besteak ez bezala, euskaraz idatzi beitüzü.

Testuak xeheki bardinkatü eta horien üthürriak Frantziako romanetan ikertü dütüzü. Metodo tinka, ihoiz baztertü gabe, erabilten düzü. Horrek zure lanari fidantxa oso bat lotzen deio.

Bestalde -eta hau enetako garrantzitsua dago-, ontsa berezten düzü, behin beno haboroetan, antzerkiaren gaia eta kodea. Ez ditizügü behar nahasi bi gaüza horik. Zure erranek behar gintirokee Herelle-ren eta haren ondotik dabiltzan beste zenbaiten frantseskerietaz gogozkarazi. Antzerkia bat
da, antzertia beste bat. (…)

Dudarik gabe ildo berri herexakatü deiküzü.
Sarrera. ............................................. 3
Esker erakutsia. ..................................... 9
1. JEAN DE PARISEN TRAGERIA. ......................... 9
1.1. Eskuzkribuak. ............................................ 10
1.2. Emanaldiak. .............................................. 22
1.3. Pastoralgile edo errejentak eta izkribu jabeak. .......... 26
1.4. Izkribuen aurkezmodua. ................................... 36
1.4.1. Oinarri testua, aldaera, ohar eta osagarriak. ................. 36
1.4.2. Pheredikiez. .................................................. 37
1.4.3. Irakurgida. ................................................... 44
1.5. Eskuzkribuetako hizkuntza. ............................... 47
1.5.1. "Style, versification, langue". ............................... 47
1.5.2. Zubereraren azpieuskalkien eredu: idazkeraren azterketa fonologikoa.... 55
2. Pastoralaren iturburua: Le roman de Jehan de Paris.74
2.1. Bibliothèque bleue-aren testuingurua. .................... 74
2.2. Romanak kontatzen digun istorioa eta bertako pertsonaiak. 84
2.2.1. Istorioa. ..................................................... 84
2.2.2. Pertsonaiak. .................................................. 95
2.3. Romanaren zenbait ezaugarri. ............................ 100
2.4. Romanaren sorrera eta zabalkuntza. ...................... 103
2.5. Lau mendetako argitalpenak. ............................. 104
2.5.1. Edith Wickersheimer-en azterketa. ............................ 104
2.5.2. Gure ikerketa. ............................................... 107
3. Iturriaren moldapena. ........................... 124
3.1. Nobelako ekintza narratiboaren taularatzea: ............. 124
3.2. Pertsonaien deskripzio eta bilakaera. ................... 143
3.3. Pertsonaiak eszena gainean. ............................. 155
4. Ondorioak. ...................................... 159
5. Bibliografia. ................................... 167
6. Jean de Parisen trageria. ....................... 175
6.1. Oinarri testua: D izkribua (Ainciondo, Ainhize). ........ 175
6.2. Aldaera, ohar eta bertso osagarriak. .................... 373
6.3. Bertsoen kokapena A, B eta C izkribuetan. ............... 623
6.4. Izkribuetako zenbait fotokopia. ......................... 627
6.4.1. San Telmoko izkribua: trageriaren hasiera (A1-15 bertsoak).... 628
6.4.2. Pierre D'Arhex-en izkribua.................................... 630
6.4.3. Bernard Etchebarne-ren izkribua............................... 634
6.4.4. Pierre Ainciondo-ren izkribua................................. 639
6.4.5. Jean Héguiaphal-en izkribua: trageriaren bukaera, sinadura, data,
azken ohartxoa eta Azken Pheredikiaren hasiera. .............. 643
Hitz aipagarrien aurkibidea ........................ 644