Zer da bertsoa  |  Bertsolaritzaren historia  |  Txapelketen historia  |  Bertsolaritzaren transmisioa  |  Bertso doinutegia  |  Bertsozale Elkartea  XDZ 

 

Bertsolaritzaren historia

1. Historiaurrea
2. Aipamen zaharrenak
3. Lehen bertso-saioa
4. Aldarrikapenak eta berrikuntzak
5. Ostatutik oholtzara
6. Bertsogintza soziala
7. Egungo errealitatea
8. Jardun eremua

Ikus ere: GARZIA, Joxerra. History of Improvised Bertsolaritza: A Proposal IN Oral Tradition Journal, 22-2 (2007).  (en)

 

Historiaurrea

[gora]

Gaur egun ezagutzen dugun bat-bateko bertsolaritzaren laginik zaharrena XIX. mende hasierakoa bada ere, pentsa liteke ahozkotasunaren fenomenoak historiaurrean duela jatorria. Izan ere, homo sapiens-ak bere izatearen %95 igaro du idaztea zer den jakin gabe. Historialari adituen arabera, ahozko tradizioa orain 10.000 urte jaio zen: "Gizakiaren bilakaerak lau urrats ditu: ehiztaria, artzaina, nekazaria eta olagizona. Bertsolaritzaren abiapuntua artzain-aroan koka genezake, historiaurrean, ezbairik gabe."

Ordutik XV. mendera arte, profazadoreak (plazaz plaza eta herriz herri ibiltzen ziren emakume abeslariak) eta erostagileak (gudu-kantuak eta eresiak egiten zituzten kantariak) izango dira, hiletariekin batera, ahozkotasunaren enbaxadore nagusiak. Horren seinale, Al-Makari historialari arabiarrak IX. mendean euskal emakume esklaboak aipatzen ditu: "erraz bereiz litezke, kantuz bikainak baitira, itxuraz dotoreak, ongi heziak eta kulturaz jantziak."

XIV. gizaldia "andere inprobisatzaileen" mendea izan omen zen Esteban Garibayk (1533-1599) geroari azaldu bezala. Ahozko tradizioaren bitartez jasotako aurreko bi mendeetako gertakariak bildu zituen historialariak. Berarekin batera, beste batzuek gordetako altxor dira: Lasturko Miliaren heriotzari buruzko bertsoak (XV. mende hasiera), Aramaioko kantua (1443), Berdabioko semearena, Urrexolako kantua (1434-1449), data zehatzik gabeko kopla-sortak, etab.

Historialari adituen arabera, ahozko tradizioa orain 10.000 urte jaio zen. Hau da, bertsolaritzaren abiapuntua artzain-aroan koka genezake, historiaurrean, ezbairik gabe

Garibay, Zaldibia eta Isasti izan ziren, beraz, XVI. mendera arte ahoz aho transmititutako kantu zaharrak bildu zituzten lehen historialariak. Kantu epikoak dira batzuk, eresiak besteak, emakumeek senide eta lagun maitatuen heriotzei (ankerrak eta bortitzak, orokorrean) eginak. Horien artean, aipagarria da Berterretxen Kantoria, 1440koa izanagatik, 1870. urtera arte ez baita paperean jasoko Salaberry folkloristari esker.

Garibay, Zaldibia eta Isasti izan ziren, beraz, XVI. mendera arte ahoz aho transmititutako kantu zaharrak bildu zituzten lehen historialariak.

Ikerketen arabera, esan daiteke kopla Erdi Aroan indarrean zegoen neurria dela. Eskekoa zein ez, bertsoaren anaiak ez zuen huts egiten Euskal Herriko (batez ere Bizkaiko) jaiegun eta ospakizunetan. Asko eta asko buruz ikasitako koplak baziren ere, errepikak bat-batekotasunari bide ematen zion, gaur egun oraindik egiten den moduan. Edonola ere, ahozko tradizioak errotik eraldatu ditu gaurkotasunera iritsi diren koplak eta ezin jakin liteke zein den jatorrizko oinarria.

Aipamen zaharrenak

[gora]

Ordura arteko aipamen guztiek bertso, eresia eta kantu epikoen izatea frogatzen dute, baina 1452. urtera arte itxaron beharko dugu ahozko jardunaren lehen aztarna erabakigarriak izateko. Bizkaiko Foru Zaharrak bi aipu egiten ditu emakume inprobisatzaileei buruz. Testuko gaztelaniak legearen zorroztasuna adierazten du:

1452. urtera arte itxaron beharko dugu ahozko jardunaren lehen aztarna erabakigarriak izateko.

35. titulua. 6. legea. "En qué manera se puede hacer llanto y poner luto por los difuntos... Ordenaron, y establecían por ley, que de aquí adelante cuando quiera que alguno muere en Vizcaya [...] no sea osado de hacer llanto alguno mesándose los cabellos, ni rasgándose la cara, ni descubriendo la cabeza, ni haga llantos cantando, ni tomen luto de marraga, so pena de mil maravedíes a cada uno que lo contrario hiciere por cada vez."

8. titulua. 1. legea. "... y sobre mujeres, que son conocidas por desvergonzadas, y revolvedoras de vecindades, y ponen coplas, y cantares a manera de libelo infamatorio (que el Fuero llama profazadas)."

Ezer gutxi jakin liteke orduko bat-batekotasunaren egoerari buruz.

Mende bat beranduago, 1545ean, Trentoko Kontzilioak bat egin zuen Bizkaiko Legearekin emakumeen aurka: Paulo Deunaren "mulieres taceant in Ecclesia" (Isil bitez andreak Elizan) esaldiak berehalako eragina izan zuen Euskal Herrian ere.

Urte berean euskal literatura jaioko da: Bernart Etcheparek Lingua Vasconum Primitiae euskarazko lehen liburua idatzi zuen 1545ean. Bertan bertso eta kantu ugari ageri da; pentsa daitekeenez, ahozkotik idatzirako lehen pausoa da. Bigarrena Joan Lazarragak eman zuen 1567an; artzain-ipuin, kantu epiko eta maitasun bertsoz osatutako ehun orrialde izkiriatu zituen, jakin gabe 2004. urtean argia ikusiko zutela.

Argi denez, ezer gutxi jakin liteke orduko bat-batekotasunaren egoerari buruz. Hala ere, aski da jakitea bazela; izan ere, magnetofoia agertu artean, zaila suertatuko baita bertsolaritzaren adibideren bat ematea, ahoz ahoko memoriak, transmisio-bide honen fidagarritasuna kontuan izanda, 1801eko saio bat gordetzea erabaki arte.

Lehen bertso-saioa

[gora]

Fernando Amezketarrak Azpeitian 1799an kantatutako bi bertso gorde badira ere, 1801ean saio izugarri bat izan omen zen Villabonan. 4.000 ikusle bildu ziren herriko plazan Zabala eta Txabalategiren bertso-gudua ikusteko. Bosna ontza urre jokatu zituzten bertsolariek; Txabalategik Aizarnazabalgo sakristaua eraman zuen epaile gisa, Zabalak Fernando Bengoetxea (Amezketarra) herrikidea eta Billabonako alkateak Jose Mendizabal apaiza izendatu zuen boz erabakitzaile. Askorik, ordea, ezin izan zuten erabaki, ez bazen izan historiako lehenengo bertso-berdinketa (horra saioa gogoratzeko arrazoia). Orduko saioetatik salbatutako bertsoak zortziko eta bederatziko txikiak dira batez ere. Izugarria da garai honetako bertsolarien ezagutza teknikoa. Neurri estuan erraztasun handia sumatzen zaie, berezko errimategi oparoaz gain. Bi oholtza ezartzen ziren plaza edo eremu zabaletan, eszenatoki bakoitzak aurkari bana har zezan.

1801ean saio izugarri bat izan omen zen Villabonan. 4.000 ikusle bildu ziren herriko plazan.

XVIII. mendeko lehen berrogei urtean nagusi izango dira bertso-guduak; herrietako agintarien artean bertsoekiko bi jarrera azalduko dira: Gipuzkoako herri batzuek bertso-guduak antolatu egingo dituzte, beste batzuek bertso-saioak isunez eta zigorrez astinduko dituzten bitartean. Esan beharra dago orduko egoera oso aldakorra zela Euskal Herri osoan zehar: Bizkaian eta Araba iparraldean koplaritzari esker bizi zen bat-bateko jarduna; Zuberoan herriak eta herriak bilduko dira pastoraletara; Nafarroako eta Arabako zati handi batean (hegoaldean) Romanceroa izango da hurbilen gera litekeen adierazpena; eta Bizkaiko ekialdetik Lapurdi eta Nafarroaraino, atzerriko kulturen babesean, bertsolaritzak garapen egokiena izateko ekosistema aurkituko du.

XVIII. mendeko lehen berrogei urtean nagusi izango dira bertso-guduak.

Edonola ere, ekosistema horren hedadura uste duguna baino zabalagoa zen. Horren adibide Bautista de Gamizen izkribuak dauzkagu XVII-XVIII. mende artean Araban, edo 1870ean Zeferino Lopez de Ilarraza karlistak idatzitako bertsoak, beste sorta anonimo batekin Araian jasoak.

Fernando Amezketarra (1754-1823), Zabala, Txabalategi eta Izuela (1780-1837) orduko bertsolari ezagunenak dira. Pastor Izuelak, bertso-gaitasun handien artean, memoria paregabea omen zuen. Historiaren istorioek gorde dutenaren arabera, Izuelak parte hartutako bertso-gudu batean Urdanetako bertsolaria aurkariarekin berdinduta gelditu zen. Garaile bakarra izan asmoz, epaileek saioko bertso oro berriz kantatzeko agindu zieten bertsolariei eta Pastor Izuelak lehenago botatako 50 bertsoak kantatu omen zituen berriz. Aro honetan ere koka genezake Nafarroako Bertsolaritzaren lehen aztarna, Martin Olaetxeak 1830ean kantatuko bertso bati esker. Edozein kasutan, bertsolaritza nafarra ez da "ofizialki" 1936. urtera arte agertuko, Euskal Herriko Txapelketara arte, hain zuzen ere.

Bertsolaria eskolatu gabea da, ez du inolako ikasketarik: irakurtzea idaztea bezain arrotza egiten zaio. Baserri-girokoak dira ezagutzen direnak, herri hizkeraz mintzo direnak, herrikide eta ahaideen soiltasunaz ari direnak.

Aldarrikapenak eta berrikuntzak

[gora]

Edozein kasutan, bertsolaritza gizarteari erabat loturik dagoen fenomenoa izaki, Karlistadek (1833-1839, 1872-1876) nolabaiteko eragina izango dute baita bertsolariengan ere. Euskal gizartea zatituta dago. Aldarrikapenek gora egiten dute eta jendeak ez dauka dibertitzeko astirik. Aldarriak zabaltzeko, ordea, bertsopaperek bat-batekoek baino lan hobea egingo dute. Ideia beraren kopiak eta kopiak hedatzea bertso bera plazaz plaza errepikatzea baino errazagoa da. Bertso jarriek, beraz, sekulako loraldia izango dute, bertso-guduek behera egingo duten bitartean.

Bertsopaperen susperraldiaren beste arrazoietako bat denbora bera izan zen, edo hobeki esanda, garapena: industrializazioa, lurrun-makina, trena... berrikuntzek talka egin arren gizartearekin, bertso jarriek kolpea leundu eta aldi berean publizitate-biderik onena bilatzen zioten. Orduko bertsolari eskolatu gabeek ez zekiten idazten eta senide, lagun edo ezagun baten premia izaten zuten buruan egositako bertsoak papereratzeko (eta ildo beretik sortuko ziren bertsopaper-saltzaileak).

Orduko bertsolari eskolatu gabeek ez zekiten idazten eta senide, lagun edo ezagun baten premia izaten zuten buruan egositako bertsoak papereratzeko.

Xenpelar (1835-1869), Iparragirre (1820-1881), Bilintx (1831-1876) eta Pierre Topet "Etxahun" (1786-1862) izan daitezke sasoi horretako bertsolari gogoangarrienak. Xenpelar bat-bateko bertsogintzaren adierazgarri izan liteke; Iparragirrek gitarraz lagundutako buruan gordetako bertsoak zabaldu zituen; Bilintxek bertsopaperen langa altxatu zuen (Xenpelarrekin batera, jakina); eta Etxahunek Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren egoera bizia islatzen du.

Txirritak ez zuen Antonio Canovas del Castillo espainiar ministroa atsegin; Foruak galdu zituen egun berean sortu omen zen euskal abertzaletasuna. Jakina, aldez aurreko aldarriak asko izan baziren, askoz gehiago izango dira 1876-1935 bitartean sortuko direnak. Beraz, bertsopaperek loraldi ederrean jarraituko dute gerratik gerrarako tartean, batez ere Txirrita eta Pello Otaño bertsolariei esker.

Bat-bateko bertsoek gora egin zutela berriz Lore-jokoei esker.

Bestalde, ez dugu jakingo zein zen orduko bat-bateko jardunen egoera zehatza, baina ondo baino hobeto dakigu bat-bateko bertsoek gora egin zutela berriz Lore-jokoei esker. Jokook ahozko literatura eta poesia bultzatzeko sortutako lehiaketak ziren. Lehena Tolosa okzitaniarrean egin omen zen 1324an, poesia probentzala suspertzeko. Mende batzuk beranduago, Antoine d'Abbadie zientzialari eta filantropoak Euskal Herrira inportatu zituen, Urruñara hain zuzen. 1853an sortu eta mende erdiz bat-bateko bertsolaritzaren gotorleku izan ziren. Era berean, bilkura horiek bertsolariak euren betiko ingurutik ateratzeko arrazoi bihurtu ziren. Gainera, epaile eta sarien presentziak bertsoen maila hobearazi zuen, batzutan epaiekin konforme egon ez arren. Bertsolari kopuruak ere gora egin zuen halako festa-egun handietan.

Bat-batekotik idatzira, aipatzekoa da bertsolaritzak historiaren kronika egiteko hartzen duen lekua. Aurretik ere, bertsoa berrikuntza, gertakizun eta aldaketa oro esplikatzen ahalegintzen zen. Txirritak, esaterako, ezin hobeto deskribatzen digu bere gizartea, ingurua eta orduko egoera, bertsopaperetako gai bihurtu baitzituen honakoak: Foruen Galera, Kubako Gerra (1898), I. Mundu Gerra, Bigarren Karlistada, Antonio Canovas del Castillo (1828-1897) espainiar ministroaren hilketa; kirolak, estropadak, boxeoa (Uzkudun, EH vs. Joe Louis, AEB); erlijioa, bizimodu eliztarra, Aita Santua, Goizuetako misioak, Adan eta Eva; gizarte gaiak, nekazarien lana, Pasaiako portuko grebak, euskaldunen emigrazioa Ameriketara, etab.
Industrializazioa gai eta tresna izatera pasatu zen pixkanaka, bertsolariak ere garapenaren trenera igo baitziren. Abertzaletasunaren sorrera eta aldaketa politikoak bilakaera bide ugari izan zituzten. Euskarari dagokionez, aipatzekoa da Sabino Aranak (1865-1903) sortu eta bultzatutako teoriek, besteak beste, kalte handia egingo diote bertsolaritzari. Izan ere, garbizalekeriak Gipuzkoako bertsolari eskolatu gabea gutxietsi zuen, baserri-giroko hizkerak atzerriko hitzak erabiltzen baitzituen ikasketa eza nolabait estaltzeko.
Garai honetan eskaeraren araberako bertso jarriak sortuko dira ere. Pello Errotak, esaterako, ezkongaiek eta ezkonduek eskatutako bertso-sorta asko osatu zituen.

Ostatutik oholtzara

[gora]

Noizean behineko Lore-jokoez gain, bat-bateko bertsolaritzaren ohiko adieraztokia sagardotegi, taberna eta ostatuak ziren. Bertsolaria bufoi eskolatu gabea da, jendea dibertitzeko mozkorra. Modu horretan, bere gurasoen ostatuan ezagutu zuen bertsolaritza Basarrik (1913-1999) eta beste askok bezala, bat-bateko arte hura taberna zulotik atera beharra zegoela pentsatu zuen. Berak baino lehen, ordea, Kepa Enbeitak (1878-1942) eta Pello Otañok (1857-1910) duintasun kutsuz zipriztinduko dute bertsoa. Otañoren bertso-idatzien zuzentasuna, egokitasuna eta Enbeitaren plaza-gizon izaera eta gaiari heltzeko dinatasuna bertsolaritza-mota berri baten oinarria izango dira.

Bertsolaritzaren "profesionalizazioaren" lehen urratsa zen, bertsoa tabernatik kalera, plazara, frontoira, antzokira, zinema eta elizara ateratzeko.

Hortaz, errealitatea moldatu nahian, Jose Aristimuño "Aitzol" (1896-1936), Manuel Lekuona (1894-1987), Juan Jose Makazaga (1887-1963), Basarri (1913-1999) eta beste zenbaitek (Euskaltzaleak taldearen sorrera ere kontuan izan behar da) piztutako mugimenduaren lehen fruitua Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen edizioa izan zen. Bertsolaritzaren "profesionalizazioaren" lehen urratsa zen, bertsoa tabernatik kalera, plazara, frontoira, antzokira, zinema eta elizara ateratzeko.

Ordura arteko gai errealistak fikziozko gai izatera pasatu ziren.

Txapelketak gauza ugari aldarazi zituen:


Gai-jartzailea: ordura arteko gai errealistak fikziozko gai izatera pasatu ziren. Fikzio hurbila, jakina. Orduko bertsolarien ustez, gai-jartzaile eta emaileak bertsolarien artean aukeratu behar ziren, gaiak bertsotan eman behar baitziren, esaterako. Gai-jartzaileen aitzindaria Aitzol bera izan zen.

Antolakuntza: erakunde edo talderen batek txapelketaren antolakuntzaren kargu egin behar zuen. 1935eko txapelketara eremu zehatz bateko bertsolariak baino ez bazituzten deitu ere, ondorengo txapelketetan oso garrantzitsua izango da talde jakin batzuen laguntza.

Epailetza: bertso-guduetako epaileen lana zaila izaten baldin bazen (hau da, bi kideren arteko bat hautatzea garaile), hainbat kide bilduko dituen txapelketak sailkapena egiteko sistemak garatu beharko ditu pixkanaka.

Bestalde, aipatu beharra dago txapelketako saioak orduko sagardotegi eta tabernetako saio amaiezinak laburtzea suposatzen zuela, antolatu eta egituratzeaz gain. Aipatutakoekin batera, Uztapide, Balendin Enbeita eta Lazkao Txiki bertsolariak azpimarra genitzake aro berri honetan.

1935eko txapelketa Bertsolaritzaren "profesionalizazioak" irabazi zuen Basarrirekin batera eta erronkako bertsolaritzak, Txirritak, bosgarren postu soil bat onartu behar izan zuen. Urte betera, aldiz, Txirritak Euskal Herriko txapela jantzi zuen, epaileetako batek Uztapidek argi eta garbi merezi zuela azaldu zion arren Manuel Olaizolari; Txirrita hiltzear zegoen baina. 1937an txapelketarik izan balitz berak irabaziko zukeen, baldin eta Basarrik berriz gai-jartzaile lana egin izan balu eta Francok bertsolaritza ilunpera bultzatu izan ez balu. Zoritxarrez, Gerra Zibila piztu zen Txirrita hil eta gutxira, frontera bidaltzeko semerik gabe.

1940-1950 urte bitartean zentsura nagusi izan zen Francisco Franco (1892-1975) "Caudilloaren" diktadurapean. Zigor eta isunekiko beldurra zabaldu zen: gai politikorik ezin zen aipatu. Bertsolaritzak, beraz, ezin zuen bere izaera aldarrikapen eta kronika egilea gauzatu. "Kristalezko eskaileran ibiltzen jakin behar" zuen bertsolariak. Itzalpean, klandestinitatean, Basarri eta Uztapide bikoteak Euskal Herriko plaza askotan jardungo du, zailtasun handiz beti ere.

Bertsogintza soziala

[gora]

1960tik aurrera, txapelketetatik aparte, bertsolaritza errepresio sozialaren aurkako aldarrikapen bide bihurtuko da. Protekzionismoa desagertu ahala, Lopategi eta Azpillaga hegoaldean (beheko argazkian), eta Xalbador eta Mattin iparraldean bat-bateko bertsolaritza aldarrikapen adierazpide gisa erabiliko dute. Abesti eta bertsogintza kulturaren defentsarako tresna dira herriarentzat: Ez dok hamairu taldeak, esaterako, euskal kulturaren bizi ezina azalduko du behin eta berriro, bertsolariek plazaz plaza bezala. Edozein kasutan, 1968-1980 urte bitartean euskal kulturak zailtasun handiak izan zituen baita bizirauteko ere.

Bertsolaritza errepresio sozialaren aurkako aldarrikapen bide bihurtuko da. Lopategi eta Azpillaga eta Xalbador eta Mattin, bat-bateko bertsolaritza aldarrikapen adierazpide gisa erabiliko dute.

Oro har, esan genezake 1935 eta 1968 urte bitartean bat-bateko jarduna gizartean errotzen dela astiro-astiro. Lehen txapelketez gain, bertsoak leku txiki bat lortuko du hedabideetan, irrati eta aldizkarietan, esaterako.

Diktaduraren bukaerak indarrez ireki zuen kultura egarri zen herriaren bertso-botila. Euskal Herriko Txapelketa (lehenago Campeonato Mundial de Versolaris deitua) 1980an berrantolatu zen eta Xabier Amurizak bi alditan irabazi zuen, 1980 eta 1982an. Laurogeiko hamarkadako txapelketak, ordea, oso bestelakoak ziren hirurogeiko hamarkadakoekin alderatuta. Ordura arteko bertsozalego homogeneoa gero eta heterogeneoagoa izango da, bertsolaritzak bere jarduera-eremua gero eta gehiago zabaldu beharko duelarik.

 

Egungo errealitatea

[gora]

1977. urtetik aurrera, jaialdiek gora egin zuten. Bertsolari eskoletako lehen belaunaldiak plazaratzen dira: Sarasua, Euzkitze… Amurizaren ekarpena zeharo onuragarria da hortaz. Bertsoak telebista, irrati eta egunkarietara salto egiten du eta bertsozaleriak inoizko kopururik handienak lortzen ditu. Bertsoa publizitatea egiteko tresna izango da ere. Mendez mende egin bezala, bertsoak bete-betean asmatzen du nola moldatu garai berrira: bertso-tramak, bertso-musikatuak... Gaiak eta bertsolariak sofistikatu egiten dira: 1997ko txapelketan parte hartu zuten 47 bertsolarietako 26 unibertsitateko ikasleak ziren.

Mendez mende egin bezala, bertsoak bete-betean asmatzen du nola moldatu garai berrira: bertso-tramak, bertso-musikatuak...

Euskaldun berritasunaren fenomenoa Euskal Herriko errealitatearen parte da. Bertsolaritza baserritik hirira jaisten da, argibide-liburua besapean duela. Xabier Amurizak, Manuel Lekuonak ezarritako oinarri teorikotik abiatuta, bertsolarien mitoa hezurmamituko du: Hitzaren Kirol Nazionala liburuak (bertsotan ikasteko metodoa) edo Hiztegi Errimatuak (bertsotan erabiltzen den hoskidetasunaren sistematizazioa) gizaki ororengandik hurbil jartzen dute bertsolari izatea. Ordura arteko magia-trikimailuen azalpena egin zuen: bertsolaria egin beharra zegoen, inoiz oholtza gainera jaiotzeko.

Bertso-eskolen sorrera masiboa aro honetakoa da ere (laurogeiko hamarkada). Lehenago Muxikako Garriko eskolan biltzen ziren Bizkaiko Busturia aldeko zenbait bertsolari (Enbeitatarren gidaritzapean); Aretxabaletan ere jende ugari bildu zuen 1974an abian jarritako taldeak... baina gaur egungo eskola gehienak ez dira 1981 ingurura arte sortuko; horien artean Arantzazu Loidi azalduko da, Kristina Mardarasekin batera hainbat mendez isildutako emakumeen ahotsa berpiztu dadin.

1986an Euskal Herriko Bertsolarien Elkartea sortuko da (gerora Bertsozaleena izango dena).

Gerra Zibil osteko txapelketak Euskaltzaindiak antolatzen zituen, baina 1985. urtean desadostasuna piztu zen bertsolari eta antolakuntzaren artean. Negoziazio eta eztabaida luzeen ondoren, 1986an Euskal Herriko Bertsolarien Elkartea sortuko da (gerora Bertsozaleena izango dena), urte horretan bertan txapelketaren antolakuntza bere gain har dezan. 1991an Xenpelar Dokumentazio Zentroa sortu zuen Bertsozale Elkarteak, bertsogintzaren dokumentu bilketari ekiteko eta handik urte batzuetara Lanku enpresaren sorrera bultzatuko du, enpresak bertsolaritzaren hedapenaren alde lan egin dezan.

Plazetako bertsolariak gero eta gazteagoak izango dira, gero eta bertsolaritza gazte eta urbanoagoaren alde.

Plazetako bertsolariak gero eta gazteagoak izango dira, gero eta bertsolaritza gazte eta urbanoagoaren alde: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Maialen Lujanbio... Hortik aurrera, bertsolaritzaren historia eguneroko bizitza da eta kale, plaza, antzoki, areto, irrati, web gune, aldizkari eta edozein lekutan aurki liteke.

Scripta manent, verba volant.

 

Eremu berriak lantzeko doaia

[gora]

Eremu berrietara egokitzeko gaitasunak iraunarazi du bertsolaritza egundaino.

  • Jaialdia: 4 bertsolari edo gehiago gai-jartzailearekin

  • Plaza librea: 2-3 bertsolari, librean, plazan, jaietan...

  • Lagun artekoa: Jatordu giroan edo antzekoetan gehienbat

  • Ekitaldipekoa: Bertsotarako ez den ekitaldian egindako saioak (omenaldi, ezkontza...)

  • Eskekoa: Bat-batekoa, bertsoak kantatuaz diru edo puska bilketa egiten denean

  • Didaktikoa: Bat-batekoa, bertsolaritzaren teknikak edo ezagutza zabaltzeko egiten denean eta bertsolariek azalpenak ematen dituztenean

  • Txapelketa: Bat-batekoak: Euskal Herrikoa, Herrialdeetakoak edo Eskolartekoa

  • Sariketa: Bat-batekoak: Elkarteek, udalek edo bestelakoek antolatuak, motibo jakin baten inguruan jokatzen direnak

  • Lehiaketa: Bertso-paperen lehiaketa irabazi dutenen sari-banaketa

  • Bereziak: Bat-bateko bertso saio esperimentalak edo bertso jarriekin eginak, haurrentzako ikuskizunak eta bestelakoak

  • Hitzaldia: Bertsolaritza gai izanik, edozein markotan antolatuak