Aldizkako Ekitaldiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Pello Mari Otaño Bertsopaper Lehiaketa (1. 2013. Zizurkil)

Oinarrizko informazioa

Ekitaldi mota
Lehiaketa
Lekua
Zizurkil
Bukaera data
2013-05-04
Lanak aurkezteko/Izena emateko epea
2013-04-10
Hedadura-mota
Nazioarte mailakoa

Parte hartzaileak

Antolatzaileak
Teodoro Hernandorena Kultur Elkartea
Epai-mahaia
Irazu Muñoa, Jexux Mari
Mendiluze, Aitor
Peñagarikano, Anjel Mari

Deskribapena

Saritutako lana
Gazteen maila:
1. Saria: "Bar Ana" - Maialen Akizu
2. Saria: "Larunbat goizez" - Jon Gurrutxaga

Helduen maila:
1. Saria: "Vanessa" - Nikolas Zendoia
2. Saria: "C'est moi" - Aitor Albistur
Aipamen berezia: "Pedro Mari Otaño gogoratuz" - Julian Albistur

Diaspora maila:
1. Saria: "Pedro Mari Otañoren omenezko bertsoak" - Todor Azurza Sorrondegui (Venezuela / Paris)
2. Saria: Epai-mahaiak hutsik uztea erabaki du.
Oinarriak
ANTOLAKETA
Lehiaketa hiru mailatan banatzen dugu: 1.- Gazteen maila: 18 urte artekoentzat (1995a baino geroago jaiotakoak) 2.- Diasporakoen maila: Euskal Herritik kanpo jaio eta bizi diren euskaldunentzat, Argentinakoentzat bereziki. 3.- Helduen maila: 1995ean edo aurretik jaiotakoentzat.

LANAK - Gazte eta diasporakoen mailetan parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 6 eta gehienez 10 izango dira. - Helduen mailan, parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 8 eta gehienez 12 izango dira.

GAIA - Maila guztietan gaia, neurria eta doinua libreak izango dira, bakoitzaren aukerakoak.

HELBIDEA Lanak e-postaz zein paperean jasoko ditugu eta helbide hauetako batera bidali behar dira: pedromariotano@zizurkil.net edo HERNANDORENA KULTUR ELKARTEA (Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa) Iriarte etxea – Pello Mari Otaño plaza, 1 20159 - Zizurkil

EPEA
Lanak 2013ko apirilaren 10aren aurretik bidaliko dira aipatu helbideetako batera.

BALDINTZAK (guztiek bete beharrekoak)
- Bertsoak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute.
- Lanak izenordez bakarrik sinatuko dira. Izenorde horrek guztiz ezezaguna izan behar du eta bertso sortaren barruan jarriko da. Paperezko kasuan, bertso sorta hori eta izenordea gutun azal batean sartuko dira. Beste gutun azal batean xehetasun guztiak adieraziko ditugu: egilearen izenordea eta izena, jaiotze-data, helbidea eta telefono-zenbakia. Azkenik, bi gutun azalak beste bakar batean sartu eta aipatutako helbidera bidaliko dira. E-postaren kasuan, berriz, bi artxibo erantsi beharko zaizkio igortzen den mezuari: bertso-sorta batetik eta gainontzeko xehetasunak bestetik.

SARIAK
Irabazleek sari hauek jasoko dituzte:
GAZTEEK DIASPORAKOEK HELDUEK
1.go saria: 250 € 250 € 500 €
2.go saria: 100 € 100 € 250 €

SARIBANAKETA
2013ko maiatzaren 4ean izango da, Zizurkilen egingo den bertso-afariaren barruan. Irabazleek beraien bertsoak kantatzeko aukera izango dute afarian.

EPAIMAHAIA
Epaimahaia hiru bertsolari ezagunek osatuko dute. Epaimahaiaren erabakiak aldaezinak izango dira.

LANEN JABETZA
Lan sarituen jabetza antolatzaileen esku geratuko da. Hernandorena Kultur Elkarteak eskubide osoa izango du lan horiek argitaratzeko. Egileak bere lanak argitaratzeko asmoa izango balu, Hernandorena Kultur Elkartearen baimena beharko du.

INFORMAZIOA
Argibiderik edo informazio osagarririk behar izanez gero, telefono zenbaki honetara dei daiteke: 656743741.
Weberako aurkezpena
I.go PELLO MARI OTAÑO BERTSOPAPER LEHIAKETA
Bertsolaritzaren historia luzean, sortzailerik bikainenetako bat izan da Pello Mari Otaño Barriola, eta aparteko lekua merezi du. Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio, 1857an, eta bertsolaritza giroan hazi zen Pello Mari: aitona, aita, osaba Joxe Bernardo, Bernardo anaia, Mikela amona eta Mikela arreba ere, denak maila handiko bertsolariak ziren. “Arnasarekin batera bertsoa irensten zuala kozkortu zan Pedro Mari”, Aita Zavalaren hitzetan.

Pello Esnalek zuzen asko dioen bezala, “hasieran Errekalde baserria eta Karidadeko Bentaren artean banatzen ziren haren bizipen eta ametsak. Geroxeago Donostiatik Zizurkilerako joan-etorrietan. Eta bizitzaren azken zatian Amerika eta Euskal Herriaren artean”. Izan ere, hiru joan-etorri egin zituen Argentinara. Han, Santa Fe-ko Rosarion zendu zen 1910ean, bihotzekoak emanda.

Bertsolari handia izan zen Pello Mari. “Amuritza etorri arte, beharbada gehienik eragin duen maisua izan da Otaño bertsolaritzan”, Juan Mari Lekuonaren aburuz. Baina, asmaren eraginez-edo, eztarriak ez zion gehiegi laguntzen bat-bateko bertsogintzarako eta «Kattarro» ezizena jarri zioten. Eztarri txar hari zor diogu, ziurrenik, Pello Mari Otañok idatzita utzi zigun bertso sorta eder eta oparoa.

Haren oroimenean, Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak “Lehen Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa” antolatzea erabaki du. Eta gogoan izanik gure olerkariak Argentinan eman zituen urte haiek guztiak eta bera izan zela Ameriketan aritu zen lehen euskara-irakaslea, lehiaketak txoko berezia egin nahi izan dio Diasporako euskaldungoari.
Informazioa gehitu

Guri buruz
Non gauden
Zerbitzuak
Informazio eskaera
Bilaketak nola egin