Aldizkako Ekitaldiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa (3. 2014)

Oinarrizko informazioa

Ekitaldi mota
Bertso jolasa
Hasiera data
2014-01-18
Bukaera data
2014-04-05
Hedadura lekua
Araba
Hedadura-mota
Herrialde mailakoa
Webgunea
http://www.bertsozale.com/eu/araba/bertso-kuadrilla-artekoa
Ikusi 1997_aldizkakoa_file_eskuorria.pdf

Parte hartzaileak

Antolatzaileak
Arabako Bertsozale Elkartea
Parte hartzeari buruzko oharrak

Nola osatu dira taldeak?

BAT-BATEKO TALDEAK
Taldeak Arabako eskualde edo herri bereko jendez osatu dira.

Hiru bertsolari, gutxienez, egon behar dira taldean. Gai-jartzailearekin, soinu-ekipo eta bideo arduradunekin, argazkilari/kazetariekin eta trikitilari/musikariekin, sukaldariekin... osatuko dute taldea. Guztira 11-14 lagun.

Bat-bateko talde batek saio bat edo bi antolatuko ditu bere herrian edo eskualdean. Beste talde bat gonbidatuko du, eta bien artean adostuko dute saioaren formatua. Antolatzen duen taldeak komunikatu, egindakoa jaso eta hedatu egingo du.

Arabako bertso-eskoletan oinarritutako 15 talde, guztira 150 lagun inguru.

IDATZIZKO TALDEAK
Lagunartean bertsoak idatzi eta herrian antolatuko den saioan jendearen aurrean edo jendearekin kantatu, kexatu, alaitu, aldarrikatu eta goxatu.

Arabako izaera ezberdineko 19 taldek hartuko dute parte, besteak beste: euskara elkarteak, mintzalagun taldeak, lagun koadrilak, gazte asanbladak, euskaltegiak, bertso-eskolak, abesbatzak, gaztetxeak, musikariak…

Deskribapena

Oinarriak
Zergatik lehiarik gabe?
ZERGATIK SAILKAPENIK GABE, AUTOGESTIONATUA, HERRIKOIA ETA TALDEKA?

Helburu nagusia parte hartzea sustatzea izanda, idatzizko eta bat-bateko talde guztiei parte hartzeko aukera berberak eskainiko dizkio Kuadrilla arteko honek. Ondorioz, taldeak ez dira kanporatuko, ez da sailkapenik egongo, talde mailaketarik ez... Eta azkeneko egunak topaketa izaera izango du; apirilaren 5ean talde guztiek izango dute kantatzeko aukera. Parte hartzeko sistema honek ahalbideratzen du bertso kuadrilla guztien egoerara eta izaerara egokitzea. Arabako taldeen izaeraren aniztasuna eta bertso-saio formatuen aniztasuna errespetatzen ditu.

Parte hartzeko sistema honek autogestiorako atea irekitzen du. Bat-bateko talde bakoitzak erabakiko du zenbat saio antolatu nahi dituen, bi taldeen arteko saioa zein formatutan egin nahi duen, zenbat aldiz kantatu nahi duen Kuadrilla artekoan eta norekin kantatu nahi duen. Taldekideak eta baliabide teknikoak bilatuko ditu, herriari eta eskualdeari bere saioen berri emango dio eta nahi duen neurrian hedapena egingo du. Arabako bertsolaritzaren etorkizuna autogestioan datza.

Era berean, bertsotan egitera bultzatzea da helburua, eta ez bakarrik bertsolari osoa izatera iristeko: idatziz edo bat-batean, norberaren maila kontuan hartu gabe, nahi duenak sortu ahal izango du. Bertsotan lagun artean egin, herrian sortutako bertsolariak herriarentzat kantuan. Bertsozaletasuna herritik abiatu nahi dugu, herriko bertsolariak baloratu eta bertsolaritza herrikoia sustatu.

Bertsolaritzaren mugimenduak berezko duen izaera kolektiboa indartzeko asmoz bertsolaritzaren eragile ezberdinek (bertsozaleek, bertsolariek, gai-jartzaileek…) taldeka hartuko dute parte. Norbanakoa kolektibo baten parte sentiaraztea, bertso-eskola dela, Arabako bertsolaritza dela... Kolektiboa aurrera ateratzeko borondatezko inplikazioa beharrezkoa da.
Weberako aurkezpena
>>>>AURKEZPENA:

Gauzak zapata-kaxatan gordetzeko ohiturarik baduzu? Guk bai.

Bat badugu, berezia, gauez distira egiten duena, ganbaran gordetzen dugunean zaratatxoak egiten dituena. Eta barruan gorde ditugu:

Printzipalean, finalaren aurretik, back-stagean entzundako urduritasun-haperen bat; jotzen duten bakoitzean haustera doala ematen duen baina inoiz hausten ez den bonbo bat, Irlandako aire (ez euriz: wiskiz) bustia arnasten duen gitarra bat; gutxien uste duzunean eta gutxien uste duzunari entzundako bertso bikaina; bere hots partikular beste ezerekin konparatu ezin dena lortu duen soinu-ekipo zahar bat; saio osteko ke artean emandako besarkada bat; eskolarteko-usainean datozen begi harritu bi; ardo ondu botila batzuk; urrun egon arren bertan dauden lagun bat baino gehiago; gozamen-dosi txikiak ugari.

Gure zapata-kaxa ez da sekula itxita egon: sartu-atera konstantean dabiltza gauzak. Baina 2014ko negu-udaberrian, buelta eman eta bertan dagoen guztia erortzen eta barreiatzen utziko dugu.

Badator 2014ko Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa.
Historia
>>>>HISTORIA

2010eko Arabako Bertso-Kuadrilla artekoaren ondoren garai berri bat ireki zen Arabako bertsolaritzan. Alde batetik, Arabako Bertsolari Txapelketa bi urterik behin jokatzea erabaki zen eta bestetik Arabako bertsogintza saretu eta indartu zelako.

2012ko Arabako Kuadrilla arteko bertso Txapelketaren bigarren edizioaren ondoren 2014ko edizioa berrituta dator. Izaera kolektiboa eta herrikoiari eutsiko dio, taldeen autogestioan sakonduko da eta lagun arteko formatura aldatuko dugu, ez da sailkapenik egongo.

2014an hirugarren astindu bat eman nahi diogu Arabako bertsolaritzari.

Informazioa gehitu

Guri buruz
Non gauden
Zerbitzuak
Informazio eskaera
Bilaketak nola egin