Aldizkako Ekitaldiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Bertsoa Unibertsitatean (1. 2014. Donostia)

Oinarrizko informazioa

Ekitaldi mota
Ikastaroa
Lekua
Donostia
Bukaera data
2014-07-11
Hedadura-mota
Euskal Herri mailakoa
Webgunea
http://www.mintzola.com
Ikusi 2037_aldizkakoa_file_eskuorria.pdf

Parte hartzaileak

Antolatzaileak
Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)
Gipuzkoako Foru Aldundia
Mintzola Ahozko Lantegia

Deskribapena

Oinarriak
BERTSOA UNIBERTSITATEAN

Aspaldi du Bertsoak Unibertsitatearekin harremana. On Manuel Lekuonak ezarri zuen lehen harria 1930an, Eusko Ikasketen V. Biltzarreko euskal poesia herrikoiari buruzko ponentzia harekin. Geroztik ez du euri gutxi egin. Eta ez dira gutxi Euskal Herriko Unibertsitatearekin bezala bestelako Unibertsitateekin antolatutako ikastaro eta hitzaldiak. Azkenaldian bertsolaritzari buruzko etxeko zein atzerriko ikertzaileak eta ikerketak ugaltzen ari zaizkigu. Ahozkotasunari buruzko gradu-ondoa antolatzea dugu begiz jota, eta ailegatuko da hori ere.
Bitartean ez da makala EHUko uda ikastaroen baitan antolatu dugun bertsolaritzari buruzko “Bertsoa Unibertsitatean” eskola berri hau, bost urteko hitzarmenaren baitan, urtero berrituta eskainiko duguna. Horren arabera aurten ez ezik, datozen 4 urteotan bertsolaritzari eta ahozkotasunari buruzko 5 egunetako eskola prestatuko dugu EHUko uda ikastaroak eta Mintzolak auzolanean. Zikloa hitzaldi, mahai-inguru eta performancez osatuko da, eta uztailaren bigarren astean emango da, Miramar Jauregian. Eskolak bertsolaritza izango du ardatz, baina bertsolaritza ondoko baratzeak ere hartuko ditu bere baitan. Batetik, ahozko literaturaren ekosistemako kideei egingo zaie leku: antzerkia, ipuina zein kantua. Bestetik, kantu inprobisatuaren ekosistemako beste kideei egingo zaie leku; oraingoan ez bada etorkizuneko edizioetan.

Aurtengo eskolak 3 ikastaro izango ditu bere baitan. Bertsolaritza eta beste hiru esparruren arteko harremanen berri emango da hiruretan:
1. Bertsolaritza eta ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan.
2. Bertsolaritza eta beste sorbideak.
3. Bertsolaritza eta gaurko gizartea.

Lehendabiziko ikastaroan bertsolaritza hezkuntzan kokatu dugu. Komunikazioaren gizartean bizi gara egun. Ezinbestekoa da esan nahi dugun hori argi eta esan indarrez adieraztea gure helburu komunikatiboak lortuko baditugu. Egungo ahozko beharrei erantzuteko bertsolaritzak zein ahozko beste generoek eskaintzen dizkiguten baliabideei erreparatu diegu. Haiek ikertu eta aurkitutako gakoak hezkuntzaren bidez belaunaldi berriei transmititzen gabiltza, gozatuz beti ere. Horien berri eman nahi genuke ikastaro honetan.
Ahozkotasunetik eta adierazkortasunetik harago, hezkuntzaren baloreak transmititzeko tresna bada bertsolaritza. Hori ere erakutsi nahi genuke ikastaro honetan. Bertsolaritzaren bidez koka gaitezke munduan, munduko beste kantu inprobisatuen arabera. Bertsolaritzaren bidez norbanakoaren kontzientzia pitz genezake, emakume tasuna esaterako. Bertsolaritzaren bidez genero berdintasuna eragin genezake. Bizitzaren eskola kabitzen da zortziko txiki batean.

Bigarrengo ikastaroan sorkuntzari lotu gatzaizkio. Bertso eskolek, eta bertsolaritzak oro har, bertsoa sortzeko moduak eta tresnak transmititzen dituzte. Bertsoa sortzeko teknikak eta gakoak, ordea, aplikagarri izan daitezke bestelako sorkuntzetan edo komunikazio ekintzetan, bere horretan edo egokituta. Eta alderantziz; beste diziplinetako sormen prozesuetako teknika eta gakoek balio dezakete bertsoak sortzeko prozesuan aplikatzeko, bere horretan edo egokituta.

Bi eskutako behatzak ez dira aski bertsolari izateaz gainera idazle, musikari, marrazkigile, kazetari, telebista aurkezle eta irrati esatariak direnak zenbatzeko. Horiei galdetu diegu zenbateraino lagundu dituen bere sorbidean bertsolaritzak. Edota balizko beste sorbide horrek zertan eta zenbateraino lagundu edo baldintzatu dituen bertsoen sorkuntzan.

Eskola itxiko duen hirugarren ikastaroak gizartea du oinarri. Bertsozaletasuna errotuta dago euskal gizartean. Halaxe erakusten dute 1994 eta 2005eko bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikoek. Badira nabarmentzeko alderdi gehiago ordea. Horiek plazaratzen eta 2015ean egingo den bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikoak zer erakutsi behar duen azalduko dugu. Bertsolaritza sormen eta plazer bide ez ezik, aldeko haize ere izan daiteke gizarteko hainbat alorretan: hizkuntzaren berreskuratze prozesuan, herrigintzan eta abar. Horren berri ematera gatoz ikerketa zein gogoeta aski interesgarrien bidez.

1. IKASTAROA: Bertsolaritza eta ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan

MARKOA: Komunikazioaren gizartean bizi gara egun. Ezinbestekoa da esan nahi dugun hori argi eta esan indarrez adieraztea gure helburu komunikatiboak lortuko baditugu. Egungo ahozko beharrei erantzuteko bertsolaritza zein beste ahozko generoei erreparatu diegu. Haiek ikertu eta aurkitutako gakoak hezkuntzaren bidez belaunaldi berriei transmititzen gabiltza, gozatuz beti ere. Horien berri eman nahi genuke ikastaro honetan.
Ahozkotasunetik harago, hezkuntzaren baloreak transmititzeko tresna bada bertsolaritza. Hori ere erakutsi nahi genuke ikastaro honetan. Bertsolaritzaren bidez koka gaitezke munduan, munduko beste kantu inprobisatuen arabera. Bertsolaritzaren bidez norbanakoaren kontzientzia pitz genezake, emakume tasuna esaterako. Bertsolaritzaren bidez genero berdintasuna eragin genezake. Bizitzaren eskola kabitzen da zortziko txiki batean.

UZTAILAK 7: Bertsolaritza Hezkuntza Arautuan
• 9:15-10:30 "Bertsolaritzaren Transmisio Antolatua". Erika Lagoma, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko transmisio eragilea.
• 10:45-12:00 "Nola landu bertsolaritza Hezkuntza Arautuan". Esti Alberdi, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko transmisio eragilea.
• 12:15-13:30 "Bertsolaritza jolasen bidez lantzeko tresnak". Amaia Agirre, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko irakaslea. Bertsolaria.

UZTAILAK 8: Ahozko generoak Hezkuntzan Arautuan
• 9:15-10:30 "Igarkizunetik iragarkizunera". Juan Kruz Igerabide, Euskal Herriko Unibertsitatea. Idazlea.
• 10:45-12:00 "Kontaketaren erritmoan" (ipuin kontaketa komentatua). Pello Mari Añorga, Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Ipuin kontalaria.
• 12:15-13:30 "Antzerkia haurrekin lantzeko jolas eta ariketak" (tailer praktikoa). Ainara Gurrutxaga, Komunikazio Zientzietan lizentziatua, Dejabu panpin laborategiko kidea.

UZTAILAK 9: Bertsoarekin hezi eta hazi.
• 9:15-10:30 "Bertsoa… munduan kokatzeko". Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko lehendakaria.
• 10:45-12:00 "Bertsoa... emakume izatearen kontzientzia pizteko". Ainhoa Agirreazaldegi, Helduen euskara irakaslea.
• 12:15-13:30 "Bertsoa… genero berdintasunaz jabetzeko". Jone Miren Hernandez, EHUko irakaslea.

------------------

2. IKASTAROA: Bertsolaritza eta beste sorbideak

MARKOA: Bertso eskolek, eta bertsolaritzak oro har, bertsoa sortzeko moduak eta tresnak transmititzen dituzte. Bertsoa sortzeko teknikak eta gakoak, ordea, aplikagarri izan daitezke bestelako sorkuntzetan edo komunikazio ekintzetan, bere horretan edo egokituta. Eta alderantziz; beste diziplinetako sormen prozesuetako teknika eta gakoek balio dezakete bertsoak sortzeko prozesuan aplikatzeko, bere horretan edo egokituta.
Ez dira gutxi bertso eskolan ibili diren edo bertsolari izateaz gainera idazle, musikari, marrazkigile, kazetari, telebista aurkezle eta irrati esatariak. Galdetu diegu zenbateraino lagundu dituen bere sorbidean bertsolaritzak. Eta alderantziz, balizko beste sorbide horrek zertan eta zenbateraino lagundu edo baldintzatu dituen bertsoen sorkuntzan.

UZTAILAK 10:
• 9:15-10:30 "Bertsolaritza eta eta jendaurreko ikuskHITZunak". Maialen Lujanbio, bertsolaria.
• 10:45-12:00 "Bertsolaritza eta komikigintza". Unai Iturriaga, Arte Ederretan lizentziatua, marrazkigilea eta bertsolaria
• 12:15-13:30 "Bertsolaritza eta hedabideetako kolaborazioak". Andoni Egaña, idazlea eta bertsolaria.

• 19:00 PERFORMANCEA: “Gai edozertarako. Bertso saio esperimentala”. Sorbide ezberdinetan gauzatutakoak gaitzat harturik bertso saio esperimentala. Gaiak izan daitezke: poemak, aforismoak, narrazio laburrak, argazki, komiki, eskultura, zarata, soinu, antzerki esketx, mozorro…

o Bertsolariak: Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio
o Gai-jartzailea: Jon Martin
o Musikaria: Ixak Arruti

---------------------

3. IKASTAROA: Bertsolaritza eta gaurko gizartea

MARKOA: Bertsozaletasuna errotuta dago euskal gizartean. Halaxe erakusten dute 1994 eta 2005eko bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikoek. Badira nabarmentzeko alderdi gehiago ordea. Horiek plazaratzen eta 2015ean egingo den bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikoak zer erakutsi behar duen azalduko dugu. Bertsolaritza sormen eta plazer bide ez ezik aldeko haize ere izan daiteke gizarteko hainbat alorretan, dela hizkuntzaren berreskuratze prozesuan, dela herrigintzan. Horren berri ematera gatoz ikerketa zein gogoeta aski interesgarrien bidez.

UZTAILAK 11
• 9:15-10:30 "Bertsozaletasuna eta euskal gizartea". Xabier Aierdi soziologian doktorea.
• 10:45-12:00 "Bertsolaritza, komunitatea, herrigintza". Jon Sarasua, Mondragon Unibertsitatea.
• 12:15-13:30 "Bertsolaritzaren transmisioaren eragina hizkuntzaren normalizazioan". Miren Artetxe, doktore-gai.


MATRIKULA:
Ziklo osoa, maiatzaren 31ra arte: 120€. Ekainaren 1etik aurrera: 140€.

>> 1. Ikastaroa, maiatzaren 31ra arte: 80€. Ekainaren 1etik aurrera: 92€.
>> 2. Ikastaroa, maiatzaren 31ra arte, 40€. Ekainaren 1etik aurrera, 44€.
>> 3. Ikastaroa, maiatzaren 31ra arte: 40€. Ekainaren 1etik aurrera, 44€.
Informazioa gehitu

Guri buruz
Non gauden
Zerbitzuak
Informazio eskaera
Bilaketak nola egin