Aldizkako Ekitaldiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Adin-adin (5. 2018)

Oinarrizko informazioa

Ekitaldi mota
Egitasmoa
Hasiera data
2018-11-06
Bukaera data
2018-12-13
Hedadura lekua
Gipuzkoa
Hedadura-mota
Herrialde mailakoa
Webgunea
http://www.lanku.eus/index.php/371-adin-adin-2018-martxan

Parte hartzaileak

Antolatzaileak
Gipuzkoako Foru Aldundia
Lanku

Deskribapena

Oinarriak
Guztira 14 saio egingo dira abenduaren erdialdera arte Gipuzkoa osoan zehar. Egoitza bakoitzera bi bertsolari joaten dira, belaunaldi desberdinetakoak eta, ahal bada, eskualdekoak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren arteko “Adin adin” egitasmoak laugarren urtez izango du segida, bere helburuari eutsita, alegia, bertsoaren bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzea, egoitzetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetuz eta gaitasun psikoemozionalak landuz. Hala, aurten 14 saio egingo dira abenduaren erdialdera arte lurralde osoko hainbat herritan, eta lehenengoa bihar asteartea egingo da Azpeitiko San Martin egoitzan. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak adierazi duenez, orain arte egindako bideak erakutsi du ekimenaren arrakastaren “gakoa” adinekoen “parte-hartzea bultzatzean” datzala, batetik eta beraien arteko harremana “hobetzean” bestetik. Egoitza bakoitzera bi bertsolari joaten dira, ahal bada eskualdekoak, ezagutzagatik, bi belaunaldi ezberdinetakoak eta gizonezko eta emakumezko bat izatea ere ahalbidetzen da.

Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza zahar etxeetara iritsarazi da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, terapeutikoki zein ludikoki. Horren harira, diputatuak nabarmendu du bertsoek adineko pertsonengan duten “eragin positiboa”: “Bertsoa bitarteko bihurtzen da adineko pertsonek euren memoria landu dezaten. Beraien bizipenak, oroitzapenak gogoratzen dituzte eta zaila da motibazio hori beste modu batera lortzea, emozioetara iristen den tresna baita bertsoa. Eta gaineratu du “Adin-adin” proiektuak kutsu zientifikorik ez badu ere, “interesgarria” litzatekeela jakitea horrelako ekintza batek “zein onura terapeutiko” dituen. Ildo horretan, adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko konpromisoa berretsi du diputatuak, ikuspegi “integral” batekin.

Metodologia bereziarekin lantzen dira bertso saio hauek. Aurrez zahar etxeetako dinamizatzaile eta animatzaileek lanketa berezi bat egiten dute bertso zahar eta kantu herrikoien inguruan egoiliarrekin, horrela bertsolariak doazenerako parte-hartzea aktibatzeko. Programa honen berritasunaz mintzo, Ander Zapiain Mendekotasun arreta zerbitzuko zuzendariak bertsoa.eus-en eginiko bideo elkarrizketan dioenez, “zaharren egoitzetan egiten dugun lana, tamalez, oso asistentzialista da. Heriotzaren zain dauden pertsonen azken urteak dira. Bertsoa, berriz, jaiarekin lotzen dugu. Eta esan genuen, zer arraio! eta zergatik ez probatu?”. Horrela, azken hiru urteotako balorazio positiboak ikusita, aurten ere bertsolariek prestaketa lana egin dute, kantu zaharrak eta istorio zaharrak landuta, adinekoak saioan bete betean sartu daitezen”.
Elkarrizketa berean, “Adin adin” egitasmoan parte hartuko duen Sebastian Lizasok dio nolakoa den zaharren egoitzako saio bat: "Zaharren egoitzara zoazenean, zain egoten dira. Bakoitzak gogoratzen dizkizu 'ni halakotan egonda nago, eta Basarri entzun nuen bertsotan, zure aitarekin beste batean...' ikusi hutsarekin garai bateko oroitzapen asko etortzen zaie burura. Bertsotan hasi aurretik, eurekin egiten dugu behar den denbora euren bizipenak jasotzen eta gero elkarren informazioa ongi ematen digute: 'honek tranpa egiten du musean, beste horrek txikiteoan irteten du...". Kantuan hasi orduko jabetzen zara noiz barre egiten duten, noiz begiak ixten zaizkien... eta oso esker onekoak dira”.
Informazioa gehitu

Guri buruz
Non gauden
Zerbitzuak
Informazio eskaera
Bilaketak nola egin