Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2010-11-05 Arantza Lagun-artekoa [Bertsoa] / Miren Amuriza, Alaia Martin

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2010-11-05 Arantza Lagun-artekoa
Bertsolariak / Egileak
Amuriza, Miren
Martin, Alaia
Lana
Binaka gai-librean
Jarritako gaia
Gai librean.

Deskribapena

Doinua
Txoriak eta txoriburuak
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2010-11-05 Arantza Lagun-artekoa [Bertsoa] / Miren Amuriza, Alaia Martin

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M. Amuriza:

Baina adarrekin ta adar gabe
beti ez da izaten berdin
beraz hasi ta kontu honeri
behar diogunez ekin
elkartzeari atera ahal zaio
makinatxo bat etekin
hemengo behiak batzen al dira
Lesakako zezenekin? (bis)


A. Martin:

Lesakan noizbait topatua naiz
Miren maitea zurekin
atera nahian hango zezenei
ahal zen hainbeste etekin
baina horrela gertatu ohi da
horixe baita San Fermin:
hitz egin asko egiten dugu
baina gero gutxi egin. (bis)


M. Amuriza:

Gaua hasi ta ibiltzen gara
kaleetan berez-berez
ta etxerako ordua sarri
etortzen da oso nekez
ondo esan duzu baina Alaia
ulertu ez dadin aldrebes:
hitz egin asko, egin gutxitxo
ta gogoratu ezer ez. (bis)


A. Martin:

Igual gehiegi gustatzen zaizu
parrandan ateratzea
fitxaje pare bat egin eta
maiz gaizki aukeratzea
beheko adarra beheran geratu
ta izaten da trantzea
ta halakotan ez al da hobe
ezer ez gogoratzea? (bis)


M. Amuriza:

Arazo asko aurki daitezke
goizen beheko adarretan
gauean pozik eta goizean
esnatu orduko penetan
Alaia zure azalpen horrek
harritua nau benetan:
ni uste baino esperientzia
gehiago duzu horretan. (bis)


A. Martin:

Porrotak hala pilatu ditut
denak banaka-banaka
nork esaten du “Asteko egun
onena da larunbata?”
beti amaitzen dugu horrela
bazter batean botata
esperientzia asko ez daukat
daukat esperientzi falta. bis)


M. Amuriza:

Egia esan ez da jakiten
zer datorkigun sekula
eta batzuek izaten dute
esperientzi mardula.
Lasai Alaia nik ez nizuke
orain egin gura burla
seguru eskatzen hasi ezkero
aukera hemen baduzula. (bis)


A. Martin:

Nola prestatzen dizkidazun zuk
holako kasutan planak
bihurtzen dira sarri mutilak
ekintza orduan flanak
ta aukeratzen hasi orduko
iluntzen nau panoramak
beti Mirenek kentzen baitizkit
nik gustuko ditudanak. (bis)


M. Amuriza:

Ene Alaia ez dut pentsatzen
nabilenik horren errez
zuri gustatu ta nik lapurtu
egiten dizkizut ustez
lehen ere esan dut egin gutxitxo
ta gogoratu ezer ez
hemen baten bat baldin badago
aurkeztu idazu mesedez. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra