Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2003-11-15 Amasa-Villabona Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2003-11-15 Amasa-Villabona Jaialdia
Gai-emailea
Zaldua, Ion
Bertsolariak / Egileak
Lizaso, Sebastian
Peñagarikano, Anjel Mari
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Bi lagun zarete. Orain arte, astero, itsuen zozketan jokatzen zenuten elkarrekin. Atzoko boletoa egundoko milioi pilarekin saritua izan da. Gaur zuri, Peña, boleto hori aparte erosi duela esanaz datorkizu Sebastian.

Deskribapena

Doinua
Espainian behera
Neurria / Estrofaren izena
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2003-11-15 Amasa-Villabona Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano

Neurria:  Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A.M. Peñagarikano:
Nere ustetan zinen
laguna xarmanta
bainan estrapozoa
hor egin dut kanka!
Ez nuen pentsatuko
hau sekula santa
ibiliko zenunik
horrenbeste tranpa!
Lagun zinala uste-ta
faltsoa galanta! (bis)

S. Lizaso:
Arrazoirikan gabe
ez zaitez oldartu
zure desafioa
ezin det onartu.
Astero bi zenbaki
hori gendun tratu
baina hirugarren bat
aparte jokatu...
Aparte jokatua
aparte kobratu. (bis)

A.M. Peñagarikano:
Tranpetan zabiltza ta
ez dago gauz onik
ez nuen pentsatuko
egingo zuenik!
Gogoan daukat ondo
aitonak esanik
harek esan zuen ta
gogoan hartu nik:
zintzorik ez dagola
ehun kilo ditunik. (bis)

S. Lizaso:
Aitonan arrazoiak
jarria minbera
ni beti gora noa
zu berriz gainbehera.
Saria kobratzeko
nik soilik aukera.
Ehun kiloren mugara
hurbiltzen zan bera
mila kobratu ditut
kontuak atera! (bis)

A.M. Peñagarikano:
Egon zaitez ixilik
zu zerri zikina!
Honek boletoari
atera etekina.
Etxe bat egiteko
orain ahalegina
zuretzako txaleta
zuretzat piszina...
Nahiago nuke bertan
itoko bazina! (bis)

S. Lizaso:
Lasai libratuko naiz
malko putzutikan
eta zuk arrazoitik
ez dezu tutikan.
Mila milioi sartuak
baititut pratikan*
hegazkina hartu ta
banoa hemendikan...
Postala bialiko'izut
opor lekutikan. (bis)

A.M. Peñagarikano:
Beti biziko zera
gehioren egarri
ez zera lasaituko
estu eta larri...
Ez ?idazu postalik
handikan igorri!
Gaur egun Espainian
badaude bi zerri:
bat Fraga Hiribarne
bestea zerorri. (bis)

S. Lizaso:
Horra konparaketa
egin bat-batean
baina sufritzen zaude
zeuretzat kaltean
ta ni opor lekuan
zorion betean...
Nahiz eta sartu nauzun
zerrien tartean
gizentzen segi nahi det
ahal dedan artean. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra