Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Itziarko Eskola [Bertsoa] / Joxe Angel Salegi "Lizarreta"

Informazio orokorra

Kategoria
Ez bat-batekoa
Bertsolariak / Egileak
Salegi, Joxe Angel "Lizarreta"

Deskribapena

Izenburua
Itziarko Eskola
Dokumentuan jasotako izenburua
Itziarko Eskola
Dokumentuan jasotako bertsoaren hasiera
Dedan abildade gutxiz arkatzari punta hautsiz
Bertso kopurua
8
Bertso dokumentu mota
Liburuxka

Itziarko Eskola [Bertsoa] / Joxe Angel Salegi "Lizarreta"

Dokumentu-mota:  Liburuxka 


1.
Dedan abildade gutxiz,
arkatzari punta hautsiz,
paper batean, hiru ordutan
lau lerro idatziz;
lasaitu behar det egiz,
eta alaitu aurpegiz,
Itziartikan debar guztiei
mezu hau bidaliz.

2.
Politikatik aparte,
trapu zaharrek zenbat kalte!
Ehunka haurren aita-amak gera:
Guraso Elkarte.
Lanean hasiz jo ta ke
jo ditugu hainbat ate,
politikoek hemen eragin
handia daukate.

3.
Bor-borka dugu odola,
sentipenen zirimola...
nabari degu herri osoa
gurekin dagola;
guraso denon axola:
umeak non eta nola?
Etxetik gertu jarri nahi dugu
beraien eskola.

4.
Entzun Lastur ta Endoiari!
Elorrixa ta Mardari,
kaletik bertan Itxaspe, Egia,
ta Arriolari!
Lehenen dei bat udalari,
gero Hizkuntza Sailari,
dagokiena emaiozue
gure sendiari!

5.
Zazpiterdietan gora!,
gosaltzeko ze ganora...
benga, mugitu, gure Arteondo
laster izango da!
Amak muxu eta lora,
gauean bueltan altzora:
ordu gehiegi ez al dituzte
etxetik kanpora?

6.
Neke ta lo falta etsai,
garaiz jaiki ezean jai;
ikasgelatik gertu dagona
lotan dago lasai.
Petralduta, negarrez, ai!
Amak ere begiak blai...
Guk hori gendun, gureentzako
ez dugu hori nahi!

7.
Ehunka haur gelatara
eta bertatik bertara;
ateratzean alaitasuna
dator kaleetara.
Gazte-jendeak anpara,
aiton-amonek algara;
herri osoak babesten du ta
seinale ona da!

8.
Gure era elkartuan,
zahar ta gazte tratuan:
indar handia egingo dugu
Eskola kontuan.
Izan zazue kontuan
beharrezko momentuan,
mila bihotzen ahotsa jardun
dutela kantuan.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra