Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2012-08-13 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2012-08-13 Donostia Jaialdia
Gai-emailea
Elizasu, Unai
Bertsolariak / Egileak
Gaztelumendi, Beñat
Mendiluze, Aitor
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Donostiako Udaleko bi politikari zarete, berdin zait zein. Kontua da piraten ekimena hasi zenean, piraten ekimenaren kontra zeundetela; ez zenuten babesten, ez zenuten egoki ikusten. Gaur, euren gonbidapenari esker, eurekin batera ari zarete Artilero kantatzen.

Deskribapena

Doinua
Kantore berri xarmant batzuek
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
8

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2012-08-13 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A. Mendiluze

Hasieratik ikusten nuen
arrisku edo kaltea
guk egitarau bat prestatu ta
eurek aparte joatea
baino aspaldiko esaera bat
badago lagun maitea:
beraien kontra ezin badezu
lagun bihurtu zaitea. (bis)

B. Gaztelumendi

Baina itxuraz bakarrik eman
nahi diezu arrazoia
haseran txiki-txiki zen jaia
bihurtu da erraldoia.
Hau da hau jende desfasatua
maltzurra eta kabroia!
Aukeran hauei begira jarri
behar genuen kanoia. (bis)

A. Mendiluze

Ezin guztiak sartu bidean
arrastoan nahiz arauan
baina jakina denak alde bat
ona du honen moduan
jarri lanean abordajean
nahiz ta pregoiaren gauan
pentsatu zenbat euro aurrezten
ditugun egitarauan. (bis)

B. Gaztelumendi

Barkatu baina kapritxoa nun
David Bisbal ekartzeko
egian esan nahiz aurreztea
izan zitekeen hobeto
pirata hauek hemen jarrita
erotu al gera seko?
Gutxi falta da udaletxean
bandera beltz bat jartzeko. (bis)

A. Mendiluze

Udaletxera ere helduko
al da piraten legea?
Nor izango da orduan buru
kapitain nahiz erregea?
Zaila da baina lortu ezkero
ez al degu mesedea
buru hezurra ez izatea
ez zurea ez nerea? (bis)

B. Gaztelumendi

Nik ere ez nuke ikusi nahiko
bertan nere karabela
baina kontuak funtzionatzen du
maiz botoen arabera.
Orain guztiak alde dauzkate
eta dabiltza topera
baietz igarri udaletxera
bueltatzen baldin bagera! (bis)

A. Mendiluze

Ez dakit ba nik hain erreza den
boto aldetik osatzen
lehen ere aukera izan genuen
ta beste aldera pasa zen.
Lortzen badegu jakingo degu
beste zerbait proposatzen
ta bitartean saia gaitezen
disimuloan pasatzen. (bis)

B. Gaztelumendi

Aste Nagusi bat turistentzat
gure helburua hori da
folklorerantza zenbat etorri
daitezke bada guztira?
Arrazoi dezu segiko degu
begi bakarrez begira
lau urte hauek partxe txiki bat
bakarrik izango dira. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra