Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2012-08-24 Amezketa Jaialdia [Bertsoa] / Arkaitz Estiballes, Anjel Mari Peñagarikano

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2012-08-24 Amezketa Jaialdia
Gai-emailea
Gorostidi, Bixente
Bertsolariak / Egileak
Estiballes, Arkaitz
Peñagarikano, Anjel Mari
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Azken boladan soldata jaitsierak eguneroko kontua dira, eta zuei bioi ere tokatu zaizue. Arkaitz da banketxe bateko goi kargu bat, 50.000 euro inguru irabazten zituen hilean, eta orain 44.000 inguruan geratuko zaio soldata; Peña bankuko kristalak garbitzen dituen langilea da, 1.000 euro kobratzen zituen, eta orain 800 eurora murriztu zaio soldata. Askotan bezala, kafe makinan egin dute topo.

Deskribapena

Doinua
Adixkidia Andoaindikan
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
8

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2012-08-24 Amezketa Jaialdia [Bertsoa] / Arkaitz Estiballes, Anjel Mari Peñagarikano

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A.M. Peñagarikano

Zer kristotako nik egunero
egiten det biajea?
Orain soldata jetsi digute
beti badegu ajea!
Zapaldutako langilea ni
bera bertako jefea
eta oraindik nere kontura
hartu nahi luke kafea.

A. Estiballes

Ez pentsa gero nire egoera
da bastante serioa
jeitsi egin da Marbellan dudan
txaletaren balioa
BMWa garajean dago
zein da erremedioa?
Ta Peñak berriz igon egin du
kafearen prezioa.

A.M. Peñagarikano

Nere makinai beira jarrita
hasi al zera kezkatzen?
Zeure kontura har dezazula
besterik ez det eskatzen.
Aspalditxoko esaera da
sekula ez det ahaztutzen:
lapur txikiak preso sartuta
eurak miloiak ostutzen.

A. Estiballes

Nire soldata ere jeitsi dute
hain ongi ez nabil aizu
astean bitan afaltzen nuen
Arzakenean nik usu
gero biaje batzuk Kariben
adibideak hor dituzu
ez zaitez keja nire aldean
zuk gastu gutxi dauzkazu.

A.M. Peñagarikano

Lotsarik gabe nere ondora
zatoz kafea hartzera
une batean joan nahi nuen
bizar hori laztantzera
ez gastatzearren ez da afeitatzen
hori da kinki tankera!
Zenbat aineko xuhurra zeran
hortik kontuak atera!

A. Estiballes

Kristal garbitzen ibiltzen zera
orain pa allá orain pa aquí
nik'e horrelako lan bat hartzea
behar nuen erabaki.
Ze lasai bizi zaren zu Peña
ta niri hainbeste aitzaki...
Kristalak beti egongo dira
bankuak Jainkoak daki!

A.M. Peñagarikano

Nik egunero nere lanean
egiten det ahalegina
zure soldata eta nerea
ez da ez gauza berdina.
Zu bankeroen prototipoa
hoi da zure etekina.
Honek eskuak garbi dauzka oso
kontzientzia zikina.

A. Estiballes

Badakit Peña zu gaur zarela
lau umeren gurasoa
ta kreditu bat ere baduzu
hori da zure kasoa
eta bizitza gogorra bada
ez bada hain erosoa
zuk arazoak dauzkazu baina
ez da nire arazoa.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra