Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2015-10-02 Oñati Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Goitia, Aitor Mendiluze

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2015-10-02 Oñati Jaialdia
Gai-jartzailea
Oñatiko Bertso-Eskola (Txinparta)
Bertsolariak / Egileak
Goitia, Andoni
Mendiluze, Aitor
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Txikitatik lagunak zarete. Andoni zortzi urteko mutikoa, eta Aitor zure lagun imajinarioa. Gaur, esan dizu Andonik dagoeneko ez daukala zure beharrik.

Deskribapena

Doinua
Erreguetan ari nintzela
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
9

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2015-10-02 Oñati Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Goitia, Aitor Mendiluze

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A. Goitia
Zu nonbaitera joan ezkero
segitzen nizun ilaran
ta ni urduri jarri ezkero
jartzen ninduzun patxadan.
Oroitzapenak erortzen zaizkit
oroitzerako samaldan
behar zaitudan edo ez utzi
nik erabaki dezadan.

A. Mendiluze
Haurra zinela begiak itxi
eta negarrari ekin
sortu ninduzun ta kontsolatu
izan zera zu nerekin
baina noiz utzi behar zintudan
nahiz eta aurretik ez jakin
bada garaia ausart zaitezen
hezur haragizkoekin.

A. Goitia
Haiekin beldur naiz ta zurekin
beti modu seguruan
zu baino lagun hoberik ez dut
inoiz aurkitu munduan.
Tatuajedun jende pila bat
ikusten dut inguruan
batzuk soinean marrazten dute
eta nik berriz buruan.

A. Mendiluze
Banengoen ba konbentzitzea
lan zaila izango zela
ingurukoei begiratzean
beti ikara itzela.
Zeure beldurrei buruz Andoni
behingoz ohar zaitezela
zeure beldurra zeuk sortzen dezu
neu sortu nauzun bezela.

A. Goitia
Batzuk beldurti deitzen didate
ta ni sentitu zentzudun
lehen esan dizut lagun hoberik
ez baitut aurkitu egun
eta zertako hezur mamizko
lagun berri bila jardun
zuri eskerrak egin banintzen
nire buruaren lagun.

A. Mendiluze
Baina mundua urrun daukazu
eta ez zaizu inporta
kanpoko
aukerak galtzen dituzu
zeure barrurantza jota
zeure burua lagun dezula
ez dezu ba orain bota!
Ez ote zera agian ari
zeure buruaren kontra?

A. Goitia
Ni behintzat ez naiz Aitor sentitzen
paretan kontra kolpeka
azken urteetan jarri bainauzu
zoriontasunez beteta.
Erabakia nire buruak
hartzen du penak gordeta
mugak ipini ezin zaizkion
toki bakarra da eta.

A. Mendiluze
Baina bizitza osoa ezin da
zeure buruan kabitu
zabal itzazu behingoz begiak
zeure ilunak argitu
zoaz kanpora, zoaz mundura
ta leku bila aritu
ta ez badezu ezer topatzen
badakizu non aurkitu.

A. Goitia
Aitor oraindik esaten dizut
zein izango den segida
berriro ere egin behar dut
azkar zuregana jira.
Umetxoa naiz baina ez daukat
hain estua ikusmira
nahi baduzu ez etorri bihar
kuadrillako bazkarira.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra