Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2016-02-13 Lezo Jaialdia [Bertsoa] / Maialen Akizu, Alaia Martin
Bertsoa entzun |
2016-02-13 Lezo Jaialdia [Bertsoa] / Maialen Akizu, Alaia Martin
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
M. Akizu
Bi hilabete dira jadanik
jetxi ez zaidala regla
ta nabari det pixkana nola
hazten dijoan sabela.
Bbota zaidazu disgustoaren
ainako bronka itzela
baina lehenengo esan zaidazu
dena ondo irtengo dela.
A. Martin
Nahiz oilaskoa atragantatu
zaidan eztarrian jada
nola dardarka daukazun zure
eskua ta begirada
lasaitu zaitez ta hartu zazu
lehenik ta behin besarkada.
Nola joango den, joango ote den
zure erabakia da.
M. Akizu
Lehen Predictorrak asaldatuak
zizkidan neri barrenak
baina erabaki bat hartzea ere
derrigortu bigarrenak.
Malko artean bukatzen dira
beti ustekabeko denak
jaio ezkero haurrarenak ta
bitartean amarenak.
A. Martin
Lehenik ta behin har zazu tila bat
ta arnastu zazu lasai
hemen ez duzu jasoko ez bronka
ez iritzi ta ez epai.
Kasua berez antzekoa da
baina ez dut eragin nahi:
zu eukitzeaz ez naiz damutzen
haurdun geratu izanaz bai.
M. Akizu
Zure hitzekin etorri ohi zait
nere barnera kemena
nahiz hasieran ikusten nuen
dena beltza ta problema.
Hitza ematen det nahiz ta zu izan
postu horretan lehena
izan ninteke mundu hontako
bigarren ama onena.
A. Martin
Lehen oilaskoa ta orain hitzak
dauzkat guztiak jateko
aholkurikan bilatu arren
ez dut eta emateko.
Ama onena ni izan omen naiz
zuretzat bataz besteko
haurra maitatzea nahikoa da
ama ona izateko.
M. Akizu
Lehenik baietza gero ezetza
ta umeltzen zait begirada
sabela doa pixkana puzten
berdin puzten da ikara.
Eman zaidazu besarkada hori
eta goazen sofara
konponbidea ez da izango
baina behar dudana da.
A. Martin
Behar duzuna izango duzu
behar duzuna hori bada
hausnartu zazu bakar-bakarrik
ta orain goazen sofara.
Zure ondoan egongo naiz ni
lagunduz behar den gisara
zuk nahi baduzu abortatzera
edo ekografiara.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra