Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2017-09-23 Baigorri Txapelketa [Bertsoa] / Mikel Artola, Alaia Martin

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Aldizkako Ekitaldia (Saioarena)
Bertsolari Txapelketa Nagusia (17. 2017)
Saioa
2017-09-23 Baigorri Txapelketa
Gai-jartzailea
Gai-jartzaile Taldea
Gai-emailea
Itzaina, Joana
Bertsolariak / Egileak
Artola, Mikel
Martin, Alaia
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Zu, Mikel, irrati euskaldun bateko zuzendaria zara, eta Alaia, bertako esataria da. Mikel, Alaiak gazteendako musika saio bat gidatzen du. Entzuleek euskal musikarik eskatzen ez dutela eta, kezkatuta etorri zaizu gaur Alaia.

Deskribapena

Doinua
Espainian behera
Neurria / Estrofaren izena
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)
Bertso kopurua
6

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Txapelketetako Bilduma

2017-09-23 Baigorri Txapelketa [Bertsoa] / Mikel Artola, Alaia Martin

Neurria:  Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M. Artola:
Hainbeste musika ta
hainbat euskal gazte
nahiz eta euren ustez
diren horren aske
kulturalki kanpotik
hainbeste atake
nahiz ez eskatzea izan
leiken gure kalte
ez eskatuta ere
jarri genezake. (bis)

A. Martin:
Gazteak ta euskara
direnez bi mundu
euskal musikak egin
ohi ditu urrundu
nahiz nik hau indartzea
eduki helburu
nigana etorriko
zara zu seguru
gero entzule batzuk
galtzen baditugu. (bis)

M. Artola:
Ez da helburua ta
ez naiz joango bela
horretan soilik ez da
neurtzen nibela
gutxi dira euskaldun
lehenago bezela
eta jakin behar dezu
ezin da bestela
minoria batentzat
aritzen garela. (bis)

A. Martin:
Batzutan izaten dut
mingaina lodia
kontatuz ta kantatuz
mila istoria
irratia, kultura
da ta ez “lobby”a
bale ba jarriko dut
Laboan txoria
minorizatu dadin
gure minoria. (bis)

M. Artola:
Badakit gutxi dira
batekoz besteko
audientzian ez gabiltz
aspaldi perfekto
badaukagu aukera
hori zuzentzeko
Laboan txoriakin
bazabiltz hasteko
garaia badaukazu
modernizatzeko. (bis)

A. Martin:
Beldurra neukan baina
ez dakit zergatik.
Bidea egingo dugu
berriz euskaratik
Izaro, Esne Beltza
ta bi kuña zatik
betetzen nau Laboan
hainbeste esaldik.
Mila esker hegoak
ez mozteagatik! (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra