Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2017-07-26 Gorliz Jaialdia [Bertsoa] / Odei Barroso, Jon Maia

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2017-07-26 Gorliz Jaialdia
Gai-jartzailea
Berriozabal, Maite
Bertsolariak / Egileak
Barroso, Odei
Maia, Jon
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Aita eta semea zarete. Urteak aurrera eta aitak ibiltzeko gero eta traketsago dagoela eta, medikuak makulua behar duela esan zion aspaldi. Semeak behin eta berriz esan dio makuluarekin ateratzeko. Gaur onartu du aitak eta irten dira. Baina makulua eskuan, ez du lurrean kolpatu ere egiten.

Deskribapena

Doinua
Orioko balearena
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)
Bertso kopurua
8

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2017-07-26 Gorliz Jaialdia [Bertsoa] / Odei Barroso, Jon Maia

Neurria:  Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


J. Maia
Ze nolako pelmada
eman didazun zuk!
Makulua hartu dut
isiltzearen truk
hezurrak gogor ditut
ezin egonik zut
baina burua askoz
gogorragoa dut. (bis)

O. Barroso
Pentsa nik zenbat kezka
dudan barrenean
pasioan aita dut
nere aldamenean
makulu gabe ibili
nahi duzun heinean
baina ez apoiau nere
sorbalda gainean. (bis)

J. Maia
Zuzen saiatzen nabil
nahi badezu jakin
baina dena da malda
ta aldapa erpin
ez naiz lurrera iristen
nahiz ekin ta ekin
txinotatik ekarri
didazun onekin. (bis)

O. Barroso
Txinoen makulu hau
ttipia, tristea
medikuak emanik
bere albistea
gizon handia zara
ta ez da txistea
laster kostako zaizu
lurrera iristea. (bis)

J. Maia
Han ikurrinak ere
aldrebesak jode!
Berdea gorria da
ta gorria berde
plastikozko bastoi bat
ta akuilu gabe
garai bateko hurritz
makilak non daude? (bis)

O. Barroso
Urritz makilik ez da
eta egin kasu
bidean aurrera zoaz
nola zabiltzan zu!
Laster zure semeak
hartu behar badu su
geroz ta aitonan antza
gehiago daukazu. (bis)

J. Maia
Bukatu behar degu
azkenik haserrez
aitondu egin bainaiz
urteen indarrez
ta eskatu nahi dizut
gogor, ez mesedez
aulki elektriko bat
ekarri edo ezer ez. (bis)

O. Barroso
Ez dakit hezurretan
ote duzun mina
bakarrik emanen dut
buelta atsegina.
Egon zaitez jarrita
tarte bat jakina
hor daukazu banku bat
hurritzez egina. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra