Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2018-01-19 Legutio Jaialdia [Bertsoa] / Igor Elortza, Nerea Ibarzabal

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2018-01-19 Legutio Jaialdia
Gai-jartzailea
Suarez, Oier
Bertsolariak / Egileak
Elortza, Igor
Ibarzabal, Nerea
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Bikotea zarete eta zuen alaba munduan zehar dabil motxila hartuta. Igor, kezkatuta zaude, eta hala adierazi diozu Nereari. Honek hala kantatu dizu: “Hegoak ebaki banizkio, nerea izango zen, ez zuen alde egingo...”.

Deskribapena

Doinua
Zazpi ahizparen gai den oihala
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
8

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2018-01-19 Legutio Jaialdia [Bertsoa] / Igor Elortza, Nerea Ibarzabal

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


I. Elortza
Hegoak eta txoriarena
beraz neukan ikasteko
gure alaba munduan zehar
bizitza aberasteko.
Hegan bai baina ze abildade
aita ta ama ahazteko!
Lumarik ez al zaio geratzen
gutuntxo bat idazteko?

N. Ibarzabal
Luma gabeko hego txikiak
zabalduta parez pare
munduan zehar bidaiatzea
orain ez da nobedade
eta utziozu Igor lasai
erori ta egiten alde
aspergarria eiten al zaizu
kabia alaba gabe?

I. Elortza
Gure alaba beti zebilen
txori kantari ta alai
gogoan dauzkat bera etxean
izandako hainbat garai.
Guk biok berriz nonbait ez dugu
orain horrenbeste dohai
kabia ez zait txikia egiten
baina apur bat hotza bai.

N. Ibarzabal
Baina beti ezin zara izan
alabaren begirale
beti izan da arima aske bat
eta horren bizizale
ezagutuaz Peru aldeko
mila hiri eta kale
eta gutaz ez bada oroitzen
zoriontsu den seinale.

I. Elortza
Peru aldera joan zen baina
noraino egin ote txango?
Mexiko edo Nikaraguara
ere ez al zen joango?
Ni bihozbera naiz baina ez zara
zu hain bihotz hotz izango
zeuk ez duzunik faltan botatzen
ez didazu ba esango?

N. Ibarzabal
Bai egia da berari deika
pasa nahi nuke astea
baina utzi nahi diot izaten
ahal dudan beste askea
eta lehen ere hasi dudanez
Artzeren letren eskea
apurka-apurka mozten ari naiz
bigarren zilbor hestea.

I. Elortza
Neuk ere moztu egin beharko dut
eta ze erremedio!
Baina apur bat sufritzen nabil
gure alaba hau medio
gaurko gazteak Amerikara
joaten dira kabendio!
Eta ez dituzte ezagutzen
Legutio ta Otxandio.

N. Ibarzabal
Geografian ez dira onenak
hori ezin dugu uka
Erasmusi esker ezagutuz
sarritan Belgika punta.
Baina zu lasai horrek guretzat
soluzio bat badu ta
Araba aldera joan gaitezen
geure motxilak hartuta.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra