Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2023-11-18 Santurtzi Txapelketa [Bertsoa] / Txaber Altube
Bertsoa entzun |
2023-11-18 Santurtzi Txapelketa [Bertsoa] / Txaber Altube
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Sarri askotan berotu ohi da
gure etxeko kalentura
baina gaurkoan iritsi ez da ba
jasan ezin den puntura
Txaber naiz eta zer eingo zaio?
Inorentzako ez nintzen jaio
apropos hona mundura
gure aitak nahi du bizi dadila
bera bizi den modura
baina gero nik ein dezadala
berak ein ez duen hura
begietara diotsat nahita:
“Parkatu, baina oraingoz, aita
zuri ez badizu ardura
nik ez dut zu izan gura”.
Sekula ez dut lehenago egin
ta gelditu da arraro
ta nik barruak sentitu ditut
inoiz baino askeago
isilik pasa baitut bizitza
ta gaur heldu da lehengo hitza
ta atzetik datoz gehiago
bizi osoan bizi izan bainaiz
espektatiben esklabo
lehenago gauzak eduki arren
argi baino argiago
heldu ezazu ondo bihotza
ta entzun ondo hurrengo hotsa
hona arte eta akabo!
Karrerak uztear nago.
Aitak urduri begiratzen du
ama dagoen aldera
nik nire aitaren begietara
ta amak berriz lurrera
ahotsa altxa ta esan diot:
“Behingoz parean gaude gu biok
zein da daukazun galdera?”
Bizitza asko aldatuko da
hemendik eta aurrera
uste dudana eramango dut
bere azken muturrera
behin igo naiz ni pulpitu gora
bide batetik dena joango da
onera edo txarrera
baina neure arabera.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra