Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2023-03-04 Usurbil Lagun-artekoa [Bertsoa] / Saioa Alkaiza, Jone Uria Albizuri
Bertsoa entzun |
2023-03-04 Usurbil Lagun-artekoa [Bertsoa] / Saioa Alkaiza, Jone Uria Albizuri
Neurria:
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
J. Uria
Herriko pankartetan
oihuak ta lemak
zer eta nola egin
gizonen dilemak
hori markatzen zuen
garaiak, sistemak
ta gure sentipenak
ahotik irtenak
hain ezberdin eta hain
antzeko direnak. (bis)
S. Alkaiza
Ene herri bakarrean
zenbat unibertso!
Zuk bizkartzaina ta nik
kontzentra ta bertso
berdin baina ezberdin
ta halare intenso
senarrak hain loturik
hanka eta beso
baina ni egon nintzen
urteetan preso. (bis)
J. Uria
Preso egon zinela
urteetan zer suma
lau horma ez baitira
noski erresuma
nigan aldiz beldurrak
a ze oihartzuna!
Kotxepean begira
eztanda entzuna
beldurrez bizitzea
ez da askatasuna. (bis)
S. Alkaiza
Gurea abokatu
eta dohakabe
politikak bihurtu
zuena mirabe
senarrak lurpean ta
gu hementxe gaude
azkenean zer gara
ba biak goi ta behe?
Aukeratu gabeko
zigor baten jabe. (bis)
J. Uria
Kartzelara bisitan
pasata asteak
niri beldurrak sortu
nire desgasteak.
Arrazoi! Ez gara izan
sekula askeak
ta berdin orain edo
ginela gazteak
besteen begitan gara
euren emazteak. (bis)
S. Alkaiza
Emazte baina ez gara
esan duzu lasai
hurkotzat zaitut eta
ez zara nere etsai
baina bake garaiak
antzuak dira ai!
Paseo bat? Ba ados
egin deigun zernahi
baina halare ez dut
laguna izan nahi. (bis)
J. Uria
Lagun izan nahi baina
igual izan ezin
garai batek sortua
gugan hainbeste min
lagun ez baina segi
nahiko nuke berdin
tarteka mintzatuaz
hartuaz atsegin
ze honi buruz edonon
ezin da hitz egin. (bis)
S. Alkaiza
Ezin da ezer esan
mina garraioa
tertulia bat edo
irrati saioa
mina nola edonon
aspaldi jaioa
gu ez gara biktimak
ta ez entsaioa
baizik izen ta abizen
Jone ta Saioa. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra