Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2010-03-28 Tolosa Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Aitor Mendiluze
Bertsoa entzun |
2010-03-28 Tolosa Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Aitor Mendiluze
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Mendiluze:
Aspaldi hontan triste bizi naiz
ez naiz alegratzeko gai
astero-astero trena ta Paris
ditudalako nere zai.
Egiten dena nahi izatea
zoriona hori da bai
hori da koxka nik ez dudala
beti bidai hau egin nahi.
A. Egaña:
Neretzat ere lehen bisita
iritsi zen ezustean
semea preso eta gainera
urrunean erbestean.
Emakumea kopeta hori
alai zazu tupustean!
Gure semeek etsiko dute
gu etsita ikustean.
A. Mendiluze:
Baina semeak nahi genituzke
animoz eta adorez
ni horregatik joaten natzaio
nere sentipenak gordez
irrifar batez sartzen naiz beti
egia azaldu ordez
ta bueltan beti duda bat dakart:
konturatu den edo ez.
A. Egaña:
Segi zaiogun hilabetero
egiten dugun planari!
Ez ote gera sentimentutan
triste gabiltzan ama bi?
Zigor gisara ez zazu hartu
hau ez al da nahiko sari?
Beste bide bat zabaldu zaio
gure amatasunari.
A. Mendiluze:
Beste bide bat beste bi bide
sei, zortzi, hamar, hamalau...
baina tartean nere semeak
Parisko kartzelan dirau.
Bisitan noa maite det eta
ta mundu raroa da hau:
ni noa bera animatzera
ta berak animatzen nau.
A. Egaña:
Alde bietan behar indarra
alperrik goaz bestela.
Hara iluntzen hasi du eta
hara lehenengo tunela!
Etzan pixka bat lokartu zaitez
nahiz bagoia den logela
eta ametsak egin itzazu
gure semeek bezela.
A. Mendiluze:
Beti egiten det amets bat baina
ez det ikusten betea
zuri berdina gertatze al zaizu
ai bidaikide maitea?
Horrela bada nik behar nuen
justu hori esatea.
Mila esker eta barka tarteka
hain ahula izatea.
A. Egaña:
Ahulaldia da guztion dohai
ta ez zaitez zu aztora
semeagatik egin behar dena
egiten dut ta gustora.
Zureak hogei urte kondena
nereak hogeitik gora
gu duda-mudan hasi ezkero
seguru nor egongo da?
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra