Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2000-08-16 Gernika-Lumo Jaialdia [Bertsoa] / Jon Maia, Aitor Mendiluze
Bertsoa entzun |
2000-08-16 Gernika-Lumo Jaialdia [Bertsoa] / Jon Maia, Aitor Mendiluze
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Mendiluze:
Seme bakarra daukagu biok
eta nahi diogu eutsi,
baina ez diogu bizitzarako
lege bera erakutsi:
nereak badu errespetoa,
zureak hortatik gutxi;
beti esan dizut bakarra izanda
ezin dela libre utzi.
Maia:
Baina halare jakin badakit
gaztea beti da gazte,
festak hasi ta ez da etortzen
bost egun pasatu arte;
egun hoietan zai egoten naiz
sukaldean triste-triste,
horregaitikan datorrenean
maitatzen det horrenbeste.
Mendiluze:
Datorrenean maitatzen dezu...
zer zabiltzan ez dakizu;
zure kaltean ari zerala
egiten dizut abisu;
gutxitan dator ta etortzean
hark adarra jotzen dizu;
bakarra dezu ta laister batez
hola uzten badiozu!
Maia:
Bakarra daukat ta zuk ere bai,
ez zazu hitz egin fuerte;
amaren lanak ematen ditu
nik ez dakit zenbat neke!
Nerea beti kalean dago
ta zurea irtetzeke...
baldin kalera irtengo ez balitz
kezkatuko nintzateke.
Mendiluze:
Ordun kezkatu behar zendukeela
ez zazu esan faborez!
Pentsatu nahi det semearena
hartzen dezula umorez;
nerea beti zintzo ohi dator
ta bere orduak gordez;
nik beti lasai egiten det lo
jaietan egon edo ez!
Maia:
Lasai lo eginez izan liteke
amesgaiztoz enbarazu,
nik konfiantza haundia daukat
ta ez naiz egoten izu;
zuk konpainia behar al dezu?
Horretan semea maisu;
zuk semerikan ez dezu behar
zuk katua behar dezu!
Mendiluze:
Haserre jarri nahi nindukezu
baina ez dezu lortuko,
nere semea beti baitaukat
nere lagun ta gertuko;
eta badakit ez dula zure
semean bideik hartuko,
zuk utzi joaten baina itzultzean
hark ez dizu eskertuko.
Maia:
Ez eskertzea legezkoa da,
ez det belztuko kopeta;
trofeo legez zergaitik egon
armariuan gordeta?
Zozoa zera, aspertu nauzu,
moztuko det berriketa;
agur, banoa txarangarekin
semea hor daukat eta.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra