Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1998-09-12 Mutriku Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Sebastian Lizaso

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1998-09-12 Mutriku Jaialdia
Gai-jartzailea
Ugarte, Arantza
Bertsolariak / Egileak
Egaña, Andoni
Lizaso, Sebastian
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Hona zer idatzi zion mutrikuar batek emazteari biak kartzelan zeudela: " Urte t'erdi bat jada kartzelan, Euskal Herritik kanpora / nire ezpainek ez dezakete haren laztanik gogora. Hona ilargi, haren ziegara zoazenerako plana: / zeure zilarrez estal ezazu betikoz nire laztana"; eta beste hau ere bai: "Miserableki gauzkaten arren hesiaz alde banatan / zuri eskerrak ibil gintezke oraindik laztanik laztan." Sebastian, zu, mutrikuar gizonezkoa zara, senarra, kartzelan zaudena eta hil honen 20an kondenaren hiru laurdenak beteko dituzu. Andoni, zu, emaztea zara, zu ere kartzelan zaude; jada kondenaren hiru laurdenak aspaldi kunplituak dituzu. Aipatutako bertso horietan elkarren lotura ilargia zen; zuek ere zuen kontuak ilargiaren bidez kantaizkiozue elkarri.

Deskribapena

Doinua
Nere gogoa hegan dijoa
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

1998-09-12 Mutriku Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Sebastian Lizaso

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


S.Lizaso:
Ilargia da gure lekuko,
berekin degu tratua;
ni bezelaxe ene maitea
zaude kartzelan sartua;
ni afizioz ta ofizioz
bainauzu arkitektua,
ta biontzako egin nahi nuke
askatasun proiektua.

Egaña:
Une hauetan zer pentsatua
eman didazu sobera,
proiektuz eta ametsez nola
biok gauden egarbera;
eraztun berri bat badaukagu
ta ilargia da bera,
horixe baita zuk Herreratik
ikusten duzun berbera.

S.Lizaso:
Ilargi bera ikusten degu
bai zuk eta nik gauero,
nahiz ta banaka eginda gauden
espetxetako bezero;
biok batera noizbaiten libre
ikus dezagun espero,
bizi-poza're galdu genzake
ametsa galdu ezkero.

Egaña:
Oraindik ere itxaropena
zutik dagola dirudi;
ene senarra anima zaite
ta malkorik ez isuri!
Gure muxuak gaurtik aurrera
ilargia baitu zubi,
nik ilargiai emango diot
eta ilargiak zuri.

S.Lizaso:
Guk ilargia hartu genzake
biontzat zubi bezela,
bistan daukagu ta beraz ez da
ez norabide motela!
Baina ikustean elkar maiteak
elkarren urrun gaudela,
iruditzen zait ilargiak'e
negar egiten duela.

Egaña:
Batzutan bete azaltzen zaigu
ortziaren gorenean,
mezularien lana eginaz
txukun eta onenean;
baina senarra ez zaite hasi
negarlarien planean,
nere irripartzat hartu ezazu
ilbehera dagoenean.

S.Lizaso:
Nahi den guztian zaila da baina
horrela egin nahi nuke,
asmo horrekin laburragoak
baitira hainbeste urte;
baina ilargiak ez du berekin
nik nahi hainbeste bertute,
premi gehiena daukadanean
lainoak estaltzen dute.

Egaña:
Ziega batean igaro degu
ez dakit zenbat oinaze
ta ilargiak arerio du
majina bat hodei klase!
Zaudela lasai egun haundia
iritsiko da belaxe
ta biok aske izango gera
ilargia bezelaxe.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra