Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
1998-12-08 Markina-Xemein Jaialdia [Bertsoa] / Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso
Bertsoa entzun |
1998-12-08 Markina-Xemein Jaialdia [Bertsoa] / Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
S.Lizaso:
Guk konfiantza bagenedukan
esan zen su-etenean;
dirudienez etenaldia
ez da lurralde denean;
atxilotuta zu eramana
Madrilera azkenean;
kolpaturikan ikusi zaitut
zelda baten barrenean;
irriak malko bihurtu zaizkit
ikusi zaitudanean. (bis)
Iturriaga:
Nahiz ta saiatu ta bete gura
seme onaren papela,
aita izan da kalabozoan
tortura baina itzela;
ez dakit ondo nun dudan mina,
burua edo sabela;
denetik entzun denetik jaso,
ez da izan tratu epela;
gatxa egiten jata sinisten
harek pertsonak zirela. (bis)
S.Lizaso:
Zu ikusita ezin du gorde
aitak begitan negarrik;
etzanda zaude zutitzeko ere
nunbait ez dezu indarrik!
Itxaropenak bagenituen,
dirudienez alperrik;
bi aldetatik batek nahiezta
ez da zuzentzen okerrik;
dirudienez su-etena da
alde batetik bakarrik. (bis)
Iturriaga:
Egia da bai ez da erreza
gaur sinisten holakorik;
nik neuk ez neban behintzat sinisten
baina bertan ikusirik,
han ez dago-ta gizabiderik,
han ez dago eskubiderik;
nahiz orain baju nagoen aita
ta nahiz nagoen tristerik,
gorputza ubelez beteta baina
burua oso-osorik. (bis)
S.Lizaso:
Nabarmen dago Mayor Orejak
ez dula zuzen jokatu;
bere mutilek hartu zaituzte
ta ez dizute barkatu;
ikusi eta hain dago garbi,
egin zaituzte kolpatu;
aita zaharraren kontseju hauxe
semea gogoan hartu:
kolpeak kolpe ideialikan
inoiz ez zazu ukatu. (bis)
Iturriaga:
Han egun latzak pasauta gero
hobeto nago ni hemen;
lagunak ere topatu dodaz
honaino heldu ondoren.
Honi eusteko aita badeuket
nahiko indar eta kemen;
desiotxo bat, hori badeukot,
bete dadila lehenbailehen:
Gabonetako etxetik gertu
ia eroaten gaituen! (bis)
S.Lizaso:
Askoren gisa ene semea
heldu zera amesera;
zuk egindako proposamena
izan liteke hasera;
gauzak konpontzen joan behar du
komeni zaigun klasera;
Gabonetako etxetik hurbil,
zer esaten ari zera?
Hurbiltze hori ez da nahikoa,
bakoitza bere etxera! (bis)
Iturriaga:
Gauzak aldatzen ei dabiz aita
antza Euskadi partean;
hemen zeozer igerri dogu
nahiz gagozan apartean.
Halan ta guzti hemen ondino
beti dabiz atakean
ta ez dot gehiegi sinesten aita
hor aipatzen dan bakean;
bakerik ez da egongo inoz
hemen gagozan artean. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra