Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2007-09-22 Legazpi Txapelketa [Bertsoa] / Xabier Sukia
2007-09-22 Legazpi Txapelketa [Bertsoa] / Xabier Sukia
Neurria:
Hamabiko handia (hg) / Sei puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Garai batean laztantzen nion
emeki bere azala;
zeinen ederki aurkitzen ginen
egoera mundiala!
Azkenaldian gure harremana
okertu egin gerala
diskusioak sobre ditugu
hau egoera hutsala;
nik barkamena eskatu diot
denbora pasatu ahala
agindu diot izango dela
berriro lehen bezala. (bis)
Hamabi lore aukeratuak
banaka eta emeki
lore bakoitzak zure islada
egiten baitit Irati;
etxera noa hain zoriontsu
hau ez dut egiten beti
ez dago eta egiterikan
muzin ez aukera bati;
baina giltzarik ezin dut sartu
nere sarrailan poliki
itxura danez zure bihotza
gehio ezingo dut ireki. (bis)
Une honetan noraezean
kulunkatu zait batela
hain lore-sorta freskoa ere
bilakatu zait ximela;
esperantza bat baneukan baina
orain guztia ustela
eta kolpetik atzekaldean
auzotar batek "Txepela!
Aizazu Joxe ez al dakizu
zure pisua hau ez dela?"
Konturatu naiz hirugarrengo
pisuan bizi naizela. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra