Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
1989-05-07 Donostia Ekitaldipekoa [Bertsoa] / Joxe Agirre, Jose Luis Gorrotxategi
Bertsoa entzun |
1989-05-07 Donostia Ekitaldipekoa [Bertsoa] / Joxe Agirre, Jose Luis Gorrotxategi
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
J. Agirre
Gaur partidua ikusitzeko
gendun era aproposa,
ez gendun asko pentsatzen baina
horra gaur indarrez osa,
batzuk dirua galduko zuten
beste askok hartu poza,
Txapela ekarri Gipuzkoara
Bejondaizula Tolosa!
Gorrotxategi
Ikusi gabe oso zaila zan
gertatua sinistea,
ta azkenean egi bihurtu
batzuek zuten ustea,
ni gauza hauxe pentsatzen nago
gauz bat degula tristea,
biak merezi zuten txapela
bakarrak irabaztea.
J. Agirre
Gorrotxategi zuk esan dezu
nik pentsatutzen nuana,
gaur gertatu da jendeak oso
gutxi espero zuana,
Retegi ere azkenerako
goratxo zaigu juana,
baina bitatik bat galtzailea
jokoak beti duana.
Gorrotxategi
Hartu ditzala gure Tolosak
agur eta zorionak
eskua ere odoldu eta
pasatu ditu kristonak,
baina guziak merezi ditu
txapela jaztean sonak,
hainbeste gauza merezi ditu
saiatutzen dan gizonak.
J. Agirre
Beraz zedukan egitekoa
oso ondo du betea,
alperrikan da asko gehiagon
esperantzan egotea,
orain bazkaldu ezazu lasai
lagun Tolosa maitea,
ta gauean e(re) mereziko du
parranda bat egitea.
Gorrotxategi
Tolosak beraz parranda ez du
oso urruti edukiko,
motiborikan asko hortako
badaduka nerekiko,
Retegi ere azaldu arren
benetan sasoi haundiko,
esaera zaharra egi bihurtu:
Jaungoikoa da betiko.
J. Agirre
Tolosa parranderoa dala
ni ez noa esatera,
zaildutzen ere badakiela
ondo kontuak atera,
baina sarritan joan izan da
Altzagarate aldera,
gu ere pozik joango gineke
beraren aldamenera.
Gorrotxategi
Altzagarateko kontu hoiek
ditu Agirrek abestu,
atzo ere han afaltzen gendun
eta horrekin amestu,
afari onen aurrean beti
Tolosa nola dan prestu,
baserriko oilaskoak janda
oilandarekin jolastu.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra