Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
1992-03-15 Mendexa Jaialdia [Bertsoa] / Jon Enbeita, Anjel Mari Peñagarikano
Bertsoa entzun |
1992-03-15 Mendexa Jaialdia [Bertsoa] / Jon Enbeita, Anjel Mari Peñagarikano
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
J.Enbeita:
Alkate jauna ere sartu da
beraz bertsoen harira,
txapeldun bire solas aldirantz
zaudete denok begira,
gure kanpoko lagun honeri
zorion batzuk sikira,
ongi etorri Peña laguna
txapeldunen Probintzira. (BIS)
Peñagarikano:
Txapeldun ziren lehen Lopategi
eta berdin Amuritza,
ta etengabe frutu ematen
ai da Gernikan Haritza,
Igor ta Unai, Maia ta Irazu
gazteak sendo dabiltza,
gure ustetan gero ta hobeto
dago gaur bertsolaritza. (BIS)
J.Enbeita:
Aipamenetan zertan segitu?
Hobeto da hasi ziriz,
Lopategi lehen aipatu duzu
eta ondoren gu gabiltz,
Euskal Herriko Txapel amesez
zu ere baldin bazabiltz,
etorri zaite Gernikara ta
hartuko zaitut aprendiz. (BIS)
Peñagarikano:
Garai batean Sebastian zan
Euskadiko txapelduna,
apurtu zitun Jon Lopategi
ta Amuritza bizarduna,
ta honi ere iritsi zaio
galdu behar zuen eguna,
derrigorrean ona behar du
hau atzean utzi zuna. (BIS)
J.Enbeita:
Baina berriro txapela dauka
Muxika aldeko "belak"*,
hemengo haizeak horretarako
dira goxo ta epelak,
gazte mailan be Bizkaian daude
aurten arte bi txapelak,
sagardo gutxi baina hobea
dauka Bizkaiko kupelak. (BIS)
* Belak = Jon Lopategi.
Peñagarikano:
Honi astindu bat emateko ere
ni oraindik nago garaiz,
argazkietan azaldu nintzen
ni guztiz aurpegi alaiz,
Iribar legez Gipuzkoatik
Bizkaiara joaten banaiz,
gaur txapeldun haiz, baina orduan
bigarrena izango haiz. (BIS)
J.Enbeita:
Ez zaite hasi era horretan
alperrikako didarrez,
Euskadikora uko ein zendun
bi bizkaitarrez beldurrez,
ta Gipuzkoan txapela jantzi
guztiak harturik aurrez,
antza Giputxen txapela jazten
derrigor behar du errez. (BIS)
Peñagarikano:
Txapelarekin paseatu nun
Donostiako kalean,
eta uste det ondo dagola
hura Peñan magalean,
gauetan ere lo egiten det
txapelaren epelean,
bera honek'e jantzi egin zun
baina rejionalean. (BIS)
J.Enbeita:
Bere burua atera nahi du
honek nola edo hala,
usteko zuen Bizkai aldean
koldar batzuek ginala,
zail izango du bertso kantutik
ateratzea jornala,
hango primera baino hobea da
hemengo rejionala. (BIS)
Peñagarikano:
Honta ezkero ez da izango
orain hika-mika faltik,
ekibokatu egin zera zu
esango dizut zergatik:
Bera txapeldun, bigarren Unai,
ta Mañukorta orpotik,
zenbataineko maila daukaten
pentsa ezazue hortik! (BIS)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra