Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1993-11-13 Orio Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Xabier "Euzkitze"

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1993-11-13 Orio Jaialdia
Gai-jartzailea
Gesalaga, Jose Antonio "Zaldubi II"
Bertsolariak / Egileak
Egaña, Andoni
Xabier "Euzkitze"
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Egaña, senarra eta Euzkitze, emaztea. Gaur iluntzean senar- emazteak abiatu dira kotxean; eta andrea, Euzkitze, konturatu da kotxean berea ez den oinetako bat dagoela...

Deskribapena

Doinua
Arratsalde on lehendabizitik
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

1993-11-13 Orio Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Xabier "Euzkitze"

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Euzkitze:
Hamaika juerga egiten dezu
bertsotara joatian,
seguru asko neskatxaren bat
ez zenduen apartian;
ta "treinta y siete" tailakua da
ikusi det bapatian.
Zein arraiokin ibili zinan
juan zan larunbatian? (bis)
Egaña:
Susmo txarrikan ez zazu hartu;
ez zaite izan ergela;
bertso saio bat izandu nuen
ohitura dedan bezela.
"Treinta y siete"ko numerua du,
takoiak berriz horrela;
Olasorena izan liteke,
Sarasuana bestela. (bis)
Euzkitze:
Martin Olasok holakoik ez du
ibili bere bizitzan,
ta Sarasua bezain pasotak
badakit nola dabiltzan;
nik pekatuan harrapau zaitut
ta gezurtia ez izan:
auto-estopian zapatera bat
hartu zendunik ez esan. (bis)
Egaña:
Konturatu naiz ustekabean
jauzi naizela lazuan,
era hontako hanka sartzerik
ez nuen bizi osuan.
Zapatatxo bat ikusi eta
ez dago era goxuan.
Baldin izterra topatu balu
zer esango ote zuan? (bis)
Euzkitze:
Nik banekien beste batekin
dibortziatua zinela,
ta segur aski usteko zendun
denak tuntunak ginela.
Ezpain onduan marka gorriak,
belarronduan rimela;
baina ni ez nauzu engainatuko
lehengo andria bezela. (bis)
Egaña:
Engainu eta holakoekin
hortxe ari zait jo-ta-su,
gure arteko amodioa
oraindik dago indartsu;
hurrengo astean berrogei urte
egiteko prest zaude zu.
Hau da lastima, erregaloa
deskubritu egin dezu! (bis)
Euzkitze:
Broma txarren bat izango zala
uste nuen hasieran,
baina zu tranpan jauzi zerala
konturatu naiz primeran:
antisorgailu, pastillak ere
ahaztu zituen guanteran.
Su hartzerako esan zaidazu
zeinekin ibiltzen zeran! (bis)
Egaña:
Azkenerako eskatu dizkit
datuak eta izena,
ondo dakizu edozein neskaz
enamoratzen naizena.
Nere kerida zein izango da?
Han urrutiko Elena,
hain zuzen ere, orain artean
zure lagunik onena. (bis)
Euzkitze:
Sekula ez zait gustatu izan
neri zure martingala,
ondo nekien herririk herri
modu hortan zenbiltzala.
Beraz Elena hartua dezu
orain amante bezala,
ondo probatu nahi bazintuzke
betiko hartu zaitzala. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra