Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1994-07-30 Amasa-Villabona Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Sebastian Lizaso

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1994-07-30 Amasa-Villabona Jaialdia
Gai-jartzailea
Mendizabal, Mikel
Bertsolariak / Egileak
Egaña, Andoni
Lizaso, Sebastian
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Villabonak ere badu bere historia bertso kontuetan. Oker ez banago 1801. urtean Zabala eta Txabalategik kantatu omen zuten herri honetan eta 4.000 pertsona bildu omen ziren garai haietan. Hemen dauzkagu: Zabala Lizaso, eta Txabolategi Egaña. Gaur plaza honi begira daude.

Deskribapena

Doinua
Anai-arrebak hementxe nator
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

1994-07-30 Amasa-Villabona Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Sebastian Lizaso

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


S. Lizaso:
Ez gendun uste gaur Billabonan
berriz bertsotan hasterik,
gaur egunean lan hortarako
baitago jende gazterik,
komeni zaigu lehena eta
oraingoa bereizterik,
gaur egunean ez dute egiten
ordu erdi bat besterik.
Egaña:
Guk kantatzeko asmorik ere
ez degu ekarri aurrez,
baina bertsotan hasiak gera
haserrearen haserrez,
bertsolaritan ze alde dagon
sumatu liteke errez,
kartelean lau, kantatzen hiru
ta bertsolaririk batez.
S. Lizaso:
Harriturikan ari gerala
garbi aitortu beharko,
beren denboran egiten dute
hauek hamaika holako,
gu historira pasa ginaden
lehen zerbait ginadelako,
oraingo hauek seguru egon
ez diradela pasako.
Egaña:
Batzuek jardun egiten dira
besteren batzuk bertsotan,
halare ez da irin berdina
bertsolarien errotan,
gu hiru mila lagun bilduak
gerade herriska hontan,
orain hirurehun biltzen dituzte
ta erdiak erdi lotan.
S. Lizaso:
Gure garaian elkarren kontra
ta orain elkarren alde,
nere ustetan kantatzen dute
aldrebes edo zelebre,
eta jendea engainatzeak
ote du hainbeste mesede?
rimatzen eta neurtzen dakite
arrazoirik bota gabe.
Egaña:
Gaur eguneko bertsolariak
entzun ditugu akabo,
hoien jarduna gaitzetsi eta
harritu gera zeharo,
orain kontutan ibiltzen dira
ta gu serio lehenago,
boseotikan lutxalibrera
diferentzi bera dago.
S. Lizaso:
Oilagorraren tankerakoak
beti du bertso kaxkarra,
ta erdi kalbo dagonak berriz
beti du gaian beharra,
eskerrak batek behintzat badaukan
bere barrenean garra,
hiruretatik bizarduna da
salba liteken bakarra.
Egaña:
Arrazoi dezu neronek ere
neukan aitortu beharra,
plakoa degu eskaxa eta
kalboa degu kaxkarra,
hirutatikan batek badauka
bertsolariaren garra,
hirutatikan potoloa da
salbatzen zaigun bakarra.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra