Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2007-12-01 Ordizia Txapelketa [Bertsoa] / Aitor Mendiluze, Joxe Munduate

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Aldizkako Ekitaldia (Saioarena)
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa (8. 2007)
Saioa
2007-12-01 Ordizia Txapelketa
Gai-emailea
Zaldua, Ion
Bertsolariak / Egileak
Mendiluze, Aitor
Munduate, Joxe
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Laurogeita hamar urteko bi herritar zarete. Adin bereko baten hiletan elkarren ondoan eserita zaudete.

Deskribapena

Doinua
Nere gogoa hegan dijoa
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Txapelketetako Bilduma

2007-12-01 Ordizia Txapelketa [Bertsoa] / Aitor Mendiluze, Joxe Munduate

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


J. Munduate: Jaiotzen danak heriotza du
berekin bizilegea
momentu txar hau hola heltzerik
inork ez du nahi ordea.
Hara alarguna alabarekin
malko artean gordea;
gaur lagunari tokatu zaio
eta hurrena gurea.

A. Mendiluze: Bai amaieran kontraesan hau
sortu ohi zaigu bizitzan;
despedida hau ezin sentitu
bere sendiaren gisan;
gure lagun bat agurtu nahian
elkartu arren elizan
barrutik poz bat sentitzen degu
ez geralako geu izan.

J. Munduate: Behin albistea jaso ezkero
zeinen aurpegi ergela!
Geratzen gera gure zati bat
galdu bagenu bezela;
nahiz eta jakin mundu hontako
bizitza horrela dela
ez dut sinisten ta ez nuke nahi
besterik ez dagoela.

A. Mendiluze: Amestu ezkero paradisu bat
santu ta santaz betea
zeure burua engainatzea
hori da lagun maitea;
gure bizitza lurreko hau da
behin bukatu ta pakea!
Adin honetan bildur bat det nik:
eguna ez jakitea.

J. Munduate: Eguneroko bizitzan ere
zu beti zera maisua;
ikusten danez ezerk ez dizu
sortaraziko izua;
ni baino lehen hiltzen bazera
hain da gauza prezisua:
ezer onikan ba ote dagon
bidal zazu abisua.

A. Mendiluze: Orain artean abisu emanez
ez da itzuli lagunik
ta ez espero nere abisua
ailegatuko zaizunik!
Baina hori bai ez da faltako
malko ta traje ilunik
ta ez engainatu seguruena
negar egingo dizut nik.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra