Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1997-09-06 Zizurkil Jaialdia [Bertsoa] / Jon Enbeita, Iñaki Murua

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1997-09-06 Zizurkil Jaialdia
Gai-jartzailea
Agirre, Amaia
Bertsolariak / Egileak
Enbeita, Jon
Murua, Iñaki
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Demagun, zuek biok, bi alargun zaretela. Badira bost urte zuen senarrak hil zirela, baina bion jarreran badago alderik: zu, Iñaki, urtean behin soilik joaten zara kanposantura bisitan, plastikozko loreak eskuetan dituzula; zuk, Jon, aldiz, astero-astero lore berriak jartzen dizkiozu.

Deskribapena

Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

1997-09-06 Zizurkil Jaialdia [Bertsoa] / Jon Enbeita, Iñaki Murua

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Murua:
Urte dexente pasa da baina
ezin ahaztu nere dama,
ta egunero bisitatzeko
neurriz kanpo daukat lana;
aurpegiratu zait plastikozko
lore-sorta eramana,
baina oraindik ez da ximeldu
bihotzean daukadana.

J.Enbeita:
Urtean behingo bisitaldia
ta ez umore onean,
ni astero ta zure partetik
irri zitala azkenean.
Senarrarekin hitz egiten dut
amesen eromenean,
bizitzak berak ez du balio
ames hau galtzen denean.

Murua:
Ez dago gaizki zu astean behin
hilobiraino joatea.
ez dago gaizki bisitaero
loreak eramatea;
nik une oro ta aldi oro
gogoan daukat maitea,
amodioa neretzat behintzat
ez da itxura egitea.

J.Enbeita:
Baina barrena azaltzen zaigu
egipen denetan guri,
kanpotik horren latza zabiltza
ta barnetik nahi axuri;
hiru plastikoz eindako lore,
bi gorri eta bat zuri,
zure bizitza artifizialan
kanpoko egizko irudi.

Murua:
Nahiz urtean behin joan beregana
ez dut albora utzia,
bainan bizitan eman nion nik
neurekin neukan guzia;
zuk daukazuna da har txiki bat:
ein ezan penitentzia,
nik berriz dena eman nion ta
lasai dut kontzientzia.

J.Enbeita:
Zer dela-eta sortuko dugu
hemen hainbat iskanbila?
Bakoitzak dauka bere bihotza,
doa bere meta bila.
Lore artean bizi ninduan,
hain zan bero ta umila!
Horrexegatik orain nahi nuke
loretan bizi dadila.

Murua:
Bizi dadila lore polita,
nik ere hori dut gustuko,
hara joan eta urtean behin nik
maitasunez abestuko;
ta urtean behin joanagatik,
maitasuna ez zait hoztuko,
ta zu astero joanagatik
ez dezu hura piztuko.

J.Enbeita:
Ene laguna zure mingaina
bihotza bezala dabil;
urtean behingo bisita eta
oraindik zabiltza trankil;
nik astean behin izan nahi nuke
maitearengandik hurbil,
ez dut biztuko zeren sekula
hura niretzat ez da hil.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra