Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1993-10-09 Andoain Jaialdia [Bertsoa] / Iñaki Murua, Xabier "Euzkitze"

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1993-10-09 Andoain Jaialdia
Gai-jartzailea
Irazu Muñoa, Jexux Mari
Bertsolariak / Egileak
Murua, Iñaki
Xabier "Euzkitze"
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Zuek biok zerate bi gorpu hilotzen izpirituak. Zu, Xabier, hemen Andoainen hil zuten Juvenal Villafañe guardia zibilarena, eta zu, Iñaki, kuartelera bizirik sartu eta hilda atera zen Gurutzerena. Izarretan edo hor nunbait topo egin dezue eta bata besteari hizketan hasi zerate.

Deskribapena

Doinua
Nere gogoa hegan dijoa
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

1993-10-09 Andoain Jaialdia [Bertsoa] / Iñaki Murua, Xabier "Euzkitze"

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Murua:
Gaztea nintzan etorkizuna
margotu nuen oparo,
ustekabean bizitza honek
gau beltz batez jo "ordago!"
Kaixo, zu ere hemen zabiltza,
iritsi zinan lehenago;
zure lagunen gehiegikeriz
hilda izarretan nago.
Euzkitze:
Nere lagunik etzazu jarri
orain hiltzaile moduan.
Gure egoerak antz asko dauka
jakingo dezu segituan:
nik zuk bezela dena azkarregi
bukatu nuen munduan,
zu bezain gazte ez nintzan baina
nik ere bizi nahi nuan.
Murua:
Etorri zinan kanpo herritik
eta saiatu ahalegin;
etorri ez bazina askozaz
hobe ginan gu Euskadin;
hala ta guzti, gertakizuna
zuzendu nahi nuke baldin
beste bizi bat Euskal Herrian
alperrik galdu ez dedin.
Euzkitze:
Ai, neska gazte, nik ez dizut nahi
bate meriturik kendu,
baina gu mailaz oso ezberdin
gabiltzala ematen du;
nere aldeko ekintzarikan
hemen ez da nabarmendu,
zu bezelaxe hil naute baina
ni inork ez nau omendu.
Murua:
Omen eskean ez zaitez hasi
ez espero hainbat lora,
alper samarrik heldu zinaten,
behar zenduke gogora.
Lurran gainean etsai ginanak
orain alkarren ondora,
elkar ulertzen saiatu ezik
beti hola izango da.
Euzkitze:
Gorroto gabe hitz egin dezu
horixe dizut nabarmen,
baina lehenak min ematen du
hau geuk dakigu ondoen.
Lehen bizi ginen, gaur izpiritu,
biok aurrez aurre hemen;
elkar ulertzen ez degu jakin
berandu izan baino lehen.
Murua:
Alperrik da ta elkarrizketa
orain zertarako eten?
Gaiztona ere konponbideaz
ari da zerbait esaten.
Utzi iozue herri zahar honi
berak nahi duna izaten,
bihar-etzikoan euskaldunek
zoriona izan dezaten.
Euzkitze:
Barkatu baina nik, neska, ez det
zure iritzi berdina,
ezin liteke justifikatu
zure lagunek egina;
garai baino lehen hil ginen eta
barruan det nahiko mina,
hala ere hori gutxi litzake
azkenak baldin bagina.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra