Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Joxe Agirre

Datu pertsonalak

Izena
Agirre, Joxe
Izen abizen osoak
Agirre Esnal, Jose
Jaiotza
1929 Azpeitia + Azpeitia < Urola Kosta < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
2012 Azpeitia + Azpeitia < Urola Kosta < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria
Jarduerak
Bertso-jartzailea

Datu biografikoak

Biografia
Azpeitiko (Gipuzkoa) Oranda baserrian jaio zen 1929ko apirilaren 23an eta bertan bizi izan da azken egunera arte. Baserrian ez ezik, hogeitaka urtez jardun zen Ezkuztako harrobian, 63 urte beterik lan hau utzi zuen arte. Nekazari inguru horretan bertsotarako zaletasun handia zegoen, eta hor egin zen bertsolari Joxe Agirre: auzoko bertso zerbitzua eginez hasi zen, nekazari inguru horri loturiko ospakizunetan eta tabernako giroan ere bai.

Gazte garaian, herri kiroletan ere jardun zuen, aizkoran eta korrika gehienbat.

Hogeita hiru urterekin, 1962an, egin zuen jendaurreko lehen saioa; Joxe Lizaso zuen kantukide Azpeitiko Arrona tabernako balokoitik egin zuten saio hartan. Orduan hasi eta XXI. mendeko lehen hamarkadaren ia-ia amaiera arte jardun du garaian garaiko bertsolari ezagunenekin plaza partekatuz. Goi-mailako bertsolaria izan da, lau belaunalditako bertsolariekin aritu da ahoz aho, eta, bertsolari zein bertsozaleen aitortza eta begirunea zabala lortu du.

Bertsogintza hitzezko borroka moduan ulertzen duen tradiziotik dator, eta horrek erabateko eragina izan du bere estiloan: bizia, zorrotza, zirikatzailea, erantzun zorrotzekoa..., kualitate handikoa.

Bertso-jartzaile bezala ere izendatu dugu bertso sorta asko jarri izan dituelako enkarguz, batik bat, Loiola Herri Irratirako eta trikitilarien eskariz, baina bat-bateko bertsolaria izan da ororen gainetik. Txapelketei muzin egin arren, plazaz plaza gehientsuen aritu den bertsolaria da.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2009ko txapela janzteko izendatu zuen Bertsozale Elkarteak, eta bera izan zen lehen emakume txapeldunari, Maialen Lujanbiori, txapela ezarri zioena.

2012ko abenduaren 15ean zendu zen, sortutako toki berean, Oranda baserrian.

Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
Azpeitian, 1952, Arrona tabernako balkoitik Joxe Lizasorekin, gari ebakitze garaian; hurrengoa Azkoitian (Madariaga), Artainolako Prontxio kojuarekin.