Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Maialen Lujanbio

Datu pertsonalak

Izena
Lujanbio, Maialen
Izen abizen osoak
Lujanbio Zugasti, Maialen
Jaiotza
1976 Hernani + Hernani < Buruntzaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria
Jarduerak
Bertso-jartzailea
Doinu sortzailea edo moldatzailea
Eragilea
Bertsogintza analisi egilea
Jarduerei buruzko azalpenak
Bertsolaria:
XXI. mendeko lehen hamarkadetako bertso-plazetako bertsolari erreferente handietakoa, bertsogintza garatzeko formatu guztietan. Bertso lehiari dagokienez:
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia: 1997 (finalista); 2001 (txapeldunordea); 2005 (finalista); 2009 (Txapelduna); 2013 (txapeldunordea); 2017 (Txapelduna); 2022 (Txapelduna).
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: 1995 (partaide gazteena); 2003 (Txapelduna).
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa: 1999 (kanporaketak).
Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa: txikien maila (10-14 urte), 1990 (txapeldunordea); handien mailan (15-18 urte): 1991 (finalista), 1992 (finalista), 1994 (txapeldunordea).
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Txikien maila (10-14 urte): 1988 (finalista), 1990 (Txapeldun, Hernaniko taldean, Anjel Telleria, Iñaki Lete eta Gorka Tolosarekin). Handitan (15-18 urte): 1991 (Txapelduna), 1992 (txapeldunordea), 1993 (finalista), 1994 (Txapelduna).
Xenpelar saria (Errenteria): 1990 (finalista), 1991 (finalista; bertso onena).
Lizardi saria (Zarautz): 1991 (finalista), 1992 (txapeldunordea; bertso onena), 1993 (txapeldunordea).
Osinalde saria (Gabiria): 1992 (Txapelduna; bertso onena).
Zarauzko Kopla Txapelketa (Zarautz): 2009, 2018 (Txapelduna), 2019 (Txapelduna), 2021 (txapeldunordea).
Udazkeneko Zapi Janztea (Zaldibia): 2017 (Zapiduna), 2018 (Zapiduna).
Zortziko Txiki Txapelketa (Amalloa, Markin-Xemein): 2025, 2026 (Txapelduna).

Bertso-jartzailea:
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, 15-18 urte: 1991 (1. saria).
Argitaratzeko eta ekitaldi jakinetan kantatzeko hainbat bertso sorta idatzi du (ikusi, "Bestelako bertso-sortak")
Kanturako bertso-sorta eta hitz neurtu asko sortu du, proiektu propioetarako edo kantarientzat.

Doinu sortzaile edo moldatzailea:
Aberatsa da euskal kantagintza eta bertsogintza tradizioko doinuak, baita inguruko beste kulturetakoak ere, moldatu eta bertso-jardunerako egokitzen egindako ekarpena (ikusi "Doinuak").

Bertsogintza analisi egilea:
Bertsogintza eta bertsolaritza sakon aztertu du. Islatu da eskaini dituen hitzaldi eta ikastaroetan, aurkeztu dituen ponentzietan eta aldizkari desberdinetan argitaratutako artikuluetan (ikusi "Liburutegia").

Eragilea:
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Zuzendaritzako kide izan da urte askotan, ardura desberdinekin. Lehendakaritza taldeko kide izan da 2018tik 2024ra.

Datu biografikoak

Biografia
Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen 1976ko azaroaren 26an, eta bertan bizi da. Hernanin, Urumea ikastolan eta Agustin Iturriaga institutuan egin zituen Unibertsitatea arteko ikasketak. Arte Ederrak lizentziatura burutu zuen gero, Euskal Herriko Unibertsitatean (Bilbo, Bizkaia); Bilbon bizitu zen ikasketa aro honetan (1994-2000). Ikasketak amaitu ondoko urtea munduko beste bazter batzuk ezagutzeko baliatu zuen. Bilboko garaiak eta ondorengo urte honek bere ikuskera eta sormenan eragin nabarmena izan dutela esan izan du berak.

Bertsolaria da afizioz eta ofizioz. Hitzen eta letren alorrean bizi da, bat-bateko bertsogintza landuz nagusiki, bertso idatziak landuz tarteka, eta hitzatik abiatutako bestelako sorkuntza saiakeratan murgilduta.

Eskola garaian, Urumea ikastolako bertso-eskolan, Juanjo Uriaren eskutik, lotu zen bertsolaritzara. Laster hasi zen parte hartzen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, eta nabarmentzen. Bertsolari gazteentzako antolatzen ziren sariketetan parte hartzen hasi zen gero (Xenpelar, Lizardi, Osinalde), eta hamabost urterekin egin zuen jauzi plaza handira, handien plazara, Hondarribian, martxoaren 8an. Handik atzera, handitzen eta zabaltzen joan da bere itzala, XXI. mendeko lehen hamarkadetako bertsolari erreferente handietakoa bihurtu delarik, bertsogintza zein bertsolaritza alorrean.

1995an hartu zuen parte lehenengoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, bera zelarik bertsolari parte-hartzaile gaztena. Bigarren parte-hartzean, 2003an, irabazi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta Juanjo Uriak, bertsolaritzan lehen urratsak ematen lagundu zionak, jantzi zion txapela.

1997an hartu zuen parte lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta finalera heldu zen. Orduz gero jokatu diren guztietan parte hartu du, eta guztietan heldu da finalera: txapelduna izan da 2009an, 20017an eta 2022an, eta txapeldunordea 2001ean eta 2013an. Guztiak izanik garrantzitsuak, esangura handikoa izan zen 2009koa, nagusiki, txapelketa honen historian emakume batek Txapel hau janzten zuen lehen aldia zelako, baina baita Andoni Egañari lekukoa hartu ziolako ere, 16 urteren ondoren; Joxe Agirre "Oranda"k jantzi zion txapela.

Horregatik guztiagatik, eta ohiko plazaz plazako bertso-mugimenduan daukan presentziagatik, XXI. mendeko lehen hamarkadetako bertsolari erreferente nagusietakoa bilakatu, bertsogintzaren alorreko formatu guztietan zein bertsolaritzan: plazaz plazako bertso ekarpenari, moldatu eta plazaratutako doinuak, idatzitako iritzi artikuluak, bertsogintza eta bertsolaritzari buruzko analisiak, mahainguruak eta ikastaroak gehitu behar zaizkio.

Bere bat-bateko bertsokera landu eta garatzeaz gainera, bertsotik abiatutako bestelako sorkuntza ariketak ere abiatu izan ditu Maialen Lujanbiok: 2006.etik 2011ra Ornitorrinkus proiektua ondu zuen Judith Montero eta Xabier Erkiziarekin. Musika esperimentala, hotsak eta hitzak bat eginez, "Ornitorrinkus" diska-liburua eman zuten argitara. 2011.ean "Txori Mugariak" irrati performancea sortu zuen Xabier Erkiziarekin; eta 2013.eko udan, "Hegi, Egia, Egiak" proiektua aurkeztu zuten Erkizia eta Lujanbiok. Ildo beretik heldu dira "RR" eta "Erre(AH)la" proiektuak.

Bat-bateko ahozko arizpideen kultura arteko harremanak estutzen, esperientziak partekatzen, eta elkar ezagutzeko bidean ekarpen ugari egin du Bertsozale Elkartearen eskutik batik bat, 2003an antolatutako Ahozko Inprobisazioa Munduan lehen kulurarteko topaketa hartaz gero.

Euskal prentsan eta irratian iritzi-emaile lanak egin izan ditu, Euskal Herriko zenbait musika talderen kantuetaralo hitzak idatzi izan ditu eta kartelgintzan ere aritu izan da; Maialen Lujanbiok sortua da Ahozko Inprobisazioa Munduan kulturrarteko topaketa (2003) errepresentatzeko irudia.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartean eginkizun eta ardura asko bete ditu urte askotan. Lehendakaritza taldeko kidea izan da 2028tik 2024ra.

Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
1987an, Hondarribian, Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, txikien mailan.
1992an, lehen plaza "serioa": Hondarribiako Kofradian, Emakumeen Egunaren testuinguruan, martxoaren 8an.

Argitalpenak

Argitaratutako liburuak
Hau kuaderno bat zen: hau kuaderno haren berrinterpretazioa. Euskal Kulturgintza graduondoa. HUHEZI-LANKU, 2010.
Argitaratutako grabazioak
Xabier Erkizia, Judith Montero, Maialen Lujanbio. Ornitorrincus. 2010 (autoedizioa)
Beste argitalpenak
Kantu-hitzak:
Lasai gazte (Jexux Mari Irazurekin). Su gainean dantzan. Ange Dualde. Elkar, 1994.
Zertarako mugak jarri (Jexux Mari Irazurekin). Zertarako mugak jarri. Mikel Markez. Elkar, 1995.
Hauts majikoak. Uhinez uhin. Maixa eta Ixiar. Elkar, 1996.
Kopia bat gehiago. Azken momentuan. Mikel Errazkin. Hirusta, 1997.
Mila galdera. Inshala. Alaitz eta Maider. Elkar, 1999.
Diruaren pasarela. Inshala. Alaitz eta Maider. Elkar, 1999.
Kaosaren xarma. Inshala. Alaitz eta Maider. Elkar, 1999.
Hipokresia naiz. Made in Euskal Herria. Esne beltza. Gaztelupeko hotsak, 2008.
Lehengo munduaren azkena. Karitateko Bentak. 2008.
...eta azkenak hasiera... Ortzemugak begietan. Ken Zazpi. Elkar, 2010.

Argitaratugabeak eta azterlanak
Sarrionaindia hostoz hosto (https://www.badok.eus/author/mlujanbio/). Bilbo Zaharra euskaltegiaren hitzaldi zikloa (2015).
Ekoizpen oharrak
Ahozko Inprobisazioa Munduan, Euskal Herriko Bertsozale Elkareteak antolatutako 1. kulturarteko topaketa (EHBE, 2003), errepresentatu duen irudiaren sortzailea da. Sortzaile gisa ere parte hartu zuen topaketa horietan, eta esku-hartze nabarmena izan du geroztik gure lurretan zein atzerrian burutu diren hartu-eman ekitaldi ugarietan, sortzaile zein analisigile gisa.

21.Korrika-ren lekukorako mezua idatzi du eta amaiera ekitaldian irakurri (2019-04-14): Klika! Sistema eragilean.

Hitzak, ahotsak, hotsak, irudiak, soinuak ... uztartzetik sortutako hainbat proiektu landu ditu, batik bat, Xabier Erkiziarekin:
Ornitorrincus. 2006an aurkeztu zuten proiektua eta 2010ean argitaratu zuten liburu eta disko formatuoan.
Txori mugariak (2011). Mugak, migrazioa eta lurraldetasuna jorratzen dute.
Hegi, Egia eta Egiak (2013). Irrati performantze eta ikuskizun esperimentala.
RR (2018)
RR_memoria erre(AH)ala (2022)