Jaio 1877-12-18
Hil 2024-12-18
Lezon (Gipuzkoa) jaio zen, 1946ko irailaren 2an, langile sendi batean. Irakaslea, ikerlaria eta idazlea izan da. Karmeldarren bi komentutan egin zituen lehen ikasketak, Zornotzan (Bizkaia) eta Alesbesen (Nafarroa). Gero, Filosofia eta Letrak ikasten hasi zen Donostian, eta Filologia Erromanikoa egitera joan zen Salamancako Unibertsitatera (Espainia); arrasto handia utzi zioten bi irakasle izan zituen hemen, Koldo Mitxelena eta Fernando Lazaro Carreter. Filologia Erromanikoan lizentziaturik, Euskal Filologiako doktore gradua egin zuen 1987an (EHU), "Pierre d´Urteren hiztegia: Londres 1715" izenburua duen tesiarekin, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean.
Irakasle jardun zuen, Errenteria eta Donostiako institutuetan lehenik, eta Deustuko Unibertsitatean (EUTG), euskara eta euskal literatura irakasle Bordeleko Unibertsitatean (Okzitania), eta euskara eta euskal literatura irakasle UNED urrundikakako unibertsitatean (Madril, Espainia) azken aldi luzean, erretiroa hartu artean.
Literatura, saiakera, ikerketa eta artikuligintza jorratu ditu. Ibilbide luze eta oparoa egin du euskal antzerkia eta bertsolaritza ikertzen, alor horietako izkribu zahar eta ezagun gabeen bila. Berak sortutako patriurkizu.eus webgunean bildu du bere obraren katalogoa, argitaratutako guztiaren lagin zabala, bere ibilbidearen pasarteak, eta 2023ko abenduaren 1ean aurkeztu zuen "Eskribu galduen bila" autobiografia liburua.
Bertsolaritzari dagokionez, antzinako bertsolaritza izan da bere ikergai nagusietakoa, arreta berezia jarri duelarik Ipar Euskal Herrietan, eta emaitza oparoa, askotarikoa eta aberatsa utzi du. Horren lekuko Etor argitaletxearen eskariz burututako Bertsolaritzaren Historia I eta II liburuki mardulak, non 1900ren aurreko Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak, asko ineditoak, bildu eta argitaratu zituen (Etor,1991). Nabarmentzekoak ere, Agosti Xahok eta Anton Abadiak egindako lanen azterketak. Horrez gain, luzea da han-hemen, argitalpen desberdinetan, argitaratu dituen artikulu eta azterlanenen zerrenda; lan mardulak argitaratu ditu Bertsolari aldizkarian.
Literatura alorrean ere alor asko jorratu ditu: poesiagintza, eleberrigintza, entsegua, bertsolaritzaz eta antzerkiaz bereziki, eta literatur kritika; literatura lehiaketa askotako epaimahaikide izan da, tartean, Espainiako Literatur Sarietakoa.
Euskal Idazleen Elkarteko presidentea zortzi urtez (1989-1997), Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea (1991ko urtarrilaren 31tik; Hiztegigintza, Lexiko Ebazpenen Finkapena, Literatura Ikerketa eta Euskal Literatura Antologia batzordetan jardun da) eta Eusko Ikaskuntzako hizkuntza eta literatur saileko burua izan da. Jaioterriko, Lezoko, alkatea izan zen frankismo osteko aro berriko lehen legegintzan (1983-1987); aitzindariak izan ziren euskararen erabilpena sustatzeko Hizkuntza Politikak ezartzeko erabaki eta jokamoldetan.
Euskarazko ikerlanen Resurrección Maria Azkue saria eman zioten 1987an (Bilboko Aurrezki Kutxa), eta "Urrezko Luma" 2024ko ekainaren 4an euskal literaturaren eta kulturaren adar askotan egindako lanagatik (Bilboko liburu azoka, Bizkaiko Foru Aldundia). Horrezaz gain eskerronezko aitortza ugari jaso du: Donostiako Udalaren omena (2023ko martxoak 27) Antzerkiaren Nazioarteko Egunean; Lezoko herriaren omena bere liburu autobiografikoa aurkezteko egunean (2023ko abenduak 1).
2024ko abenduaren 18an zendu da 78 urte dituelarik, Donostian.
Hil 1869-12-18
Bertsolaria zen, bere anaia Xenpelar bezala. Maria Luisak eta Xenpelarrek Errenteriako liho fabrikan egiten zuten lan. Buru argia eta irakurle amorratua, bertsotan fin aritzen zen eta sarritan jardun zuen bertsotan bere anaiarekin batera.
1869an baztanga zabaldu zen Errenterian eta Xenpelar gaixotu zenean, Maria Luisa, lau urteko alabatxo Joxepa Antoni senarrarekin utzi eta anaia eta ilobatxoak zaintzera joan zen, bere bizia eta sabelean zeramanarena arrisku gorrian jarrita. Xenpelar 1869ko abenduaren 8an hil zen, 35 urte bete gabe, eta egun berean jaio Daniela, Maria Luisaren alabatxoa. Egun gutxi egin zituzten bizirik ama-alabek: Daniela abenduaren 17an hil zen, eta Maria Luisa 18an; biak baztangaz.
Alabak, Joxepa Antoni Aranberrik, amaren bertsotarako gaitasuna eta irakurzaletasuna zituen. Maria Luisa hil zenean, aita, Jabier Aranberri, eta amona, Rita Berrondorekin bizi izan zen. Aita ez zen bertsozalea, eta ez zekien irakurtzen ezta idazten. Joxepa Antoniren bertsozaletasuna amona Ritarengandik jaso zuela uste da.
Iturria:
- PEREZ, Elixabete. Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar 1835-1869. Bidegileak bilduma, 2011. https://tinyurl.com/yx9ulubw ]
- PEREZ, Elixabete. Joxepa Antoni Aranberri "Xenpelar". Errenteria: Udala, 2013. https://tinyurl.com/y4h2uyrk ]
- ZAVALA, Antonio. Errenteriako bertsolari zaarrak. Auspoa bilduma; 74-75. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10614.pdf ]
- LARRAÑAGA, Carmen. Del bersolarismo silenciado. http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/jentil/06/06057073.pdf