Pobre jaio nintzan ta
orain ere pobre
dirutikan ez daukat
sekulan ez sobre
hortikan arkitzea
baezpa det libre
gaurko egunerako
ez al degu hobe?
Hil 1961-10-13
Ezkongabea. Josefa Lertxundi eta Inazio Mari Galo Etxaberen 4 seme alabetatik gazteena zen. Aita ere bertsolaria zuen, semea baina plazagizonagoa zen, parraldazale amorroatua. Axentxio berriz ez zen plazagizona, taberna eta lagunartean bakarrik egiten zuen.
Idazten ez zekien arren bertso jartzaile aparta omen zen, lagunak bazituen Axentxiok bertsoak idazteko. Anita Ernategi bata, ezkondu arte Txanka baserrian bizi zena; Pello Saikola bertsolari eta lagun handiak ere sarri lagundu zuen; Frantzisko Lertxundi, Errikotxian iloba, Andu baserriko bertsolariak ere idatzi zizkion bere bertsorik.
Bertso sorta asko egindakoa da Axentxio, eta batez ere Donostiako estropadak izaten zituen gai. Estropaden kronika ederrak dira. Hala ere, Arrantzale, Orioko zezena, San Inazio...ere bertsoak jarri izan zizkion.
Axentxio gizon ona, umila, zuzena eta prestua omen zen, bere buruari hamaika bertso botatakoa da. Babarrun biltzea joan zen batean, bihotzekoak eman eta zendu zen.
Bat-batean oso patxaran kantatzen omen zuen, lagun artean eta tabernan. Ez da guregana heldu bertsorik. Aita horretan gehiago omen zen.
Jaio 1916-10-13
Aieten jaio zen 1916ko urriaren 13an eta 1999ko abenduaren 18an hil.
Bertso jartzaile bezala, berandu hasi zen, 47 urterekin eta lagun batekin egindako apustu bat medio. Lehen bertso sortaren ondoren dozenaka bertso sail argitaratu zituen orduko egunkari eta aldizkarietan.
Kirolari bezala, hamahiru bat urterekin hasi zen toka eta bola jokoa Munto baserrian. Geroztik, dozenaka txapel eta garaipen batu zituen Euskal Herrian zehar antolatzen ziren lehiaketetan. Oso pertsona estimatua izan zen auzoan eta inguruko herrietan. Ezagutu zutenek, bolari, tokalari eta bertso jartzaile handia izatearen gainetik Manuelen umiltasuna, gizatasuna eta ontasuna gailentzen dituzte.
Iturria: 2016an Aiete auzoan antolatu zuten omenaldiko azalpenetik.
Jaio 1846-10-13
1846eko urriaren 13an Azkainen sortua, lanbidez laboraria izan zen Azkaineko "Patinenia" etxaldean eta azkenik Donibane Lohizuneko Fargeot auzoan. Bat-bateko bertsolaria, hainbat sariketetan irabazle ere izan zen. Sei seme-alaba izan zituen. Donibane Lohizunen hil zen 1925eko abuztuaren 29an.
Bere izenaren aldaerak agertu dira: Patri Urkizuk Lore Jokoen inguruan egindako bilketa lanean, Maria Luisa Osorio bezala agertzen da; eta Beñat Soulek egindako lanean, Mari Luixa Erdozio bezala jasota dago.
Bi aldiz irabazle izan zen Antton Abadiak antolatutako Lore Jokoetako bat-bateko sariketetan: 1869an (Ibarrartekin batera) eta 1875ean (Etxetorekin batera). Saridun ere izan zen 1884an, 3. postua lortuta.
1875eko sariketan saio bikaina egin zuen: "Bertsu emanaldi bikaina egin bide zuen 1875an M. Etchetorekin gaia zutela: "gerlara zoan gizon gazte (Etcheto) baten adioak bere andregaiari (M. L. Erdozio)". Entzuleetan zegoen De Chambrun andereak sari berezi bat eskaini zion bukaeran azkaindar emazteari" (Soule, 2011).
Irudia: Txakur Gorria
Iturria:
- Soule, Beñat. "Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez". Bilbo: Erroteta; Euskaltzaleen Biltzarra, 2011
- Urkizu, Patri. "Anton Abbadiaren Koplarien guduak (1851-1897)". Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997. http://hedatuz.euskomedia.org/4007/1/03011059.pdf