Jaio 1922-08-02
"Iurretan jaio nintzan 1922an, abuztuaren 2an.
Ertzilurrutiko etxe honek hiru bizi-leku zituan eta hirurok senideak ginen. Baserria benetan zabala zan, bista ederrak eukazan. Kaminoa be Durangorako bostehun bat metrotara eukan eta Iurretako eliz ondora beste hainbeste. Etxe aurreak labrantza erabiltzen ziran eta atzekaldeak danak ziran pago eta aretx. Baziran urki eta gorosti batzuk be. Proba-lekua eta bolatokia be baeukazan; han emoten eben gure aurrekoek denpora, batean proban eta bestean bolan.
Gure lurrak guztiz gogorrak ziran, izan be buztin lurrak ziran. Goldeaz bueltatzeko lau ganadugaz egin beharra egoan. Gure aitak esaten ebanez, hiru aro egozan egunean; goizean goldekatu eta apurtu, eguerdi inguruan onda astindu eta arratsaldez tokor lur horreek erabiltzea ez zan txantxetakoa. Han hartzen ziran artaburuak ikusgarriak izaten ziran. Makina bat talo eta arto egositako jan genduan sasoi haretan. Gure baserri horrek, aurrekaldean, labea eukan eta bertan egiten genduan asterako labasua. Arto labaldia atara ondoren, sara (zesto) bete sagar botatzen genduan. Gaur be ahaztu barik ditut ondino sagar apotra hareek.
Gaur aldatuta dago lehenagoko gure etxaldia. Han ziran arboladiak bota ebezan, hango perretxikuak amaitu ziran betirako. Makina bat perretxiko batu genduan saparrotan etxearen atzera urten ezkero. Horrenbeste batzen genduan, saldu be egiten genduzala. Gure auzoko andratxo bat egunero joaten zan Bilbora eta berari saltzen geuntsozan. Nahiz eta askorik pagau ez, gozotarako lain ateratzen genduan"
"Bertsolari Eguna 1990" liburutik. Bere biografia: https://bdb.bertsozale.eus/web/liburutegia/view/4091-bertsolari-eguna-1990-jose-alberdi-eta-basilio-pujanaren-omenaldia
Hil 2024-08-02
Jaio 1948-08-02
Hil 1930-08-02
Oiartzungo (Gipuzkoa) Ergoien auzoko Galtzadeta baserrian jaio zen 1864ko martxoaren 22an. Juan Kruz Irastortzarekin Oiartzungo Ergoien auzoko Zabale baserrira ezkondu zen 1907an, 43 urte zituela, eta hemen zendu zen 1930eko abuztuaren 2an. Ez da ezkondu ondorengo bertsorik edo bertso jardunik jaso.
Martxelina bertsolaria zen, bertsolari trebea, nahiz eta garai haietan emakume izanagatik arazoa besterik ez izan. Aita Zavalak berari buruz gogoratutakoa eta bertso gutxi batzuk jaso ahal izan zituen: Erromerietan eta bileretan bertsolariak omen izaten zirenean Martxelina harengana hurreratu eta sarritan beraiekin bertsotan lotzen omen zen, batzuetan entzuten zegoen lekutik eta beste batzuetan bertsolariengana hurbilduta. Martxelinaren lau ahizpek eta lagunek ez omen zuten gustuko hau eta errietan egiten omen zien, eta beragandik alde egin, baina hura bertsolaria izanik, ezin gelditu. Jaietan Galtzadetara inor laguntzera joandakoekin ere bertsotan aritzen omen zen, eta edozein momentutan erantzuna ere bertsotan ematen zuela Martxelinak. Bizia eta ausarta zela edozein gizonekin bertsotan aritzeko, eta gizasemeen moduko ahots altua zuela.
Oiartzungo “Hau leku aittorra” lanean jasota dagoen bezala, Laxaro eta Joxe Miel Eskudero Lekuonaren kontaerari jarraituaz, Artikutzan urtero bertsolari txapelketa egiten zen San Agustin jaietan, abuztuan. Urte batean, Martxelina eta Txirrita aritu ziren, eta bertso ezagun hauek kantatu zituzten, jarritako gaiari erantzunez. Urte horretan, bi bertso horien ondoren saria Martxelinari eman zioten (doinuak aipatutako liburuan bertan aurki daitezke):
--Txirritak:
Aditu bihaituzu
nere abisuak
hoyek izango dira
gauza prezisuak
jakiñaren gañian
jarri gurasuak
bestela ez du baliyo
nere desiuak.
--Martxelinak erantzun:
Aitakiñ eta amakiñ
konpontzen naiz ondo
haitaz eskusarikan
jartzerik ez dago;
jakiñaren gañian
dirade lenago
libertadia hartua
aspaldiyan nago.
“Hau leku aittora” lan horretan ere jasota dago Martxelinak hurrengo urtean Artikutzan Txirritari kantatutako bertso ezezaguna jasota dago, neurriarekin gorabehera askorekin:
Aspalditxuan dabilkit
gauza bat goguaz
edadian ‘e bastate
aurrera baiguaz
biyek ezkondu ta biziko gera
txit modu kuriyosuaz
zuk bersuak atera ta nik
kanta-paperak salduaz.
Eta Txirritak Martxelinari bota omen zion bertsoa ezagunagoa da:
Martzelinatxo deitzen diote,
Galtzaretako alaba,
zere denboran egiña zera
zeinbait kanta ta algara,
kantak aztuta bizi biazu
nekin ezkontzen bazera.
Eta aldaera hau:
Martzelinatxo du izena,
Galtzaretako alabak;
begira dagon jendiak ere
esango dute: Ala da!
Batzuek parra egingo dute,
bestiak berriz algara,
kantak aztuta biziko zera
nekin ezkontzen bazera.
Lexoti bertsolariak ere Oiartzungo Galtzadetako neskatxa batekin (ustez Martxelina) maiteminduta zegoen amerikano baten bertsoak ere gogoratzen zituen:
--Amerikanoak:
Zure ait'eta amak eta nik
itzez tratatu genduan:
al baldin bazan esposatzeko
biyok aurtengo neguan;
oraintxen laixter esan beauzu
zer dadukazun goguan;
bazenakizu ni zuretzako
zer gauza ona naguan!
--Martxelinak:
Zu gauza ona baldin bazaude
munduan ez da txarrikan,
badirurizu gaur bertan irten
zerala infernutikan;
naiagatikan ez dezu entzungo
nigatik baiezkorikan,
etzait gustatzen zu bezelako
mutilzar itxusirikan.
--Amerikanoak:
Ez al diozu begiratutzen
nere poltsa diruari?
Ortatik sobra dabilkigunak
gauza daukagu ugari.
Ez al dituzu ikusi izandu
errian zenbat dendari
jatekorikan eman nai ezik
dirurik eztuenari?
--Martxelinak:
Orrelakorik eztet aditu
jaiotzetik oraindaño,
nere negarra zabalduko da
Amerikatik auntzaño,
zuk izan arren urre ta zillar
zedorri estaltzeraño,
nik naiago det neskazar bizi
zurekin ezkondu baño.
Inazio Mitxelena "Artxabaleta"-ri Martxelinak botatako bertsoa (Oiartzungo plazan?) ere gogoratzen da:
Artxabaleta, mutil polita,
gustatzen zitzaidan gaztetan;
onta ezkero igualtsu da
esan eta're plazetan;
nai dezunian juan zaitia,
antxen bizi naiz Galtzatan.
"Hau leku aittorra" lanean, Martxelinak ere emakumeek bertsotan jasan behar izaten zituzten irainak jasan behar izan zituela dakar, Laxaro Eskuderoren bidez jakinda:
“Goizuetako Kaiku esaten ziotena aitzen zen kantari zerbatte –baño ez zen bersolaiya, e?-, ta harrek astokei batzuk esanak, gaizki esanak, puta bat izango balitz bezela, postura hortan. Ta [Martxelinak] geyo ez zela jongo esan ‘men zun, plaza(ra), ta ez ‘men zen jon geyo. Hoi ‘re aittu izan dut. Kaiku, ikazkin aitzen zen, ta herrira etortzen bazin beti mozkorrak, biño [bertsolari bezala] ez zun baliyo ezer."
(...)
"Joxe Miel Eskuderok zioenez, Martxelina ez zen tabernetara joaten, kantatzera, edozer gauza entzun behar izaten baitzuen…!, baina “bersolai ona ‘men zen, gue attak hala ‘saten zun”."
Irudia: Txakur Gorria
Iturria:
- Zavala, Antonio. "Oiartzungo beste lau bertsolari". Auspoa; 119. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10682.pdf ]
- Mendizabal, Agustin. “Hau leku aittorra! : Oiartzun haraneko kanta eta bertso zahar bilduma berria”. Oiartzun: Udala, 2017.
Jaio 1914-08-02
Triztan Ximun Erramouspe Karrikaburu, Peio Erramouspe "Manexene"ren semea, 1914ko agorrilaren 2an sortu zen Bankan. Apezgai gisa, ikasketak egin zituen Uztaritzen eta Baionan. Ezkondu zen 1954ko ekainaren 5ean Donibane Lohizuneko Luixa Passicotekin, eta edari saltzaile izan zen lanbidez. Haurrik ez zuten ukan. Donibane Lohizunen bizi izan ziren, bainan azken urteak Bidarrain iragan zituzten. 1988ko maiatzaren 25ean zendu zen.
Bertsutan aitarekin ikasia zuen. Gehienak idatzirik eman zituen, zorigaitzez gazterik ixildua. Gure Herria aldizkarian agerrarazi zituen ere hainbat ipuin eta kondaira, saristatuak izan zirenak.