BERTSOLARITZAREN DATU-BILKETA


Agenda bertsozale guztiei zabaltzeaz gain, bertsolaritzaren behatokia izatea da Xenpelar Dokumentazio Zentroaren egitekoa. Horretarako, bertsolaritzaren inguruko ekitaldi eta bertso saioen berri jasotzen du, bertsolaritzaren osasuna neurtu ahal izateko.

•    Bertsolaritzak leku eta garai ezberdinetan izandako bilakaeraren argazkia egiteko informazio iturria da.

Ikerketarako edo bertsolaritzan eragiteko datuak dira. Zure herri, eskualde edo herrialdeko aurreko urteko egoera Bertsolaritzaren Mapan aurkituko duzu. Bilakaera zabalagoa edo zehatzagoa behar izanez gero (garaia, adina, sexua,..), jarri gurekin harremanetan.

•    Euskal Herri mailako grabazio-sarea sustatzeko ezinbesteko tresna da.

Bat-bateko jarduna izanik, grabatu ezean ez da jasoko bertso sorkuntzarik. Bertsoa.eus-ekin elkarlanean Euskal Herri osoan zehar sortutakoaren lagina grabatuta izatea dugu helburu. Urtero egiten den Bapatean bilduma ere grabazio hauen bitartez osatzen da, urte horretan antolatu diren bertso-saio guztien araberako hautaketan proportzioak zainduta (saio motak, herrialdeak, bertsolariak...).

Bi helburu hauek betetzeko, saioren bat agendan publikatu behar ez izanagatik ere, informazioa helaraztea garrantzitsua da, bertsolaritzaren argazki osoago bat eskaini ahal izateko.

Zuek antolatutako saioen berri eman nahi izanez gero, agendan zabaltzeko izan edo ez izan,

idatzi edo deitu Xenpelar Dokumentazio Zentrora:

xenpelar[abildua]bertsozale.eus / +34 943 694 277