Bertsos - View details To know more about this section
Zubeltzu bertsolaria [Bertsoa] / Karlos Larrañaga
Zubeltzu bertsolaria [Bertsoa] / Karlos Larrañaga
Dokumentu-mota:
Liburuxka
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
1
Hemeretzigarreneko
mendearen azkenean,
paregabeko Mardari
Itziarko auzunean,
Jose Antonio mundura
erditua zen unean,
nork pentsatu zer garrantzi
zatekeen ondorenean,
aitzindari bihurtu zen
hemengo bertso lanean,
bidea urratu zenuen
zuk unerik zailenean,
gaur umezurtz ginateke
zu gidaritzan ezean,
horregatikan zaitugu
oraindik oroimenean.
2
Zubeltzu-Zahar baserritik
Bertso kantari hasita,
Plazaz plaza eta nonahi
Bertsoetarako zita,
Igande arratsaldetan
Santuarana bisita,
Uztapide ere hantxe
Olaberritik jaitsita,
zenbat bertso ote dago
horma haietan itsatsita?
Une zirraragarriak
Zuek kantari ikusita,
Zuek ereindako lurra
Gaur dago lorez jantzita.
3
Bizitza beti bizitza
gozo-mikatz hotz eta bero,
lehen ere horrela zen
eta izango da luzaro,
baina urte garratz asko
zenituen zuk igaro,
gerra krudel bat tartean
gero gosea bezero,
miseria zen garaile
ezer ere ez oparo,
euskarari jasarpena
bazuen nahiko borrero,
zure bertsoak ziren bai
euskararentzat abaro,
gaur gara zu zinelako
eta izango gara gero.
4
Gerra ondoren garratza
garratzikan bada ezer,
kupidarikan gabeko
zenbat egoera anker,
sendi askotan negarra
txikituak hainbat bazter,
euskara debekatua
erraiak nahi zituzten leher
euskara itoz geroztik
bertsoak galtzear laster,
baina gotorlekuetan
gorde zenuten zeozer,
aitaren etxeak zutik
iraun badu halaber,
neurri handi baean da
zuen bertsoeri esker.
5
Mila bederatziehun ta
berrogeita hemeretzian,
omenaldia eskaini
sortu zinaden herrian,
urte asko joanagatik
daukagu oroimenean,
herritar danak irrikaz
diosal zuri egin nahian,
Palo harria jasotzen
zu begira han balkoian,
orduan ere Manuel
zenuen aldamenean,
haren bertsoek hunkitu
zintuen une batean,
zioen:”nire onenak
hiri ikasi nizkian”
6
Zubeltzu hantxe balkoian
bihozbera sentiberan,
bihotzez eskertu zuen
herritarren arrera,
baina sentimendu danak
hitzez nola azalera,
bihotzak agintzen zuen
hitzak kasikan sobera,
begiak lausoturikan
bi tanta masail aldera,
bi begi haien distira
eta bertsoak airera
maitasun sentimenduak
alde batetik bestera,
maitatzen zuen herriak
zenbat maite zuen bera .
7
Zure ospera ez zegoen
Itziarra mugatua,
herriz herri bertsoetan
nola zinen aritua,
asko zenuen emana
asko zinen saiatua,
Gipuzkoan bereziki
zinen oso maitatua,
horregatikan Donostin
berriro ere omendua,
zazpi herrialdetatik
jendetza inguratua,
Zubeltz udenen ahotan
berea zen meritua
zuk sortutako ur-tanta
bihurtu sa olatua.
8
Nekazaritza izan zen
Jose Antonion langintza,
baso-lanetan soroan,
eta sarritan itzaintza,
inoren aginduetara
morrontzak duen baldintza,
lana galanki egin bai
baina urria emaitza,
ez zuen bikoterikan
bakardadean bizitza,
urteekin zimelduaz
lehen sendo zen haritza,
Lasao-Handi izan zuen
Zahartzarorako egoitza,
Han ixildu zen betiko
Eta han eman azken hatsa.
9
Itziarko atalaiatik
ortzira nago begira,
Mardariko inguruan
bi izar ageri dira,
hor dabiltza joan-etorri
etengabe jirabira,
Zubeltzuren bi begiak
dira so bere herrira,
gozo abestu nahi nuke
izpi horien argira,
baina nik ezin dut egin
merezi duzun neurrira,
zer esan herritarrikan
kuttunenaren harira,
inoiz ez da itzalduko
zure bertsoen distira.