Bertsos - View details To know more about this section
2017-10-08 Zumaia Txapelketa [Bertsoa] / Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo
Bertsoa entzun |
2017-10-08 Zumaia Txapelketa [Bertsoa] / Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo
Stanza name:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
M. Artetxe:
Maindireetan perfekzioa
ispiluetan dizdira
denak egoki egon behar du
lanpara ederren argira
gero milesker xume triste bat
helduko balitz sikira!
Ile txiki bat aurkituz gero
ederki kexatzen dira.
N. Gabilondo:
Nagusiak maiz esaten digu
ez garela portatzen fin
gelarik gela minutu orori
ateraz mila etekin
guztia ezin egin ta hautatzen
beharko genuke jakin
kuadroei hautsak ondo astindu
edo ta oheak egin.
M. Artetxe:
Egunez egun aurkitu behar
zalantzari erantzuna
soldatak baino handiagoa
dugu erantzukizuna
gu biontzako matematikak
krudelak dira laguna:
hamar minutu gela bakoitza
ta hamar euro eguna.
N. Gabilondo:
Ile ta zimur guztiak ondo
uzteko zenbat apuru
“azkar ta ondo egin zazue!”
jarri digute helburu
hamar minutuz ahal bezain ondo
dena txukun uzten dugu
beren etxeko logelak baino
askoz hobeto seguru.
M. Artetxe:
Besteen poza bilakatzen da
gu biontzako desgrazi
egoeari buelta ematen
oraindik ez dut ikasi
Artrosian ta lunbareetan
hobe ez pentsatu kasi
hotelekoak bukatzen dira
eta etxekoak hasi.
N. Gabilondo:
Artrosia ta gerriko mina
ez dira xamurrak klaro
baina honetan ditugu jada
urte gehiegi igaro
etxeko lana ez da hobea
hori oso argi dago
hemen gutxitxo kobratzen degu
ta han askoz gutxiago.