Bertsos - View details   To know more about this section

2019-09-27 Eibar Berezia [Bertsoa] / Beñat Gaztelumendi, Manu Goiogana

Bertsoa entzun  

General information

Kategoria
Bat-batekoa
Performance
2019-09-27 Eibar Berezia
Conductor
Berriozabal, Maite
Bertsolaris / Authors
Gaztelumendi, Beñat
Goiogana, Manu
Exercise
Binaka gaia-emanda
Proposed topic
Aita-semeak zarete, Beñat aita eta Manu semea. Apustuekin nahi baino harreman eskasagoa garatu zenuen Beñat: bateko frontoiak, besteko joko-makinak... Eta gaitza izan zen, baina irten zinen hartatik. Ez orduan ere etxeko giroa nahastu barik, ez Manu eta inguruak arazo horren ezagun izan gabe. Pasatu dira urte batzuk harrezkero, eta gaur kalean zoazela, Eibarko apustu etxe bateko atetik Manu ikusi duzu irteten. Eta barruak estutu zaizkizu.

Description

Melody
Ez hormigoizko lur zatituak
Stanza name
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
10

Localization

Localization
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Collection / Fond / Project
Bapatean Bilduma

2019-09-27 Eibar Berezia [Bertsoa] / Beñat Gaztelumendi, Manu Goiogana

Stanza name:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Localization:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


B. Gaztelumendi
Jokua gure bizitzan ez da
horren kalterako berez
halere Manu hortik irteten
zer ari zera? Mesedez!
Zuk badakizu nola aspaldi
ibili nintzen aldrebes.
Zuk nere antza izan ezazu
baina hainbeste ere ez. (bis)

M. Goiogana
Deskubrimendu ederra izan da
aita maite Kirolbeta
eta ez dakit zergatik zauden
hain triste ta hain erreta.
Bada denbora tiket bat nula
nere sakelean gordeta
baina zergatik zaude haserre
irabazi egin dut eta? (bis)

B. Gaztelumendi
Esan nahi dezu, beraz, zurekin
harro egon naitekeela
asmatu dezu ta Errealak
irabaziko zuela.
Kirolbeteko makina horrek
beteagatik sakela
ez al dakizu txapon guztiek
bi aurpegi dauzkatela? (bis)

M. Goiogana
Nik bat ikusten ta ezin nion
tentazioari eutsi
apustutxo bat egina baitut
ta ezin bazterrean utzi
nahiz ta aita zuk meritua izan
ta nere ustez ez gutxi
utzi zenuen baina ez zenigun
nola utzi erakutsi. (bis)

B. Gaztelumendi
Lasaitu zaitez nere barruan
badaukat nahiko metraila
jokalariak lehendabiziko
irabazten du medaila.
Nahiz ta haseran ikusten diren
distira ta abantaila
sartzea beti degu errexa
ateratzea da zaila. (bis)

M. Goiogana
Ba irtetean ni sentitu naiz
Debabarreneko errege
euro bat jarri eta sei euro
egin ditudanez nere.
Eta aukera gehiegi daude:
Retabet edo Codere.
Hemen apustua egiten da
batek hala nahi gabe ere. (bis)

B. Gaztelumendi
Baina hala’re makina horrek
zu zaitzake menderatu
lehendabiziko txanponak bota
ta gero nola geratu?
Ze terapia, ze psikologo
ezin nuen aukeratu
ateratzea lortu nuen bai
baina ez nintzen sendatu. (bis)

M. Goiogana
Itxura denez ludopatia
kronikoa omen delako
baina zu lasai nik aita gauzak
ez ditut egin hain txarto
lehendabizikoz joan naiz eta
zuk egin didazu planto
lasai nere hitza duzu aita
ez naiz berriz aterako. (bis)

B. Gaztelumendi
Beraz lehenengo aldiz bizitzan
egingo didazu kasu
gaztea izan baino heltzeko
pinta Manu badaukazu.
Ja hogeita bi urte izanik
zure nagusi zera zu
eta nigatik ez zazu egin
zugatik egin ezazu. (bis)

M. Goiogana
Beraz nigatik egin behar nuke
kontrakorik ez espero
berriro ere ez naiz izango
apustu etxeen bezero.
Baina noizbaiten sartu ezkero
hilabete barru edo
kontuak eskatzen hasi zaitez
urtebete eta gero. (bis)