Bertsos - View details To know more about this section
2022-03-05 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Saioa Alkaiza
Bertsoa entzun |
2022-03-05 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Saioa Alkaiza
Stanza name:
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Kuadroak paretean
daude dindilizka
berdea ta urdina
horia, gorrixka.
Ta amak iltzatuta
du haiengan bista
eta haren barnean
gorderik artista.
Zeren ama ilusioz
etorri da hona
dio erakusketa
dugula kristona.
Balioetsia litzake
zenbat txalo tona?
Gure ama izanen
balitza gizona.
Baina ez da ta egon da
hura ezkutuan
gure etxean pintatzen
talante mutuan
saririk ez du izan
sekula gertuan
bera sortzaile zela
ezin ulertuan.
Ta orain irribarre bat
dauka ezpainetan
eskertuta baitago
lehengo mihisetan
baina justiziaren bat
genuke gaur bertan
gure ama balego
hemen kuadroetan.
Hala´re positiba
da emakumea
ta dio bera dela
txikia, xumea
ta pozten da gozatuz
egitan unea
neskek hartu baitute
gaur erdigunea.
Ta nik besotik heldu
ta “Guazen etxera
tabernaren batean
goxo afaltzera”.
Pozez saltoka doa
plazaraino bera
ume txikiak plazan
dabiltzan antzera.
Eta izenburua
ekarriz bertara
lehengoen oroitza gaur
gure begitara
lehen bazinen, bagina
edota bagara
mundua aldatu da?
Igual, beharbada.
Monografikoaren bat
ez delako izan
eta ama pozik joan
da lehengo baldintzan
argi izpi bat jarri
dugu haren grisan.
Ea errepikatzen den
sortzaileen bizitzan.
*Tarterik utzi gabe kantatu ditu bertso guztiak; aurrekoa bukatu orduko hasiz hurrengoa.