Bertsos - View details To know more about this section
2025-07-11 Baiona Jaialdia [Bertsoa] / Haira Aizpurua Ibargarai, Patxi Iriart
2025-07-11 Baiona Jaialdia [Bertsoa] / Haira Aizpurua Ibargarai, Patxi Iriart
Stanza name:
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
P. Iriart
EEPn piztu dena borroka zorrotza
gure agintariei ahalge ta lotsa
bide makurran goaz ez da bate ontsa
hustu zaie gorputza ta hustu bihotza
inspiratzen didan lehen gauza: heriotza. (bis)
H. Aizpurua
Ez inspiratzea dut orduan nahiago
hola ezin baitugu segitu gehiago
negoziaketetan aritu luzaro
orain trufaz dabiltza hori argi dago
baina irri egina ziguten lehenago. (bis)
P. Iriart
Euskara bizi dugu gugan barna sakon
euskara da plazera, euskara zorion
baina egoera honek a ze ezinegon
eta EEPkoek ezta’re jaramon
ta Maider Behotegi da Lasserren peon. (bis)
H. Aizpurua
Ta konfiantza gutti dugu hurrengoan
Lasserrek Behotegi darama ondoan.
Nahiz eta helburua badugun gogoan
guk zer ematen dugu horretan jokoan?
Elkarretaratzera ni ez nintzen joan. (bis)
P. Iriart
Elkarretaratzea da lehen defentsa
gure egoera da eskasa ta mentsa
zilotik jalgitzea ez da hain erretxa
eta Behotegiri buruz ai zer pentsa?
Ardi larruz beztirik dugu otso beltza! (bis)
H. Aizpurua
Otsokeritan dabil behar dugu jakin
nahiz ta bere korbata jantzi ohi duen fin
bagabiltza borrokan hainbeste ahalegin
gizarte honen menpe eta beti berdin…
Dirulaguntzik gabe ezin da deus egin. (bis)
P. Iriart
Ustez euskara dela herrian seguru
Hegoaldean ta hemen bagira bi mundu
gu beheitika bagoaz segunduz segundu
euskaraz bizitzea nahiz izan helburu
eskubidea dela ere ahantzia dugu. (bis)
H. Aizpurua
Eskuinak jartzen ditu hain errez harriak
ta sortu egoera biziki larriak
nahiz eta oihukatu gure aldarriak
etorriko direla ditut igerriak
pegatinez jantzita aldarri berriak. (bis)
