Bertsos - View details To know more about this section
1997-10-25 Ondarroa Txapelketa [Bertsoa] / Jexus Arzallus, Jose Ramon Elortza
1997-10-25 Ondarroa Txapelketa [Bertsoa] / Jexus Arzallus, Jose Ramon Elortza
Stanza name:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
J.R.Elortza
Bere zutabe horiek diote
baserria zein zaharra den,
bostehun urte pasa ta gero
pipiak jota hor-hemen;
erabaki bat hartu beharra
daukagu beraz lehenbailehen;
hori berritu nahi nuke, aizu,
behera erori baino lehen. (bis)
Arzallus
Bakoitzak bere asmoak hemen
behar baititu agertu,
behien kakatik urrundutzeko
orain zaude oso gertu;
zer egin leiken bakoitzak berak
nola behar dun neurtu,
monumentu bat agroturismo
ezin liteke bihurtu. (bis)
J.R.Elortza
Zure arrazoi hori nik ez det
behar dan bezela jaten,
monumentua polita dela
hor ari zera esaten,
bainan berritzen hasi behar naiz
gogo onetik bat-baten;
horrek polita izanagatik
dirurik ez du ematen. (bis)
Arzallus
Dirurik ez ta, etxe zaharrari
egin nahi dio adio!
Baina inbidiak bizitza hontan
denerako ez du balio;
etorkizuna aztertu zazu
orain serio-serio,
eta zerorri jarriko zaitut
etxe hortan funtzionario. (bis)
J.R.Elortza
Behiekin jai dut, txekorrak berdin,
nago erabat etsita,
ta aldatzea komeni zaigu,
hala nago iritzita.
Nere baserri hori nahiz izan
bikaina eta polita,
Europan ezin gintezke sartu
iraganean bizita. (bis)
Arzallus
Baina Europa ere guretzat
ez da inola mundua,
aztertu zazu zeure bidea
ta bizitzeko ordua;
lasai-lasai hor pasa dezazun
udara eta negua,
Guggenheim bezin beharrezko da
izanaren testigua. (bis)