Bertsos - View details To know more about this section
2010-08-13 Aduna Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Miren Amuriza
Bertsoa entzun |
2010-08-13 Aduna Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Miren Amuriza
Stanza name:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
M. Amuriza: Berri hauekin munduak nola
ez du egiten dardara?
Kasu batzutan zentzua ere
galdu ote dugu jada?
Emakume bat lurperatuta
zigortua baldin bada
hura harrikatu gura duenak
merezi du harrikada.
U. Alberdi: Bera ezkonduta zegoen baina
etxetik kanpo maitea
eta itxuraz da heriotza
merezi duen kaltea.
Mundua hankaz gora jarri da
zer nahi duzu esatea?
Hiltzaile batek epaituko du
bere infidelitatea.
M. Amuriza: Albistegian hori entzunda
harritzen gara zeharo
baina ezin dugu inola ere
muga hemendik igaro
ta Irakeko kode penala
guztiz okerra badago
amak ez dauka batere errurik
ta semeak gutxiago.
U. Alberdi: Estali nahian seme-alaben
begiak ta belarria
nola onartu behar dugu guk
hain egoera larria?
Nik aspaldiko esaera bat
dut honantza ekarria:
pekatutikan salbu dagonak
jaurti lehenengo harria.
M. Amuriza: Baina eskua ezkutatzen da
harria bota ondoren
eta kanpora begiratzea
gustatzen zaigu bederen
baina auzoan erreparatu
eta hara nola gauden!
Hemen berdinak gertatzen dira
harririk bota ez arren.
U. Alberdi: Arrazoi duzu ta lasaitasun
izpirikan ez dut bat’e
emakumeek jasaten dute
eta hamaika atake
eta begiak ixten ditugu
gu guziontzako kalte.
Ekin lanari han eta hemen
matxismoa amaitu arte!