Biographies - View details To know more about this section
Juan Frantzisko Petriarena "Xenpelar"
Personal details
Bertsolarism
- Main specialization
- Bertsolaria
- Specializations
-
Bertso-jartzailea
Biographical details
- Biography
- "Zalantzak daude, Xenpelar Oiartzunen edo Errenterian jaioa ote den. Oiartzunen bataiatu zuten baina Errenterian bizi izan zen, errenteriartzat jotzen zuten bere garaikoek; hil ere, Errenterian hil zen. Xenpelar izengoitia nondik datorkion jakiteko, berriz, XVIII. mendearen bukaera eta XIX.aren hasierara jo behar dugu: garai horretako gerrateek udalak oso zorpetuta utzi zituzten eta beharrak eraman zituen udal ondasunak, basoak batez ere, saltzera. Errenteriako Udalarena zen Senperelarre edo Senperenlarre saldu zutenetako bat zen. Erostuna: sortzez Sunbilakoa, baina Oiartzunen bizi zen Juan Kruz Petriarena, Xenpelarren aitona.
Bost anai-arreben artean hirugarrena zen Xenpelar. Senperelarre ez zen baserri aberatsa: sagasti politak bazituen, baina hainbeste laguni jaten emateko adina lur ez. "Xenpelar" Egurrola baserrira bidali zuten, osaba-izebengana, eta mandazainak zirenez, zeregin horretan ez ezik oteketan ere lagundu behar izan zuen, Senpelarrera bueltatu zen arte. Handik gutxira ere, industrializazio garaietan, baserria utzi eta ogibidea irabaztera jo bide zuten hiribildura eta Madalen kalean jarri bizitzen ama, Jose Mari, Mª Luisa senideak, eta Xenpelar bera. Etxe horretara ezkonduko zen Xenpelar 1859ko abenduaren 22an Maria Josefa Retegi Mitxelenarekin, eta bertan izango hiru alabak.
Xenpelarri egokitu zitzaion gure gizartearen eraldaketa sakonenetakoa bere hezur-haragietan bizi izatea: baserri girotik industrializaziorako jauzia. Alde horretatik ere, Xenpelar bi munduren arteko zubia eta batura dugu. Xenpelarrek eta arreba Maria Luisak liho fabrikan egiten zuten lan.
1869an baztanga zabaldu zen Errenterian eta Xenpelarren etxeraino ere iritsi zen. Lehenik emaztea eraman zuen, Maria Josefa, 1869ko urriaren 25ean, 35 urteak bete berriak zituela. Bertsolaria ere ez zen izurriaz libratu. Arreba Maria Luisa lau urteko alabatxo Joxepa Antoni senarrarekin utzi eta anaia eta ilobatxoak zaintzera joan zen, bere bizia eta sabelean zeramanarena arrisku gorrian jarrita. Xenpelar 1869ko abenduaren 8an hil zen, 35 urte bete gabe, eta egun berean jaio Daniela, Maria Luisaren alabatxoa. Egun gutxi egin zituzten bizirik ama-alabek: Daniela abenduaren 17an hil zen, eta Maria Luisa 18an; biak baztangaz. Harrigarria da egoera hartan Xenpelarren hiru alabatxoak ez hiltzea. Aita Zavalak jaso duenez, 1869ko urriaren 10etik 1870eko urtarrilaren 17ra baztangak 29 lagun eraman zituen Errenterian."
--Familia bertsolaria--
"Xenpelarrek berezkoa zuen bertsozaletasuna eta mutil koskorretatik hasi zen erakusten hartarako trebetasuna. Umetan oteketan ari zela makina bat bertso kantatuak zituen. Familian ere bazegoen bertsolaririk. Gertuenak, arreba Maria Luisa eta alaba Joxepa Antoni. Gehiago ere bai: Juana Joxepa Bengoetxea Oiartzabal Andre handia errenteriarra (1861-11-22/1943-09-06), Jose Frantzisko Petriarena Retegi, Xenpelarren ilobarekin ezkondua, bertsotan aritzen zen. Xenpelarren garaikide Jose Antonio Bengoetxea Lekuona Ardotx bertsolari oiartzuarra (1826-1878) ere osaba zuela dioenik bada."
Iturria: PEREZ, Elixabete. Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar 1835-1869. Bidegileak bilduma, 2011. http://euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/61%20XENPELAR.pdf ]
---
Xenpelarren garaira arte bertsolaritza bat-batekotasunarekin, plaza eta sagardotegiarekin lotuta dago. Eta Xenpelarrek ere giro hori bizi du: plazako bertsolarien arteko lehia, desafioa, herrietako jaietako ospakizunak... Horrela aritzeko belarria eta eztarria gutxienez beharko; eta besterik ere bai: entzuleekin bat egiteko bizitasuna, buru-argitasuna, umorea... Xenpelarrek hori ez ezik beste gaitasun bat ere bazuen: musika, doinuak asmatzekoa. Hitzen eta doinuen berrikuntza beregan batu zituen. Horren lekukoa badugu. Xenpelar gaztea zela, norbaitek (Bilintx? Iparragirre?) erronka jo omen zion Xenpelarri ez zela gauza musika sortzeko. Xenpelarrek, berriz, bertsotan erantzun, eta berak asmatutako doinua erabilita. Orduz gero, doinu horri «Iparragirreren doinua» esaten zaio eta oso ezaguna da euskal herri guztietan. Beharrik, Makazagak partitura jaso zuen.
Baina Xenpelarren bizialdian bertsoak hedatzeko beste bide bat irabaziko du, ahozkoaren ondoan: idatziarena, hain zuzen ere. Lehen Karlistalditik hasi (1833) eta 1936ko gerratea arte bertso-paperen nagusigoa da, eta horretan ere Xenpelarren izena gailentzen da. Bide honetaz barra-barra baliatzen den lehen bertsolaria da. «Bertso berriyak, Xenpelarrek jarriyak» esamoldea finkatuta geratu da gerora; hain uztartuta agertzen dira bertso idatziak eta bertsolari errenteriarra. Paradoxa dirudi seguru aski idazten jakingo ez zuen pertsona aitortzea bertso-paperen, bertso idatzien ordezkari nagusia.
Iturria: Bertsozale Elkartea. Haitzondo egitasmoa.